Azokarekin amaitu da XXIX. Kultur Astea

Ataria 2018ko irailaren 30a

Ohitura den bezala, Goiazko plazan ospatu den Azoka Bereziarekin eman diote herritarrek amaiera aurtengo Kultur Asteari. Denetik izan da bertan: taloak, trikitilariak, sardinak, eta zenbait salmenta postu ere.

Goiz guztian zehar, produktu desberdinen erakusketa eta salmenta izan da bertan: esnekiak, ogia, arropa, loreak edota bestelakoak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izan da. Horiez gain, herritarrek ere postre eta barazkien postuak jarri dituzte.

Eguraldia lagun, jende asko gerturatu da plazako postuetara, eta horietako batzuk ere ausartu dira kalabazaren pisua asmatzeko lehian parte hartzera. Jateko, taloak eta sardinak jarri dituzte salgai; edateko, berriz, txakolin eta sagardo tragoak izan dira eskuragarri. Trikitilariak izan dira goiz guztian zehar bertako giroa alaitzen, eta azokari musika jartzen. Arratsaldean ere entzun dira trikiti doinuak bertan. Ondorioz, aurtengo Kultur Asteari amaiera ezin hobea eman diote gaurko egunarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!