Goiazko ostatua irekitzen duenak talde eragile baten babesa jasoko du

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 17a, 20:00

Goiatz Bizirik Elkartea sortu dute auzokideek, taberna irekita eduki nahi dutelako; otsailaren 3a da lehiaketara aurkezteko azken eguna.

Herri txikietako ostatu askorekin gertatzen den moduan, Goiazko ostatuak, beste behin ere, ateak itxita ditu. Egoera horren aurrean Goiazko auzotarrek gaiari heldu, eta Goiatz Bizirik Elkartea sortzea erabaki dute. Talde eragileko kide dira Leire Retegi, Olatz Aranburu, Cecilia Mendia eta Pili Urbieta. Ostatua, herriari bizia ematen dion tabernatzat dute. Elkartzeko tokia da. Irekita eduki nahi dute, eta «ez elkarte baten moduan».

Tolomendik ostatuei begira egina duen azterketa bat izan dute esku artean: «Orain arte, udaletxearen eta adjudikatzailearen artean bakarrik izaten zen harremana, eta azterketa horretan ikusi dugu herritarren laguntza eta babesa garrantzitsua izan daitezkeela, proiektua aurrera ateratzeko». Orduan, zerbait egin beharra zutela sentitu, eta udaletxearekin harremanetan jarri ziren lizitazioa atzeratzea eskatuz. Bilera egin ostean, Bidania-Goiazko Udalak plegu proposamen bat aurkezteko eskatu zien. Tolomendiko azterketaz gain, Orexako Udalak herriko ostatuarekin egin duen lanketa ere ezagutu dute.

Talde motor bat martxan jarri eta plegu eredua osatu zuten, eta 32 etxebizitzatara zabaldu zuten ekarpenak jasotzeko. Guztira 82 pertsonaren proposamenak jaso zituzten. Horiek pleguetan txertatu zituzten, adostasunera iritsiz. Hilaren 3az geroztik ustiapena lehiaketara aterata dago, eta otsailaren 3a izango da interesatuek proposamenak aurkezteko azken eguna. Informazioa nahi duenak, udaletxearekin harremanetan jarri beharko du.

Behin zabaltzean, herritarrak plazara gerturatzeko eta kanpotarrak erakartzeko, hainbat egitasmo antolatzeko konpromisoa hartu dute, betiere, hartzailearekin adostuz. Era berean, sare sozial bidez zabaltzeko ardura ere hartu dute. Beste berrikuntza jarraipen mahaia izango da, udalaren eta ustiatzailearekin batera osatuz, arazo eta egitasmoak koordinatzeko. Eta, ahal den neurrian, Tolomendik eskainiko duen ostalarientzako formakuntza jasotzea ere eskatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!