Goiazko jaiak 2019

Kirola eta musika uztartuz

Irati Urdalleta 2019ko abu. 13a, 11:00

Abuztuaren 14tik 18ra, bost eguneko festak dituzte aurretik goiaztarrek. Bigarren aldiz antolatu duten trikiti txapelketa eta Azpeitiko sokamutilen aurkako desafioa dira ekintzarik azpimarragarrienak.

Ama Birjin egunaren bueltarako antolatzen dituzte  jaiak Goiatzen, baina festa batzordeko kidea den Egoitz Aburuzak azaldu duenez, urte hasieratik hasten dira lanean. Hasieran, musika taldeak lotzen dituzte eta gero, herri afariarekin hasten dira. "Jada hartuta daukagu zein gauza egin behar ditugun hasieran".

Bigarren aldiz antolatu duten gazteen trikiti txapelketa da, Aburuzaren iritziz, ekintzarik azpimarragarriena. "Lehengo urtean, jende pila bat inguratu zen eta saltsa polita sortu zuen. Aurten ere hala izatea espero dugu", dio.

Urtero bezala, herri kirol desafioa ere egingo dute, igande arratsaldean. Oraingoan, Azpeitiko sokamutilen aurka egitea erabaki dute. "Gazteetan badaukagu mutil bat Azpeitian zezen munduan ibiltzen dena. Horregatik, sokamutilen artean kuadrilla bat animatu zaigu", azaldu du.

Berrikuntza bezala, mendi bizikleta ibilaldia antolatu dute lehenengo aldiz. 22 kilometro inguruko buelta bat izango da, eta amaitutakoan, salda eta haragi egosia egongo dira hamaiketakorako. 18 urtetik gorakoek libre daukate parte hartzea eta hortik beherakoek gurasoen baimena beharko dute.

Bost egunetan, adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatzen saiatzen dira. Horren adibide dira haur jolasak edo heldu eta gazteek parte hartzen duten mus txapelketa.

Aburuzak jendea animatu nahi izan du Goiatzera hurbiltzeko, eta festarako aukerarik, behintzat, ez zaie faltako.

EGITARAUA

ABUZTUAK 14, ASTEAZKENA
14:00. Jaien hasiera suziri eta ezkilekin.
17:00. Ume jolasak.
Ondoren. Txokolatea.
21:00. Herri afaria frontoian.
Ondoren. Itzeder eta Lidia trikitilariak.

ABUZTUAK 15, OSTEGUNA
11:15. Meza nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa helduentzat.
12:00. Herriko gazteen pala partida eta esku pilota partida:
Dorronsoro-Iraeta/Aranzadi-Tolosa.
18:00. Goiazko II. Trikiti Txapelketa.
22:00. Elizagoien ahizpen erromeria.

ABUZTUAK 16, OSTIRALA
21:00. Afaria frontoian, zahagi ardoarekin. Bakoitzak bere afaria eraman beharko du, eta antolatzaileek ardoa, ogia eta postrea jarriko dituzte.
Ondoren. Obaneuke taldearekin erromeria.

ABUZTUAK 17, LARUNBATA
09:30. Mendi bizikleta ibilaldia, Goiazko plazatik abiatuta.
Ondoren. Parte hartzaileentzat hamaiketakoa.
16:00. XVII. Mus Txapelketa. Izen ematea 15:30ean hasiko da.
19:00. Sagardo dastaketa. Pintxoak doan izango dira.
22:30. Esku Pilota Txapelketako finalak, bertsolariek alaituta.
Ondoren. Bide Batez taldea.

ABUZTUAK 18, IGANDEA
11:15. Meza nagusia.
Ondoren. Herriko dantzariak.
Jarraian. Poteo herrikoia.
19:00. Herri kirol desafioa: Goiazko gazteak Azpeitiko sokamutilen aurka. Txikia eta Larrañaga aizkoran; Goenatxo II eta Guzta harri-jasotzen; eta herriko gazteak trontzan, ingudean, korrika, lokotxetan eta txingetan.
22:00. Laja eta Narbaiza trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!