Festen azken egunean, azken indar aleak gastatu dituzte bidaniarrek. Iazko garaipena gogoan, desafioa zuten begiz jota, baina, aurten, errezildarren aurka egin beharrean, Amasa eta Albizturko gazteen aurka egin dute. Albiztur izan da garaile. Auxkin Galarraga, Iosu Elola eta Iñaki Elola izan dira parte hartu duten bidaniarrak.
Lehenik, ergometroan egin dute saioa hiru herrietako gazteek. Albizturrek bukatu du lehena, eta jarraian ziren Bidania eta Amasa. Bizikletan abiatu dira ondoren, eta hor ere albizturtarrek amaitu dute aurreneko postuan, amasarrek bigarren eta bidaniarrek hirugarren. Korrikari eman zaio txanda, eta postuak ez dira aldatu; Albizturrek lortu du garaipena eta segundo gutxira iritsi dira Amasako eta Bidaniako korrikalariak elkarri pare bat pausoko aldea aterata. Txalo zaparrada artean amaitu dute lagunarteko desafioa.
Frontoian desafioa ikusten aritu den jendea zuzen-zuzenean joan da herriko plazara. Erakustaldia eskaini baitute herri kiroletan gazteek. Lehendabizi, Kortaberri eta Galarraga harri-jasotzaileek jasoaldi batzuk egin dituzte, baita euren seme-alaba Xuban, Goiatz eta Uxuek ere. Aizkoran, berriz, Otaegi eta Irazu aritu dira; hauek ere, erakustaldia eskaini dute lehendabizi.
Ondoren hasi da lehia. Herriko gazteak bi taldetan banatu dira eta txandaka herri kirol ezberdinak egin dituzte, tartean harri-jasotzaile eta aizkolariek parte hartzen zutela. Trontzan, ingudean, lokots biltzen, txingetan eta korrika aritu dira, besteak beste. Lehiaren azpen txanpan, kirolari bakoitzak korrika buelta bana eman behar izan du eta harri-jasotzaileak ere animatu dira korri egitera. Desafioaren moduan, txalo zaparrada artean amaitu da hauen lehia ere.
Festei agur esateko, Izer eta Alabierrek musikaz alaituko dute plaza, eta datorren urtera arte zain geratuko dira bidaniarrak.
Argazki galeria hau babesten du: