Hasiera emateko, Zabale eta Larrañaga eta Tio Teronen semeak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 18a, 19:59

XXX. Kultur Astea antolatu dute Bidania-Goiatzen, herritar guztientzako moduko ekitaldiekin.

Bidania-Goiatzen ikasturtea indartsu hasiko dute XXX. Kultur Astearekin. «Jende askok parte hartzen duenaren seinale da kultur astea 30 urtera iritsi izana», dio Agurtzane Zelaia alkateak.

Kultura batzordea uztailean hasi zen lanean guztia antolatzeko. Herri dantzaritzat du alkateak Bidania-Goiatz: «Zerbait ezberdinarekin eman nahi genion hasiera, eta erromeria txiki bat jarri dugu». Ondoren, tradizio duten moduan, bakoitzak bere jatekoa eramango du eta guztien artean dastatuko dituzte. Edatekoa udalak jarriko du.

Tio Teronen semeak taldeko dantzariek hartuko dute frontoia hurrengo egunean, eta bati baino gehiagori aterako diete irribarrea, asteburua zapore gozoz amaitzeko.

Ostegunean, hilaren 26an, haurrak eta helduak elkartuko dituzte, eguneko zentroan. «Urteak daramatzagu egiten, eta garrantzia handia ematen diogu. Asko eskertzen dute haurrek, gurasoek eta baita adinekoak ere», dio Zelaiak. Eskulanak egingo dituzte denen artean, eta txokolate bero bat hartuz amaituko dute bisita. Hilaren 28an X-en bila mendi buelta izango da herritar guztiei zuzendua. Sorpresaz beteriko ibilbidea izango da.

Hilak 29 egun handia izango da. Goiatzen egingo dute azoka 11:00etatik 14:00etara, eta era guztietako postuak jarriko dituzte. Batzuk herritarrenak izango dira, eta beste hainbat kanpotik etorritakoak. Jateko eta edateko ere aukera zabala eskainiko da.

ANTZINAKO LANABESAK

Azoka Egunean antzinako lanabes eta tresnen erakusketa bat prestatu nahi dute, eta horretarako herritarrei laguntza eskatu diete. Herritarren batek garai batean erabiltzen ziren edozein lanabes, tresneri, oihal, ontzi eta abar eskuragarri jartzeko moduan badu, udaletxean jakinarazi beharko du. Beti ere, erakusketan parte hartu nahi bada. Ostiralean amaituko da izena ematea, eta bilketaz udala bera arduratuko dela jakinarazi dute. 

XXX. KULTUR ASTEA

Irailak 21, larunbata

18:00.Bidaniko zimiterioan Zabale eta Larrañaga trikitilariak. Ondoren.Pintxoak. Jatekoa norberak eraman eta denen artean banatzea da asmoa.

Irailak 22, igandea

18:30.Bidaniko frontoian, Festamentuaikuskizuna eskainiko dute Tio Teronen semeak dantza taldeko kideek.

Irailak 26, osteguna

Arratsaldean.Eskolako neska-mutilek bisita egingo dute eguneko zentrora, eta elkarrekin eskulanak egingo dituzte. Ondoren. Txokolate jatea izango da.

Irailak 28, larunbata

15:30.Bidaniko frontoian, X-en bila mendi buelta, herritar guztientzat. Ondoren.Txokolate jatea.

Irailak 29, igandea

11:00-14:00.Azoka. Hainbat produkturen erakusketa eta salmenta, trikitilariak, talogileak, sardinak, sagardoa eta txakolina. Horrez gain, garai bateko tresnen eta Saiaz Mankomunitatearen 25. urteurrenaren erakusketak izango dira ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!