Udaletxea berritzeko lehen fasearekin hasi nahi dute aurten

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 1a, 08:52
Txinkorta eskolako argiak aldatu ditu udalak; irudian, eskolaren sarrera. IMANOL GARCIA LANDA

Bidania-Goiazko aurtengo udal aurrekontua ia 700.000 eurokoa izango da.

Martxoaren amaieran onartu zuen aho batez Bidania-Goiazko udalbatzak aurtengo udal aurrekontua. 699.000 euroko da, iaz baino 30.000 euro gehiago. Aurrekontutik inbertsioetara bideratuko dena 143.000 euro izango dira, eta baserri bideak asfaltatzeko, Txinkorta eskolako eraikinean argiak aldatzeko eta udaletxea berritzeko erabiliko dira. Hain justu, udaletxea berritzeko lehen fasea aurten hasteko asmoa du udalak.

Legealdian egindakoarekin jarraituz, aurtengoan ere baserri bideak konponduko dituzte. Elbarren bailaran dagoen Salegi baserrira doana eta Erreka bailarako Balantzategi baserrira doana berrituko dituzte, «nahiko luzeak direnak eta egoera txarrean daudenak», azaldu du Joxe Erramun Goikoetxea alkateak. Horretara 58.000 euro bideratuko ditu udalak. Bestalde, urtean zehar ikusiko dute aukera duten Goiazko eta Bidaniako hilerriaren sarrerak egin ahal izateko.

Eskolari dagokionez, «aurrezteko asmoz» eraikineko argiak aldatu dituzte. 13.500 euro bideratu dituzte lan horretara. Aurretik zeuden argiak fluoreszenteak ziren eta orain jarri dituztenak led motatakoak dira.

Udaletxeari dagokionez, aurten ere beste diru kopuru bat jarri dute eraberritze lanentzako. «Hirugarren urtea da dirua bideratzen dugula proiektu horretara, eta aurten ere, aurreko urteetan bezala, 70.000 euro inguru jarri ditugu», esan du Goikoetxeak. Proiektuaren obra zuzendaritza esleituta dute udaletik, eta, «ikusita diru bat badagoela eta irisgarritasunaren aldetik 50.000 euro inguruko laguntza ere jaso dugula», lehenengo fasearekin hasi nahi dute aurten.

Lehenengo faseak behe solairua hartzen du. Besteak beste, udaletxearen erakinean dagoen Kontseju taberna-jatetxearen komunak lekuz aldatzea ekarriko dute obra horiek. «Gaur egun lehen solairuan daude, eta behe solairura jaitsiko dira, udaletxearen sarreraren parean jarriz. Hori bai, Kontsejuko jangelatik sartu ahalko da komunetara», esan du Goikoetxeak. Bestalde, lehen fase horretan igogailua jarriko da ere. 230.000 euro inguruko aurrekontua izango du lehen faseak.

Bigarrengo fasean lehen solairua eraberrituko da, zehazki bilkura gela, idazkaritza eta barruko bainugelak. Hirugarren fasean bigarren solairua eraberrituko litzateke eta hor dauden bulegoak moldatuko dira. Laugarren fasean, goiko teilatua eta hormak berritzeko txanda izango da. «Proiektua pixkanaka doa eta baldintzatuta gaude jasotzen ditugun diru laguntzengatik», esan du alkateak. Hain justu, orain gutxi Eusko Jaurlaritzako Landa Garapena saileko Irma Basterra zuzendariarekin izan dira udaleko ordezkariak, eta honek adierazi die Europak ematen dituen Leader laguntzetan badaudela udaletxea eraberritzeko dirua jasotzeko aukerak.

ETXEBIZITZEN GAIA, AZTERGAI

Egun, udalak mahai gainean duen gaietako bat etxebizitzena da. «Herrigunea nahiko zaharkitua dago, etxe zaharrak eta baserriak daude, eta horren harira pentsatu genuen inkesta bat egitea, 2018an burutu genuena», esan du Goikoetxeak. «Ikusi dugu oso interesatu gutxi dagoela. Pentsatu genuen gehiago izango zirela, baino hori izan da jasotako emaitza». Aurrera begira gaia ez dutela albo batera utziko gaineratu du alkateak: «Harremanetan jarraitu behar dugu enpresa eraikitzaileekin eta ikusi nondik nora jarraitu dezakegun gai hau jorratzen».

Udalaren agendan dagoen beste gaietako bat saneamendua da. «Bidaniako saneamendua nondik nora joango den bere unean aurrekontuak egin genituen, baina, beti gertatzen den moduan, lehentasunak ere markatu behar dira, eta ikusiko dugu noiz helduko diogun gai horri», esan du Goikoetxeak, eta aurreneko lehentasuna udaletxea eraberritzea dela zehaztu du.

 

AURREKONTUA

GASTUAK EUROTAN

Pertsonal gastuak 175.236

Gastuak ondasun arruntetan eta zerbitzuetan 251.130

Finantza gastuak 600

Transferentzia arruntak 107.250

Inbertsio errealak 143.229

Finantza pasiboak 22.315

SARRERAK EUROTAN

Zerga zuzenak 117.500

Zerga ez zuzenak 8.000

Tasak eta beste sarrerak 109.095

Transferentzia arruntak 405.451

Patrimonioaren sarrerak 19.100

Inbertsio errealen besterentzea eta beste sarrerak 20.000

Kapital transferentziak 20.615

GUZTIRA 699.761

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!