San Bartolome eguna asteburuan tokatzeaz gain, eguraldia ere lagun izan dute Bidanian. Eguzki izpiek geldi zegoenari ere izerdia mugitu badiote, zer esanik ez herriko dantzariei, ordubeteko emanaldia eskaini baitute herriko plazan, eguerdi bete-betean.
Txiki-txikitatik hasi eta helduetaraino, talde ezberdinek hartu dute parte mezaren osteko eta hamaiketakoaren aurreko tartean. Dantza ezberdinak egin dituzte, eta azken dantza, plaza osoa hartuta, talde guztiek elkarrekin egin dute. Bero egiten zuen, eta bai begira egon direnek eta zer esanik ez dantzan saioa egin dutenek, ederki irabazi dute gaurkoan bazkaria.
Patroiaren eguna ospatzen jarraituko dute arratsaldean ere Bidanian. Mus txapelketa izango dute 16:00etan, frontoian, eta sagardo dastaketarekin emango diote jarraipena. Hemen ikus daiteke egitaraua.