Joseba Ezkurdiaren Bidaniako senitartekoak, finalera begira

Asier Imaz 2018ko aza. 14a, 11:58

Joseba Ezkurdiaren izeba-osabak

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak igandean jokatuko dute lau eta erdiko lehen mailako txapelketaren finala, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.

Bidanian dago Aortza baserria. Garai batean komentua izan omen zen, bere armarri eta guzti. Aurreko pareta erori zenean, ordea, armarria ere berarekin desagertu zen. «Joseba da hemengo artzaina, eta gu bere ardiak», dio osaba Joxe Antonio Galarragak.

Izan ere, Aortzakoak dira galarragatarrak. Ezkurdiaren ama bertan jaio zen. «Sei anai-arreba gara, hiru eta hiru, zazpi urteko diferentziarekin», dio izeba Margarik; «aurrenekoa 33 urterekin ekarria gainera, pentsa gazteago ezkondu izango balitz», gaineratzeko.

Ezkurdiaren ama Arbizura ezkondu zen, eta bertan jaio zen Joseba, bi anaietan gazteena. Asteburuetan, ordea, Bidanira etortzen ziren, amonaren baserrira. Bertan hasi zen pilotan lehengusuekin batera. «Txikiena bera zen. Kanpoko hormaren aurka ibiltzen ziren, eta orduan, paretan txapa moduko bat marraztu genien», gogoratzen du osaba Kruz Marik. Arazo bat zegoen, ordea, frontis-aren ondoan sukaldeko leihoa zegoela. «20 bat aldiz hautsiko zuten kristala», dio Margari Galarragak. «Beti errieta egiten nien. Hortaz gogoratzen dira, nahiz eta zer esaten nien ahaztua duten. Bateren bat pilotaria izatera iritsiz gero, lehen jornaletik kristal guztien gastua kenduko niela esaten nien. Baina ez nituen fakturak gorde» kontatzen du irribarrez izebak. Joxe Antoniok, Ezkurdiaren kolpe nagusienetako bat hor sortu zela aldarrikatzen du, barrez: «Ezker paretarik ez zegoen hor, eta atzean baratzea. Horrela sortu zen Josebaren bolea ospetsua».

Sukaldeko kristalak aldatzeaz nazkatu zirenean, bost lehengusuak Bidaniko frontoira kotxez eramaten hasi ziren. «Ordu eta erdi ondo moldatzen ziren, baina hortik aurrera, beti haserre bukatzen zuten» dio Margarik. Haur haserrea iluntzerako ahaztuta zegoela dio izebak. Ondoren, bizikletaz joaten hasi ziren frontoira lehengusuak, eta haserrealdiak itzulerakoan nabaritzen ziren: «Bi aurretik eta hiru atzetik, edo bakoitza bere aldetik».

Joseba Ezkurdia, Aortza baserriko frontisean

Joseba Ezkurdia txikiena zenez, beti besteak harrapatu nahian ibiltzen zela dio Joxe Antoniok: «Orduan ez zen beste munduko pilotaria. Lehengusuak eta anaia zaharragoak zituen, eta bera beti haien mailara iritsi nahian ibiltzen zen, batez ere, arratsalde osoa txokoan ez pasatzeko». Baserriko lanak baina nahiago zuen pilota, eta Patxi Galarragari ea baserrian laguntzen zuen galdetuta, osaba zaharrenak keinuarekin erantzuten du, ondoren anaia gehiago saiatzen zela esateko.

Berriro ere atzetik
Bidaniko frontoitik Arbizukora egin zuen jauzi Joseba Ezkurdiak. Bertako pilota eskolan atzelari bezala jokatzen zuen, Euskadiko Txapelketa baterako aurrelari falta suertatu zen arte, kotatzen du Joxe Antoniok: «Hasiera haietan ez zen nabarmentzen. Txikia zen eta gainera atzelaria. Urte oso bat belaunetako minekin pasa zuen, baina gero hazi egin zen». Orduan etorri zen aldaketa, handia gainera. «Batzuk aurrelari bezala jokatzeko handiegia zela esaten zuten. Afizionatu maila, ordea, txiki geratu zitzaion: azken urtean 13 final jokatu zituen, eta horietatik 10 irabazi. Datu guzti horiek osaba Joxe Antoniok ondo gordeak ditu: «13 urtetik gaur egun arte jokatu dituen partida guztietara joan naiz bere amarekin batera. Ez hori bakarrik partida guzti horiek apuntatuta dauzkat: non jokatu duen, noren aurka eta emaitza zein izan den». Altxor bat.

2011ko abenduan hasi zuen profesionaletan bere ibilbidea Joseba Ezkurdiak, 20 urterekin. Lehengusu eta anaiaren aurka, edo pilota eskolan gertatu bezala, maila handiagoko pilotariak zituen berriro aurrean. «Baina segi eta segi egin izan du beti. Nafarroako hamahirugarrena baldin bazen, hamabigarrena izan nahi zuen, eta hura harrapatu arte ez zen gelditzen. Eta ondoren, hamaikagarrena. Orain berriro hori gertatu zaio; kosta egin zaio dagoen lekura iristea, baina behin horra iritsita, hortik kentzea kosta egingo zaie besteei» dio Joxe Antonio Galarragak.

Aurten 36 partida jokatuko ditu Joseba Ezkurdiak. Horietatik 21 irabazi ditu. Buruz buru 10 jokatu ditu. Horietatik zortzi irabazi ditu. Binakako txapela buruan, lau eta erdikoa irabazten saiatuko da igandean, Jokin Altunaren aurka. Ligaxkan erraz irabazi zion arbizuarrak amezketarrari, 22-10, baina galarragatarrek argi dute igandekoa beste egun bat izango dela: «Galdu ala irabazi, hemen berdin-berdin ospatuko dugu». Guztiek, edo ia denek, Nafarroa Arenara joateko asmoa dute, izan ere, bertan izango dute artzaina.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!