Gaur egun oraindik erakustaldiren bat edo beste egiten ibiltzen zara.
Berez nik aspaldi utzi nion harri-jasotzeak egiteari. 61 urte ditut orain eta 37 urte nituela utzi nion. Tarteka erakustaldi bat edo beste egiten dut, baina oso tarteka.
Noiz hasi zinen harriak jasotzen?
Plazan hemezortzi urterekin hasi nintzen. Apustu bat egin nuen 100 kiloko harri zaharrarekin. Gero jokatu nuen esku bakarrarekin, 20 urte nituela, Uretaren aurka. Nik esku barrarekin 100 kiloko zaharra eta hark bi eskurekin 125 kilokoa jaso zuen. Berak irabazi zuen, abantaila ere handia zen eta.
Eta nola murgildu zinen mundu horretan?
Mutil koskorra nintzenean harri kaskar bat edo beste jasotzen nuen, mojoi zaharren bat, eta zakuak altxatzen ere bai. Gero 100 kiloa jasotzen hasi, eta horrela. Gu eskolarik ez dugu izan, tarteka lagun bat edo besteren laguntza besterik ez. Soldaduska eta gero, jarraitu nuen, eta udan erakustaldi mordo bat egiten genituen. Lantegitik atera eta ahal zenean prestatzen ginen. Ondoen udan prestatzen nintzen, erakustaldien arabera. Noski, hortik bizi gabe. Lana egin beharra zegoen eta ez nuen egun bat bera ere galdu. Lanera joanez, zaila da prestatzea. Futbolean bezala dirurik izango balitz... Gustatu egin behar zaizu.
Zein dira egin dituzun marka nabarmenenak?
Guinness marka egin nuen hiru harri ezberdinekin. Bost minutuko txandatan, 152,5 kiloko kubikoarekin 5 jasoaldi egin nituen, 6 jasoaldi esku bakarrarekin 152,5 kiloko zilindroari, eta 10 jasoaldi 152,5 kiloko errektangularrari. Bestalde, 211 kilo jaso nituen 77 kilo pisatzen nituela. Eta pisu bikoitza jaso nuen esku batekin, 77 kilo nituela ere: 20 jasoaldi egin nituen bost minutuko hiru txandetan.
Harri-jasotzaileak berezkoa izan behar du indarra?
Indarra ez da jatetik-eta etortzen, indarra ekartzen da goma bezala, tiratuta. Egun bat bestearen ondotik tiratu, eta horrela hobetzen da. Harriekin ari zarenean, garrantzitsua da egunero harri berari tiratzea, ez batetik bestera pasatzea. Teknika ikasten da gorputza ezinean dagoenean, orduan ikusten delako nondik tira egin behar den. Indarra soberan baduzu harri bat altxatzeko, alferrik da, altxatuko duzu eta listo. Baina ezinean ibiltzen zarenean, gaur pixka bat gehiago, bihar pixka bat gehiago, orduan ikasten da.
Gaur egun harri-jasotze txapelketetara edota saioetara joaten zara?
Beti ez, baina ahal dudanean joaten naiz. Gustatzen zait ikustea.
Zu plazetan aritzen zinenetik asko aldatu da?
Gaur gimnasioak-eta daude, eta lehenago izaten zen entrenamendua egin eta mendira joan, ona zelako. Eta askotan zu ondo ez egon eta hala ere, jarraitu egiten zenuen txikitu arte, eta hori ez da ona. Zu ondo ez bazaude, ez da komeni entrenatzea. Hurrengoan joango zara eta egingo duzu hobeto. Gaur egun gimnasioetan pisuak dituzu, abdominalak egitekoak, eta hor asko hobetzen duzu. Ni berandu samar hasi nintzen, baino aritu nintzen gimnasioan. Indar asko hartzen da hanketan, gerrian, besoetan... Eta hori garrantzitsua da.
Plazetan aritzeari 37 urterekin utzi zenion, beraz.
Oraindik sasoiko nengoen, baina uztea erabaki nuen, kontu pertsonalengatik. Gustura geratu nintzen, lesiorik izan gabe bukatu bainuen.
Txapelketetan ere arituko zinen.
Joaten nintzen, baina hor ibiltzen nintzen, besteen tartean. Harri Txikien txapelketan bigarren eta hirugarren egindakoa ere banaiz. Zelai eta Izeta izaten ziren, besteak beste, aurkari nagusienak.
Goiazkoa da 'Gibitegi', bere garaian 300 kilokoa altxatutakoa. Harremana izango zenuen berarekin.
Bai, Inazio Otaegi, harri-jasotzaile handia eta gizon handia. Beti estimatu dut. Laguna da eta erakustaldiak-eta batera egiten genituen.
Lehen gazte gehiago animatzen ziren harri-jasotzea egitera?
Orduan afizio gehiago genuen, eta baziren inguru honetan harri-jasotzaileak. Gibitegiren anaia zaharragoa, Joxe Mari, hura ere oso ona zen. Hauen lehengusua, Xanti Arostegi, hori ere ondo moldatzen zen. Eta Ramon Egiguren ere bere pisu bikoitzean marka nabarmena egindakoa da.
Gaur egungo egoera nola ikusten duzu?
Gaur badago gazte jendea aritzen dena eta gustura ikusten ditut saioak. Publikoa gutxiago dago, baina harri-jasotzaileen maila sekulakoa da. Eskolak ere badaude orain, Izetarena, Ostolazarena, eta Zelaik ere entrenatzen ditu zenbait harri-jasotzaile.
Behin ere pentsatu duzu gazteei erakustea?
Festetako erakustaldiak egiteko Juan Zinkunegi Labaka eta biok aritzen gara gazte batzuei erakusten. Hainbeste badakigu, eta horretan moldatzen gara.
Zure pisuari dagokionez, 80 kiloren inguruan ibili izan zinen. Harri handiekin aritzeko arinegi?
Esku batekin moldatzen nintzen ondo. Horrela jasotzeko abilidadea behar da, teknikak asko balio du. Gainera, kanpotik errazago ikusten da bestak nola hobetu dezakeen. Esaterako, Aimar Irigoieni eta Ostolazari esku bakarrarekin harriak nola jaso erakutsi nien. Esku batekin ez da indarrarekin bakarrik aritu behar.
Zure adinarekin asko ez dira ariko harri-jasotzen.
Ez dut uste asko izango direnik. Hemen buruan haizea izateak ez du balio, hemen tira egin behar zaio. Harri-jasotzen beti moldatu naiz. Jardun egin behar du, saio batzuk egin. 'Ibili gabe ez hadi egon' esaten didate, eta ni pixka bat aritzen naiz. Batzuk astean saio bat egiten behintzat saiatzen dira; nik, berriz, azken momentura arte ez dut ezer egiten. Hor garrantzitsuena ilusioa izatea da. Gure adinerako maila ematen dugula esango nuke.
Eta jarraituko duzu tarteka saioaren bat egiten?
Batez ere, besteak ikusten ariko gara. Tarteka agian egingo dugu zerbait, omenaldiren batean-edo harriren bati jasoaldi bat edo beste eman, baina pixkanaka guztiz uzten joatea komeni dela uste dut.
«HARRIARI BERAK BILATZEN ZIZKION TRUKO ASKO»
Juanito Zinkunegi Labaka bidaniarrak laguntzen dio Otaegiri harriak jartzen, saioak egin izan dituenean. «Hau oso gogorra izan da bere denboran», esan du Zinkunegik Otaegiri buruz. «Bere buruari behartu asko eman dizkio, eta saiatu eta saiatu, eta ezinean trukoak bilatu dizkio harriari». Maisuen esanak gutxi ibili dituela gaineratu du Zinkunegik: «Bere kasa ibili da eta berak bilatzen zizkion harriari truko asko. Horretan oso gogorra izan da. Berak esan duen moduan, tiraka indarra ekarri egin du beti».