Maite dituzte maite, herriko bazterrak

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 13a, 09:02

Ikasturte honetan mendi ibilaldiak egiten ari dira hilero Bidania-Goiatzen, familia giroan. Bi herritarrek prestatzen dituzte ibilbideak, eta ibiltariek naturaz gozatzeko eta harremanak sendotzeko aukera dute.

Herriko kultur astearen barruan, azken bi urteetan mendi irteera antolatu dute Bidania-Goiatzen. Herritar guztiei zuzendua, eta batez ere haurrei begirakoak izan dira. Iosune Orbegozo herritarrak azaldu duenez, «azken kultur astean, irailean, oso gustura aritu ziren haurrak, parte hartze handia izan zen, eta egun horretan bertan hasi ginen pentsatzen: zergatik ez antolatu horrelako irteerak hilabetean behin?».

Kultur astekoa antolatu zutenei, Iban Urdapilletari eta Maite Larrarteri, galdetu zieten ea animatuko ziren prestatzera, eta hauek baiezkoa eman zuten. Eta horrela hilero elkartzen joan dira, eta dagoeneko beste sei mendi irteera egin dituzte ikasturte honetan zehar. «Hilabete bakoitzeko azken larunbatetan izan ohi da hitzordua», esan du Orbegozok. Arratsaldeetan egin ohi dute ibilaldia, normalean 15:30ean abiatuz.

Herritar guztiei zabaltzen zaie parte hartzeko gonbita. Ibilaldiaren egunaren aurreko egunetan zehazten da hitzordua, eta ibilaldiak zenbat iraungo duen esaten da eta nondik izango den, nahi duen guztiei parte hartzera gonbidatuz. Hori bai, haurrek arduradun batekin joan behar dute. Bi ordu eta erdi inguruko ibilaldiak izan ohi dira.

Hogei pertsona inguru animatzen dira parte hartzera ibilaldietan, eta eguraldiak laguntzen duenean gehiago, 30etik gora ere izan dira parte hartu dutenak. «Eguraldi txarra egiten duenean gogo gutxiago izaten da, baina ez da behin ere ibilaldirik bertan behera geratu eguraldia dela eta», esan du Orbegozok. «Haurrek gustura parte hartzen dute, eta gurasooi tira egiten digute joateko. Esan daiteke familia giroan parte hartzen dugula».

Egitasmo horrek herriko giroari ekarpen «oso positiboa» egiten diola gaineratu du Orbegozok. «Talde ezberdinetara zabaltzean, adin ezberdinetako herritarrak joaten dira, hasi bi urtetik eta aitona-amonetaraino. Gure arteko harremanak sendotu, naturaz gozatu eta mendizaletasuna bultzatzen da. Harreman politak sortzen dira mendi ibilaldi horietan».

Herriko txokoak ezagutzen

Gainera, mendi ibilaldi horien bitartez herriko bideak eta txokoak ezagutzeko aukera izaten ari dira. «Askotan gertatzen da ez ditugula gure inguruak ezagutzen», esan du Orbegozok. «Gure haurrek bazter horiek ezagutzeko modua da, eta baita gurasook edota beste herritarrek ere. Nik Bidanian hamabi urte daramatzat bizitzen eta ibili garen leku askotatik pasatu ere ez nintzen egin». Eta txokoak ezagutzeaz gain, ederrak direla ere jabetzen dira: «Altxor politak daude, eta gainera istorio askoren berri izaten duzu, adibidez, baserriren bat ez zenuena ezagutzen».

Aurrera begira Orbegozori gustatuko litzaioke mendi ibilaldiekin jarraitzea. «Prest baldin badaude ibilaldiak pentsatu eta irteerak prestatzen dituztenak lan horrekin jarraitzeko, nik pertsonalki jarraituko nuke», esan du, eta eskertu die Urdapilletari eta Larrarteri egiten ari diren lana. Orain arte egindako zazpi ibilbideak ezberdinak izan dira, eta Hernio inguruak-eta askotarako ematen duela gaineratu du.

Bestalde, pentsatzen ari dira ikasturte amaierarako herritik kanpo asteburu bat pasatzera joatea ere, aterpetxe batean lo eginez. «Ideia bat da, baina ikusita esperientzia polita izaten ari dela, herriko jendeari zabaldu eta pare bat egun pasatzera joango ginateke. Halere, oraindik zehaztu gabe dugu ideia hori».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!