Gipuzkoako erdigunearen bila

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 9a, 10:55

Asier Iturraldek egindako kalkuluen arabera, Gipuzkoako erdigunearen kokalekua.

Gipuzkoaren erdigunea geografikoa non dagoen jakiteko bi neurketa egin dituzte azkenaldian, eta Beizamako lurretara jo dute bi ikerketek. Aurretik, Bidania-Goiatzen zegoela uste zuten.

Euskal Herriaren, zazpi probintzien eta hiriburuen erdigune geografikoak argitaratu berri ditu Asier Iturralde informatikariak Iametza Interaktiboa enpresaren webgunean. Gipuzkoari dagokionez, Beizamako lurretan kokatu du gune hori, udalerri horrek eta Errezilgo eta Bidania-Goiazko mugek bat egiten duten lekutik oso gertu.

Iturralde Beriainen (Nafarroa) izan zen udan, eta bertan ikusi zuen Euskal Herriko erdigunea izenez ezaguna den lekua. “Felix Isasak egindako kalkuluen arabera dago zehaztuta leku hori, eta monolito bat ere badago bertan. Etxera itzultzean begira hasi nintzen nola jakin ote zuen hura zela erdigunea, eta, nire kalkuluak eginda, handik metro gutxira kokatu nuen Euskal Herriaren erdigunea”, azaldu du Iturraldek.

Erdigune geografikoa kalkulatzeko hainbat metodo daudela azaldu du Iturraldek. “Barizentroa edo masa zentroa erabili nuen nik”, azaldu du. “Lurraldea erdigune geografikotik zintzilik jarriko balitz, laua litzateke lurraldea, eta pisu guztiaren erdigunea izango litzateke, nolabait esatearren”. Kalkuluak egitea nahiko erraza izan dela azaldu du: “www.euskalgeo.eus webgunea dauka Gaindegiak, eta Euskal Herriko udalen eta probintzien datu geografikoak daude bertan. Horiek erabili ditut nik”. QGIS izeneko software bat erabili du horretarako. “Metodologia berbera baliatu zuen Felix Isasak, baina mapa fisiko bat erabili zuen bere kalkuluak egiteko”.

Bitxikeria gisa, Iturraldek azaldu du Europan bost bat herrik aldarrikatzen dutela eurena dela erdigunea. “Turismo aldetik, garrantzia eduki dezake Europaren erdigunea izateak. Eta, tira, balio sinbolikoa ere eduki dezake bertakoentzat”.

Iturralderen arabera, Urraki mendi tontorretik gertu dago Gipuzkoaren erdigunea, Beizamako lurretan. Iturraldek ez zekien, ordea, Isasak ere egina zuenik Gipuzkoako erdigunearen kalkulua. Beizaman kokatu zuen hark ere, eta txostena aztertuta, ia leku berera iritsi dira biak. 50 bat metro besterik ez daude toki batetik bestera.

Beizamako Natur Eskolan lan egindakoa da Igone Arruti beizamarra: “Eta bertara etortzen zirenei esaten genien Gipuzkoaren bihotza zela Beizama, erdigunea. Ezagun baten bidez iritsi zitzaion esan hori Isasari, eta horregatik jarri zuen abian ikerketa. Hark Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Departamentuko mapa katastraletan oinarrituta ondorioztatu zuen Gipuzkoaren erdigunea Beizaman zegoela”.

Makila eta harria

Isasaren ikerketaren berri eman zieten udalari eta aldundiari, eta informazio hori jakinaraztea eta kokapena markatzea erabaki zuten udaleko ordezkariek. “Hala, 2015ean, makila bat jarri genuen erdigunearen gune zehatzean, beizamarrak makilak gara eta”. Ondoren, herrigunean bertan harri bat jartzea erabaki zuen udalak, eta baita mapa bat ere, Gipuzkoaren erdigune zehatza non dagoen erakusteko. “Gipuzkoaren bihotza ginela esaten genuen, eta orain froga dezakegu bertan dugula erdigune geografikoa; pozgarria da guretzat”, onartu du Arrutik.

Historikoki, Bidania-Goiatz hartu izan da herrialdeko erdigune gisa. 1400. urtetik 1700.era Bidaniko Usarraga baserrian egin zituzten Gipuzkoako batzar bereziak, eta Usarraga baserrian bertan bizi da Joxe Antonio Beloki —han jaiotakoa da—. Hark gogora ekarri du garai hartan hainbat herritan egiten zituztela batzarrak, baina Bidaniak jasotzen zuela berezi izendapena: “Usarraga baserrian berresten zuten beste batzarretan onartutakoa”.

2000. urtean aldundiak plaka bat jarri zuen baserriaren aurrealdean, azken batzar berezia egin zutenetik 300 urte geroago. Gipuzkoako erdigunea, horrela dago izendatuta gune hori. Bilerak han zergatik egiten zituzten ere argitu du Belokik: “Gipuzkoako txoko guztietatik edonork bertaratzeko antzeko bidea izan zezan”.

Bada beste ikur bat ere: Goiazko elizaren sarrerakoa. Erdiguneari erreferentzia egiten dio plaka borobil horrek ere, NP 368 izenarekin. “Elizaren atea ireki eta bigarren eskaileran jarrita dago, alde batean, eta beti entzun izan dut hori dela Gipuzkoaren erdigune zehatza”, jakinarazi du Belokik. “Dirudienez, beste neurketa batzuk egin dituzte orain, gaurkotuagoak edo, eta Beizamako lurretara jo dute. Halere, Beizama eta Goiatz ez daude aparte, eta ez gara haserretuko gai horrekin”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!