Miren Larrarte, emakumeen lehen San Fermin txapelaren bila

Ataria 2018ko uztailaren 12a

Naroa Iturain eta Miren Larrarte, ezkerrean. Argazkia: Emakume Master Cup

Bidania-Goiazko pilotariak binakako txapelketako finala jokatuko du, larunbatean, Labrit pilotalekuan, Naroa Iturain nafarrarekin batera. Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga izango dituzte aurkari.

Larunbatean jokatuko da Emakume Master Cup San Fermin Txapelketako final handia. Final historikoa izango da, gainera, aurtengoa baita emakumeek jokatzen duten lehen San Fermin Torneoa.

Eskualdeko presentzia bikoitza izanen da jaialdian. Alde batetik, Miren Larrarte bidania-goiaztarrak finala jokatuko du; bestalde, Maite Tolosa amezketarra, hirugarren postuaren lehian ariko da.

Larrartek Naroa Iturain iruindarrarekin osatu du bikotea, eta jokatutako bi kanporaketak irabazita iritsi dira finalera. Lehen neurketan, 18-13 irabazi zuten Andrea Aldaregia eta Maite Tolosaren aurka. Bigarrenean, berriz, estuagoa izan zen emaitza: 18-16 gailendu ziren Ohiana Orbegozo eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurkako neurketan.

Hain zuzen, multzoko hirugarren neurketan, Aldaregiak eta Tolosak 18-7 irabazi zioten azken bikote honi, eta hirugarren postua jokatzeko lehiarako txartela eskuratu zuten.

Larrartek eta Iturainek, Eulateko Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga gernikarra izango dituzte aurkari. Jokatutako bi neurketak 18-5 irabaztetik datoz. Aldaregia eta Tolosa, berriz, Arrate Bergara tuterarraren eta Naroa Elizalde zubietarraren aurka ariko dira.

Jaialdia Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko da, 11:30etik hasita. ETB-1ek igande arratsaldeko emankizunean eskainiko du finala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!