San Bartolome osteko eguna, festen azkena dute Bidanian. Hala ere, azken unera arte indarrak gordeta izan dituzte, kirolez betetako arratsaldea eskaini baitute.
Lehenik, Albiztur eta Bidaniaren arteko desafioa jokatu dute. Hiru ziren egin beharreko lanak: ergometroa kilometro bat, gurpila arrastan eramatea bi plaza, eta korrika frontoi inguruan bi buelta. Kirol bakoitza behin egin ondoren, bigarren buelta egin dute kirol berberekin, baina lanak aldatu dituzte: ergometroan 800 metro egin dituzte, gurpilarekin plaza bat, eta korrika hiru buelta. Albizturtik Iñaki Orbegozo, Xabier Urkizu eta Unai Dorronsoro aritu dira, eta Bidanitik Oinatz Aburuza, Gaizka Artola eta Josu Urdanpilleta. Lehia estua izan den arren, Bidaniako gazteek lortu dute garaipena.
Horren ostean, herriko gazteek herri kirol saioa eskaini dute, eta tartean, Irazu eta Arria V.a aizkolariek eta Goenatxo III.a eta Galarraga harri-jasotzaileek hartu dute parte. Azken hauek erakustaldia egin dute lehenik, eta Bidaniko gazteekin batera erreleboka aritu dira ondoren. Erreleboen aurretik, Aimar Galarragaren alaba Goiatzek ere erakustaldia eskaini du harria jasotzen.
Arratsaldea borobila izan dute, kirolez betea. Afalostean, Izer eta Alabier izango dituzte trikiti doinuak jotzen, eta datorren urtera arte agurtu beharko dituzte festak.