Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

«Ea udaletxeko eraikina eraberritzen dugun»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 25a, 19:58

Agurtzane Zelaia da Bidania-Goiazko EH Bilduko alkatea. Aurretik zinegotzi izateak lagundu dio udalaren funtzionamenduaren berri izaten, eta eta herritarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko lanean jarraituko duela dio.

 

Aste gutxi dira alkate postuan zaudela. Zer moduz?

Hasten ari naiz, eta oraindik ere lurreratzen, baina ari naiz. Taldeak laguntzen du, baita aurretik ezagutzeak ere. Zerotik ez hasteak laguntzen du.

Nolakoa da Bidania-Goiazko alkatea izatea?

Baditu bere ardurak, baina baita une politak ere. Denbora gutxi daramat eta oraingoz libre antzean uzten naute, hala ere, esaten didate gehiago etorriko zaizkidala gainera.

Zinegotzien artean lan ardurak banatu dituzue?

Bai. Zinegotzien artean banatu ditugu. Festa batzorde bat dugu, eta beraiek arduratzen dira guztiaz; eta kulturarako ere herritar talde batekin antolatzen gara elkarlanean.

Zer proiektu edo gairekin ari zarete orain lanean?

Udaletxea berritzeko asmoarekin daramatzagu urte asko. Teilatua egin genuen, eta orain beste fase bati hasiera emateko eskaintzekin-eta lanean ari gara. Igogailua jarri, komunak...

Egokitzeko beharra du?

Bai. Taberna udaletxearena da, eta eraikin bera da. Komunak goiko pisuan ditu eta behean jarri behar ditugu. Horrekin hasiko gara oraingoz. Jende asko pasatzen da udaletxetik, eta ez dugu igogailurik ere.

Lau urteei begira zer egin nahiko zenukete?

Lehenik eta behin behintzat lehengoa mantendu. Gizarte zerbitzuetan buru-belarri sartuta nago herritarren bizitza kalitatea hobetzeko. Aurretik esan dudan moduan, ea udaletxearen eraikuntza osoa eraberritzen dugun. Bestetik, gazte dezente dago, eta etxebizitzaren gaiari heldu nahian gabiltza. Gauzak begiratzen hasi gara, eta hurrengo lau urteetarako erronkak horiek izango ditugu.

Bada etxebizitzen eskaerarik?

Inkesta batzuk egin dira, eta egia da hotzean jendeari kosta egiten zaiola baietz esatea. Lanketa bat egiteko asmoa dugu, jendeari aurkeztu baino lehen guk zein aukera dauden ikusteko. Udaletxeak ez du bere jabetzako lurrik eta, beraz, ez da erraza.

Ekonomikoki zein egoeratan dago udala?

Ez gaude oso ondo, baina aurreko urteetan diru poltsa bat egiten joan gara proiektuekin hasi ahal izateko. Eskatzera joatea ez da erraza izaten, eta horregatik, zati bat gorde dugu.

Herri bizia da?

Bai. Bizi-bizi dago. Eskola bertan dago, guraso elkartea eta familia asko daude elkartzen direnak. Parte hartzerik gabe gauza asko ezin dira egin, eta erantzuten dutelako antolatzen dira hainbeste ekitaldi. Parte hartzen jarraitzeko eskatuko nieke, eta batez ere, 40-60 urte artekoei; herriko erabakietan ere parte hartzeko. Ez dut uste gu bakarrik inor garenik gauzak egiteko. Herri polit batean bizi gara, eta ea beraien laguntzarekin eta babesarekin, denon artean aurrera egiten dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!