"Aurreko jokoa egiten saiatuko naiz finalean"

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 4a, 19:58

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan finala jokatuko du Miren Larrartek (Bidania-Goiatz, 2002). Pilota mistoarekin jokatzen ari da, lau eta erdian. Abenduaren 15ean izango da finala, Barakaldon, Miriam Arrillagaren aurka. Bi pilotariak Su-Berri elkartekoak dira.

Zer suposatzen du finalera iristeak?

Poza handia ematen dit. Orain arte ez naiz behin ere iritsi Emakume Master Cup txapelketako final batera, eta oso gustura nago lorpenarengatik.

Finalerdian 13-18 irabazi zenion Laia Salsamendiri. Nola izan zen partida?

Nahiko parean hasi genuen partida. Gero aurreratu egin nintzaion nahiko aldearekin. Erdialdetik aurrera, baina, bera hasi zen edozein lekutatik botatzen eta askotan asmatu egiten zuen, eta partidan nahiko deseroso sentitu nintzen, egia esan. Baina eutsi egin nion, eta indarra ere gehiago dut, bera nahiko gaztea baita, eta nik uste dut horregatik irabazi nuela.

Finalean Arrillaga izango duzu aurkari, ondo ezagutzen duzun pilotaria.

Bai, ezagutzen dugu elkar. Nahiko aurkari gogorra ikusten dut. Azken bolada honetan oso indartsu dabil, sakea oso ona dauka eta nahiko lan izango dut irabazteko.

Berarekin entrenatuko duzu?

Normalean batera entrenatzen dugu, baina orain eskuak zaindu nahi ditut, eta ez dut gehiegi entrenatuko eskuak ondo izan arte.

Ze joko mota erabiliko duzu finalerako?

Nire jokoa normalean aurkariari ezkerrera botatzea da eta aukera ikusten dudanean bukatzea edo behintzat pilota mugitzea da. Badakit Miriam ni atzean edukitzen saiatuko dela, bere indargunea indarra eta baztertzea delako. Ni aurreko jokoa egiten saiatuko naiz.

Lehenengo aldiz ari zarete txapelketa hau pilota mistoarekin jokatzen.

Nik uste dut aurrerantzean ere pilota mistoaren modalitateak jarraituko duela. Finalerdietan goxoarekin oso joko polita ikusi genuen, baina egia da pilota mistoarekin beste hots bat sortzen dela, beste itxura bat du.

Nola ikusten ari zara txapelketaren giroa?

Finalerdietan jende dezente zegoen, eta oso giro polita izan zen. Barakaldoko finalean ere jendea izango da. Aurreko urteetan joan izan naiz binakakoak-eta ikustera eta frontoia jendez beteta zegoen.

Txapelketa honetaz gain, beste lehiaketaren batean ari zara?

Ostiral goizean Uharteko txapelketako finala jokatuko dut Leire Garairen aurka, lau eta erdian, eta pilota mistoarekin. Gero, aurrerago, Gipuzkoako Binakako Txapelketaren txanda izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!