Epe luzerako geratzeko asmoz

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 27a, 08:00

Inmakulada Odriozola eta Agustin Otaegi, Dendaleko jangelan.

Goiazko Dendale taberna-jatetxearen ardura hartu berri du Agustin Otaegik; gustura dago hartu duen martxarekin.

Abuztuaren hasieratik hartu du Agustin Otaegi Leundak Goiazko Dendale taberna-jatetxearen ardura. «Lanarekin-eta ez nenbilen oso ondo, eta nire adina ikusita, Dendaleko lehiaketara aurkeztea erabaki nuen», azaldu du Otaegik. Beizamako Agina baserrian jaio zen, Goiaztik oso gertu, eta ezagutzen du inguruko giroa eta jendea, eta horrek bultzatuta ere erabaki zuen lehiaketara aurkeztera. «Herriari bizipoz pixka bat emateko asmoz hartu dut Dendale», esan du.

Urtebeteko hitzarmena sinatu du udalarekin, beste urtebeteko luzapenarekin, bi aldeek horrela erabakitzen badute. «Nire aldetik ez da asmoa urtebetez hona etorri eta gero uztea. Nire asmoa da honekin jarraitzea eta bide horretan ari gara pausoak ematen».

Ostalaritzan arloan ez du eskarmentu handirik Otaegik. «Urte batzuetan paellak egiten eta saltzen aritu naiz, baina ostalaritzatik aparte. Sukaldean pixka bat badakit, eta tabernetan dezente ibilitakoa naiz, eta horrek asko lagundu dit», esan du azken hitzei barreak gaineratuz. Otaegik bakarrik hartu du ardura eta Inmakulada Odriozola sukaldaria kontratatu du. «Sukaldari ona da, ingurukoa, giroa ezagutzen du eta hemengo gustuak ere bai, eta etortzen diren bezeroak gustura ari dira ateratzen», esan du arduradunak.

Egunero zabalik dago Dendale. «Ordutegia goizeko bederatzietatik gaueko hamabiak arte da, baina nahiko malgua da». Gosariak eskaintzen dituzte, eta haragi egosia, pintxoak eta salda beti egoten da. Eguneroko menua bai bazkaltzeko bai afaltzeko dituzte, eta asteburuetan menu bereziak. Negurako babarrun jateak prestatzen ari dira. Bestalde, ostiraletan pintxo potea egiten da, 19:00etatik 21:00etara. Tarte horretarako kroketak, tortillak eta txistorra izaten dute. «Batetik jendea erakartzeko jarri dugu martxan, eta bestetik bertakoen arteko harremanei bizipoz bat emateko», esan du.

Bertso afariak eta beste

Bestelako ekitaldiak ere antolatzen ari da Otaegi Dendalen. Aurreko asteburuan Iago magoa izan zen eta azaroaren 3an bertso afaria antolatu du, Jokin Uranga eta Amets Arzallusekin. «Iago magoarekin jendeak ondo erantzun zuen, eta haurrek oso ondo pasa zuten. Bestalde, bertso afarirako dagoeneko jangelako leku guztiak hartuta daude, baina aukera izango da norbaitek hala nahi badu tabernaren barra aurreko mahaietan afaltzeko eta bertsoak bozgorailuetatik entzuteko. Uste dugu saltsa polita izango dela».

Beheko jangela ere erabili nahi du, bertan dagoen beheko sua jarriz, babarrun jateak-eta egiteko. Horrez gain, aurrera begira mus txapelketak antolatu nahi ditu ere. «Asmoa da hilean behin-edo ekitaldiren bat antolatzea», gaineratu du.

Gustura dago Otaegi orain arte Dendale taberna-jatetxea izaten ari den martxarekin. «Bai herriko jendeak, bai ingurukoek ondo erantzun dute, eta esan dezakegu arrakasta dezente izaten ari garela», esan du. Asteburuetan espero baino jende gehiago izaten ari dira jatetxean. «Tabernaren martxari ere jendea ari zaio erantzuten, horrelako herri txiki batean bertakoei ere komeni zaielako taberna zabalik izatea, eta horretan ere sentitzen ari naiz laguntza ona dugula bertakoen aldetik», esan du Otaegik. «Orain kontua da eutsi egin behar diogula, ekitaldiak antolatuz eta giro pixka bat jarriz herrian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!