Miren Larrarte finalera iritsi da, lau eta erdiko txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 2a, 19:59

Lehen mailako finalak erabakita geratu dira Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan. Pilota mixtoarekin, Larrarte bidaniarrak Miriam Arrillaga aginarraren aurka jokatuko du abenduaren 15ean, Barakaldon.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup-en, aurten berrikuntza nagusia den pilota mixtoko txapelketan, gipuzkoarren eta klub berean aritzen diren bi pilotarien artean jokatuko da finala Barakaldon, hilaren 15ean. Finalerdiak Galdakaon jokatu dira, eta lehen mailako bi finalak erabakita daude; pilota mixtoarekin eta pilota goxoarekin. 
 

Finalerdietako partiden kronika

 

Leire Garai (Gasteiz) 5

Miriam Arrillaga (Aginaga) 18

 

Miriam Arrillagak uste baino errazago gainditu du Leire Garai arabarra, 5-18, historia gutxiko partidan. Sakea izan du aginagarrak bere armarik eraginkorrenetako bat. Epailearen txapak lehen sakea eman dio gipuzkoarrari eta, normalean atzelari bezala jokatzen duen arren, bikain asmatu du lehen pilotakadarekin. 5-0ekoan hiru egina zituen sakearekin Arrillagak eta partida amaierarako 8 ere egin ditu. Kolpean ere alde nabarmena egon da, Leire Garaik ez du partida aurrean nahasten asmatu eta azkar xamar ihes egin dio eskuetatik, 11-0 aurreratu da aurrelari urdina eta saiatu den arren, arabarrak apenas jarri ahal izan dio oztoporik finalerako bidean.

 

Laia Salsamendi (Uharte) 13

Miren Larrarte (Bidania) 18

 

Bigarren finalerdia oso bestelakoa izan da, askoz orekatuagoa eta azkenerako esperientziak eman dio finalerako txartela Miren Larrarte bidaniarrari (13-18). Bi ezusteko handi emanda, 13 urteko uhartearra izan da, ezbairik gabe, txapelketako ezustekorik handiena eta gaur ere gertu izan du garaipena, etorkizun oparoa duela berretsiz. Postura guztiak dominatzen ditu nafarrak, angeluak bilatzen eta tantoa amaitzen bikain daki eta hasieran ihes egin dio partidak. Izan ere, urduritasunak erasotuta edo, alde nabarmena lortu du Larrartek lehen txanpa horretan, 4-11 ere aurreratu da eta bere izaera lehiakorra erakutsi du uneoro. Markagailuak arriskuak hartzera behartu du Salsamendi eta hortxe eman du bere onena, hiru tantora ere gerturatzea lortuz, 13-16. Dena dela, azkenerako 8 pilota ere galdu ditu eta hortxe joan zaizkio Salsamendiri finalerako aukerak.

Pilota goxoarekin

Bi bizkaitarren arteko finala jokatuko da Barakaldon pilota goxoarekin. Patri Espinar eta Leire Etxaniz ariko dira txapelaren lehian, lehen mailan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!