Abel Barriola izango da Kultur Asteko protagonistetako bat

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 28a, 09:15

Gaurtik igandera bitartean izango dira ekitaldiak Bidania-Goiatzen; aurreneko aldiz Frontoi Txikiko Torneo Herrikoia antolatu dute eta sari banaketan izango da pilotari leitzarra.

Badira urte batzuk Kultur Astea antolatzen ari direla Bidania-Goiatzen. Aurtengoan, hain justu, 28.a da, eta protagonistetako bat Abel Barriola izango da. Agurtzane Zelaia Kultura zinegotziak azaldu duenez, herri txikietan kultur asteak antolatzeak «bere garrantzia» du. «Kultur ekitaldiak eskaintzea da helburua. Jendea mugitzea ez da erraza, baina saiatzen gara zerbait egiten». Udalaz gain, Ernio Guraso Elkartea, Kukuri Kultur Taldea eta lokaleko gazteak ari dira antolaketan.

Lehenengo ekitaldia gaur arratsaldean izango da. Eskolako ikasleek eta eguneko zentroko erabiltzaileak elkarrekin ariko dira eskulanak egiten. «Ez dago hainbeste lotura eguneko zentroan daudenen eta haurren artean, eta horri bultzada pixka bat eman nahi diogu ekimenarekin», esan du Zelaiak.

Ostiralean pilota izango da gai nagusia. Lehenengo aldiz Frontoi Txikiko Torneo Herrikoia antolatu dute. Bidaniako elizaren pean dagoen frontoian ari dira jokatzen kanporaketak eta finalak bihar izango dira. Hamaika bikote ari dira parte hartzen, 6 urtetik hasi eta 20 urte pasatxo dituztenak bitarte. Gazteek antolatu dute torneoa. «Pena da neska batek bakarrik eman duela izena», esan du Zelaiak. «Ea hurrengo urteetan gehiago animatzen diren».

Finaletan gonbidatu berezi bat izango da, orain gutxi pilotari profesional izateari utzi dion Abel Barriola leitzarra. Finalen ondoren egingo den pintxo dastaketa eta gero, udaletxean sari banaketa egingo da Barriola bertan dela, eta hori bukatzean hitzaldia emango du leitzarrak.

Larunbatean familia giroan egingo den ibilaldia izango da. Ez da ohiko ibilaldia izango, ordea, jolasak eta ezustekoak izango baitira. Bi ordu eta erdi inguru iraungo du, eta haurrek gurasoen laguntzarekin joan beharko dute.

Azken egunean, igandean, azoka egingo da Goiazko plazan eta frontoian. Kultur astearen antolaketa hasi zenetik egin den ekitaldia da. Arrakasta izaten duen ekimena da azoka, eta aurtengoan 11 postu izango dira bertan.

 

EGITARAUA

Irailak 28, gaur

Arratsaldea. Eskolako neska-mutilak eguneko zentrora joango dira eta elkarrekin eskulanak egingo dituzte. Eskulan horiek igandeko Goiazko azokan egongo dira ikusgai.

Irailak 29, bihar

18:00. Frontoi Txikiko Torneo Herrikoiaren finalak, Abel Barriola bertan dela.

Ondoren pintxo dastatzea.

21:00. Udaletxeko pleno aretoan, Frontoi Txikiko Torneo Herrikoiaren sari banaketa eta Abel Barriolaren hitzaldia.

Irailak 30, etzi

15:30. Bidaniako frontoian elkartuta, mendi buelta, jolas eta sorpresekin.

Ondoren, parte hartzaile guztientzako txokolatea.

Urriak 1, igandea

Goizean zehar. Azoka Goiazko plazan. Produktuen salmenta eta erakusketa, herritarrek egindako eskulanen erakusketa, eta talogileak, trikitilariak eta bertsolariak izango dira. Sardinak dastatzeko aukera sagardoaz eta txakolinaz lagunduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!