Bidaniko jaiak 2019

"Gazteak izan arren antolatzaileak, festak guztientzat dira"

Irati Urdalleta 2019ko abu. 21a, 11:00

Desafioek garrantzi handia hartu dute Bidanian. Aurten, Albizturri bota diote erronka. Ibarrako emakumeak idien kontra ere ariko dira. Baina parrandarik ere ez da faltako.

Herri txiki bateko festak antolatzea ez da erraza eta guztiek ondo pasa dezaten lanean aritzen dira festa batzordeko kideak. Horietako bat da Aiora Aburuza. Behin egitaraua prestatuta jendea animatu nahiko luke Bidanira hurbiltzeko, "gustura hartuko dituztelako" eta "herritarrentzat egiten diren festak izan arren, kanpotik etortzen direnek ere ondo pasatzen dutelako".

Nolakoa izaten da Bidaniko festen antolaketa?

Luzea. Uda pasa eta parranda pixka bat egin ondoren hasten gara antolakuntzan. Urrian, balorazioa egiteko elkartzen gara lehenengo aldiz. Orduan ikusten dugu zein akats egin diren aurreko festetan, eta hurrengo urtera begira, jendeari deika hasten gara. Lanak ere orduan banatzen ditugu: gaueko musika, sagardoaren kontua, edariak... Ardura horiek hurrengo bilerarako lotuta utzi nahi izaten ditugu. San Andresetan aurreko urtean sobratutako diruarekin afari bat egiten dugu eta horren ondoren, bilerekin hasten gara. Izan ere, kontuan hartu behar da abuztuan leku askotan direla festak, eta aurretik mugitu behar izaten dugu.

Festa batzordeko kide izanda, nola bizitzen dira festak?

Lehenengo egunean gozatzen dugu. Orduan, poteoa egiten dugu. Lehen, goizetik hasten ginen, baina herri afarira ez ginen txukunak iristen eta orain arratsaldetik hasten gara. Lehenengo egun hori guretzat izaten da, batez ere. Lasai ibiltzen gara, antolatu beharreko gauza asko gabe. Hurrengo eguna, berriz, gogorra izaten da, goiz jaiki eta gauzak antolatzen hasi behar dugulako. Gainera, familiarekin ere konplitu behar izaten da. Gozatzen den pixka hori gauez egiten dugu, baina egunekoa gogorra egiten da.

Aurtengo festetan, zein ekitaldi da azpimarragarriena?

Duela pare bat urte hasi ginen desafioekin eta aurten albizturtarrei bota diegu erronka. Proba desberdinak egin beharko dira frontoian: ergometroa, korrika... Ohorea jokatzen da, baina pikea egongo da.

Bestalde, aurreko urteetan, frontenis txapelketa egin izan dugu eta aurten Frontoi Txikiko Esku Pilota Txapelketa jokatuko dugu. Mistoa izango da eta neskek alde batetik eta mutilek bestetik ariko gara.

Horiez gain, edozein gonbidatuko nuke gauetan egiten den zahagi ardora ere, mundiala izaten delako. Herri guztia bertan elkartzen da eta bakoitzak berea ekartzen du afaltzeko. Ardoaren aitzakian, frontoian afari ederra egiten da. Ondoren giza proba ere egiten da. Aurten, ez dira aterako Bidaniko mutilak, baina Ibarrako giza probako emakumeak idien aurka egingo dute apustua. Nahiko gogorra izango da, baina zerbait desberdina bezala hori jarri dugu.

Beraz, berritasun batzuk izango dituzue.

Bai. Pilotarena jarri dugu ekintza berri bezala eta horren finala ostiral arratsaldean jokatuko da. Idien eta Ibarrako emakumeen arteko proba, berriz, ostiral gauean izango da.

Adin eta gustu desberdinetako ekintzak antolatu dituzue.

Bai. Gazteak izan arren antolatzaileak, festak guztientzat dira. Dantzariak, trikiti jaialdiak... izaten dira helduentzat eta ume jolasak, pilota txapelketak, pilota eta futbol partidak... gazteagoentzat. Ekimen desberdinak egiten dira adinaren arabera. Ez da parranda bakarrik, ikusteko gauzak ere badaude. Beraz, jendea animatu dadila Bidanira etortzera.

EGITARAUA

ABUZTUAK 22, OSTEGUNA
15:00. Suziriak eta ezkilak.
Ondoren. Txikiteo herrikoia, trikitilariek alaiturik.
17:00. Ume jolasak.
20:00. Salbea.
21:00. Herri afaria frontoian, Unai Mendizabalek eta Oihana Iguaranek lagunduta.
Ondoren. Elizagoien ahizpak

ABUZTUAK 23, OSTIRALA
12:00. Bola eta toka txapelketa herrikoia (izen ematea 11:30etik 12:00etara) eta herriko gazteen futbol partida.
18:00. Frontoi txikiko I. binakako txapelketako finalak.
20:00. Zahagi ardoa frontoian. Ardoa, ura, ogia, intxaurrak, gazta eta irasagarra jarrita egongo dira.
22:30. Proba. Ibarrako emakumeak idi parearen aurka.
Ondoren. Iratzar taldea.

ABUZTUAK 24, LARUNBATA
11:30. Meza nagusia.
Ondoren. Herriko dantzariak eta helduentzako hamaiketakoa Kontsejun.
16:00. Mus txapelketa frontoian. Izen ematea 15:30etik 16:00etara.
19:00. Sagardo dastaketa.
22:30. Pilota partidak:
Exposito-Aizpuru/Elola-Elizegi.
Lau eta erdian: Unai Alberdi/Altuna.
Ondoren. Erromeria, Fan&GO taldearekin.

ABUZTUAK 25, IGANDEA
11:00. Meza nagusia
Ondoren. Herriko trikitilarien jaialdia  eta hamaiketakoa Saiaz Elkartean.
18:00. Desafioa Albizturko eta Bidaniko gazteen artean. 
Ondoren. Bidaniko gazteen herri kirol jaialdi mistoa.
Harri-jasotzaileak: Galarraga eta Goenatxo III.  Aizkolariak: Irazu eta Arria V.
22:30. Izer eta Alabier.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!