Bidaniako eliza jendez lepo, Donostiako Orfeoia ikusteko

Ataria 2018ko ira. 30a, 08:43

Kontzertu berezia hartu zuen atzo Bidaniako elizak Kultur Astearen barruan, Donostiako Orfeoiaren emanaldia. Ekitaldiarekin elizaren zaharberritzearen hamabosgarren urteurrena ospatu nahi izan dute.

Bidania-Goiazko XXIX. Kultur Astearen barruan antolatutako ekitaldi esanguratsuena izan zen Donostiako Orfeoiarena. Eliz musika eskaini zuten Gerardo Rifon organo jotzailearen laguntzarekin. Musikariak San Bartolome elizako Cavaille-Coll/Mutin organoa jo zuen gainera. Muñoa familiaren diru ekarpenei esker egin zuten organoa 1902an, eta 2013an zaharberritu zuten.

Bidaniako eliza lepo bete zen, 400 lagun inguru bertaratu ziren kontzertu berezia entzuteko eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean aritu ziren abeslariak. Madinaren Aita Gurea abestu zuten emanaldia hasteko, eta ondoren, Bachen Cantata 147 eskaini zuten. Mozarten Ave Verum eta Laudate Dominum ere kantatu zituzten. Händel, Rossini, Mendelssohn eta Fauré egileen lanak ere entzun ahal izan ziren, besteren artean, bertan bildu zirenen gozamenerako. Eta G. F. Handelen Aleluya handiarekin bukatu zuten programatutako kontzertua.

Bukaeran, bertaratutakoen 5 minututik gorako txalo zaparrada jaso zuten musikariek eta hauek esker modura, korutik elizaren aurraldera jaitsi ziren, bertaratutakoei esker ona adierazi eta azken abesti bat abestera.

Gure Konkis, haur, gazte eta helduen gozamenerako

Kontzertua ez zen eguneko ekitaldi bakarra izan, arratsaldean Gure Konkis izeneko jarduera izan zuten herritarrek. Herriko haurren eskariz, azken urteetako mendi ibilaldiari buelta bat eman eta ibilbide, ginkana eta sorpresez gozatzeko aukera izan zuten bertaratuko 40 lagunek.

Gaur, azoka Goiatzen

Ohi bezala, Kultur Astea ongi amaitzeko azoka egingo da Goiazko plazan, gaur goiz guztian zehar. Produktu ezberdinen erakusketa eta salmenta, talogileak, trikitilariak... egongo dira. Eta baita sardinak sagardo eta txakoliñaz lagundurik ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!