Josten ikasten, sormena sustatzen den bitartean

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 28a, 08:00
Joskintza ikastaroaren une bat, pasa den larunbatean, Goiatzen.

Maritxu Yarza joskintzan adituak ematen du ikastaroa Goiazko udal lokalean, larunbatetan.

Maritxu Yarza donostiarra da eta orain gutxi Goiatzera joan da bizitzera. «Une batean erabaki nuen leku lasai, atsegin eta eder batera bizitzera joatea eta Goiatzera etorri nintzen», esan du Yarzak. Bere bizitza joskintzari lotuta egon da eta Goiazko lagun batek animatu zuen bere jakinduria zabaltzera ikastaro baten bitartez, eta horrela hasi zen joskintza tailerra.

Yarzak azaldu duenez, «bizitza guztia aritu naiz joskintzari lotuta. Nire amaren bitartez, berak erakutsi baitzidan, joskintzara eta moda mundura sartu nintzen. Patroiak egiten dakizkit, eta horiek eskalatzen, eta diseinuak egiten». Enpresa bat izan du, eta horren bitartez haurrentzako arropa egiten zuten eta bere marka saltzeko dendak zituen. «Nik produkzioaren parte guztia, diseinua eta erosketak eramaten nituen. Betidanik izan da nire mundua. Niri asko gustatzen zait sormena eta diseinua», esan du Yarzak. «Eta lagunak proposatu zidanean nik dakidana erakusteko, nik gustukoa dudanez, udalarekin hitz egin nuen eta baiezkoa eman ondoren hasi ginen ikastaroarekin».

Azarotik jarri da martxan joskintza ikastaroa, Goiazko plazan dagoen udal lokal batean. Larunbatetan izaten da eta bi saio egiten dira, horietako bat 11:00etatik 13:00etara, eta bestea 15:00etatik 17:00etara.

Taldeetako bat zerotik hasi direnak osatzen dute. Azpildurak egiten, botoi zuloak eta botoiak josten hasi dira, besteak beste. «Pixkana-pixkana hainbat gauza egiten joan dira: kuxinak, inauterientzako kasakak...», esan du Yarzak. Beste taldea joskintzan zenbait ezagutza dituztenentzat da, makinarekin josten adibidez. «Horiek hasi dira patroi batzuk egiten, eta tarteka ari dira gonak, alkandorak, eta ezkontza baterako soinekoa egiten. Eta esango nuke gustura daudela», azaldu du irakasleak.

Ikastaroan ez dela bakarrik teoria jasotzen, «teoria aplikatua» dela esan du Yarzak. «Nik dakidanetik erakusten diet beraiei, eta hortik emaitza bat lortzen dute. Beraz ikasten ari direnari fruitua ateratzen ari dira, ikastaroan gauzak egiten dituztelako».

Goiatzen oraingoz izena eman duten guztiak emakumezkoak dira. Gizonezkoren batek interesa agertu omendu du, baina oraindik ez duela izena eman esan du Yarzak. «Etortzen diren guztiak etxetik kanpo lana egiten dute, eta gero larunbatetan etortzen dira ikastarora. Nik uste dut interesarekin etortzen direla». Bestalde, ikastarora doazen «gehienak gazteak» direla gaineratu du, eta horrek harridura sortu diola eta «izugarri ondo» iruditzen zaiola esan du.



Lehenengo aldiz ematen ari da ikastaro bat Yarza, baina aurretik enpresan ari zenean, aritu zen erakusten nola gauzatu behar ziren jantziak. «Guk produktu bat genuen maila ertain-altukoa. Nik uste dut luxu bat zela eta bakarra. Ez da erraza gaur egun ikustea horrelakoak», azaldu du. «Ikastaro honekin ez gara iritsiko maila horretara, baina bai da modu bat artisautza eta eskuz lana egitearena mantentzeko. Beste herrialde askotan bai baloratzen dela, eta uste dut ez dela galdu behar». Joskintza «polita» iruditzen zaiola dio, «eraikitzailea», eta uste du «askotan balio duela eguneroko estresetik ateratzeko. Gainera, sormena sustatzen du». Sormena garatzea «oso garrantzitsua» dela dio Yarzak, eta beste esparru batzuetan ere aplikatu daitekeela.

Goiatzekoa ez dela ikastaro itxi bat azaldu du. Norbaitek hasi nahi badu , ez du arazorik, bakoitza bere erritmora aritzen delako. Bestalde, Yarzak eskertu dio udalari emandako laguntza: «Gustatzen zait udalak parte hartzea, horrela herriaren parte ere egiten delako eta hori gustatzen zait. Ni oso gustura nago. Goiatzen oso ondo hartu naute eta oso eskertuta nago».

ASTEASUN HASTEKO ASMOZ

Bidania-Goiatzen egiteaz gain, Maritxu Yarzak Asteasun ere joskintza ikastaroa hasteko asmoa du. Interesa duenak Asteasuko udaletxera joan daiteke informazioa jasotzera edota Yarza berarekin jarri daitezke kontaktuan, 617 32 25 87 telefono zenbakian. Bertara ere deitu daiteke Goiatzen egiten den ikastaroan parte hartu nahi duenak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!