Abel Barriolarekin pilotan eta pilotaz

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 30a, 15:46

Bidania-Goiatzen Kultur Astean murgilduta daude. Ostegunean hasi zituzten ekitaldiak, eta atzo, pilota izan zen protagonista. Iluntzean Abel Barriola pilotariaren hitzaldia egon zen.

Kultur asteko lehen ekitaldia ostegunean izan zen. Eskolako ikasleak eta eguneko zentroko erabiltzaileak elkarrekin aritu ziren eskulanak egiten. Normalean egoten ez den lotura bilatzea zen helburua eta elkarri lagunduz eta erakutsiz, bikain pasatu zuten arratsaldea.


Atzo arratsaldean berriz, lehenengo Frontoi Txikiko Herri Torneoko finalak izan ziren. 28 parte hartzaile izan dira, 6 urtetik hasi eta 30 urte ingurukoak bitarte, eta bi taldetan banatuta egin zituzten kanporaketak. Finaleko lehen partida, Ander Iraetak eta Anartz Dorronsorok jokatu zuten, eta lehenengoak 22 eta 17 irabazi zion bigarrenari. Bigarren taldea berriz, bi bikotek jokatu zuten, Andoni Egiguren eta Aritz Zelaiak, eta Auritz Otañok eta Oier Elolak. Andonik eta Aritzek 22 eta 18 irabazi zieten Auritz eta Oierri. Finalen ondoren, pintxo dastatzea egon zen.

Iluntzean berriz, Abel Barriola pilotariaren hitzaldia izan zen. Aspaldian ez bezala, udaletxeko pleno aretoa jendez gainezka egon zen, 90 lagun bildu baitziren bertara. Hitzaldiarekin hasi aurretik ordea, arratsaldeko finaleko sariak banatu ziren. Bi taldeetako irabazle eta bigarrenei banatzeaz gain, torneoan parte hartu duen neska bakarrak ere izan zuen bere saria, Miren Larrartek. Ondoren, Barriolak bere pilotako hastapenetik hasi eta erretiratu den artean bizitako bizipenak kontatu zituen. Orain dituen helburu eta asmoez ere aritu zen. Guztia, herriko eskolako neska-mutilek prestatuta ekarri zituzten galderei eta herriko gainerakoek egin zizkienei erantzuten egin zuen. Ordu eta erdiko hitzaldi ederra gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.




ASTEBURUKO EGITARAUA

  • Irailak 30, gaur


    15:30. Bidaniako frontoian elkartuta, mendi buelta, jolas eta sorpresekin.
    Ondoren, parte hartzaile guztientzako txokolatea.
  • Urriak 1, bihar
    

Goizean zehar. 
    Azoka, Goiazko plazan. Produktuen salmenta eta erakusketa, herritarrek egindako eskulanen erakusketa, eta talogileak, trikitilariak eta bertsolariak izango dira. Sardinak dastatzeko aukera  ere egongo da, sagardoaz eta txakolinaz lagunduta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!