[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Produktuak modu naturalean egitea asko kostatu da»

Tolosaldeko Ataria 2017ko abu. 13a, 09:54

Ile-apaintzailea baino gehiago da Javier Jauregi bidaniarra. Ogibidea maite du eta ekintzailea ere bada; 'Javier Jauregi' izeneko ile-produktuak atera ditu.

Kimetz ile apaindegiaren atzean dago Javier Jauregi (Bidania-Goiatz, 1968). Azpeitia eta Eibarren ditu ile apaindegiak, eta Zinemaldiko ile-apaintzaile ofiziala izandakoa ere bada. Munduko hainbat herritan aritutakoa da eta orain beste erronka bati heldu dio: marka propioko ile-produktuak atera ditu. Oraingoz hiru produktu ditu eskuartean, bi xanpu eta sendagai hidratatzailea den ile-egokitzailea, baina sorta handitzen jarraitzeko asmoa du; ilea lehortu aurretik emateko gela eta argizari mate bat aterako ditugu. Ile-produktu sorta propioa ateratzen duen Euskal Herriko lehen profesionala da bidaniarra.

Zer dela eta erabaki zenuen produktu propioak sortu eta merkaturatzea?

Zorte handia dugu, bezeroekin hartu-eman zuzena dugu eta dituzten beharrak bertatik bertara ezagutzeko aukera dugu. Ile apaindegietan ditugun sortetatik behin ere ez ditugu produktu guztiak erabiltzen, horregatik pentsatu nuen zerbait propioa sortu behar genuela, gustuko ditugun produktu horietatik onena hartu eta gureak egiteko.

Bidea luzea izan da.

Duela 15 urte hasi nintzen ate joka laborategi batean eta bestean. Produktuak naturalak izatea nahi genuen; gustuko genituen xanpu horien erreferentziak laborategira bidali eta hori bera era naturalean egiteko eskatzen genien. Asko kostatu da, hori era naturalean egitea oso zaila baita, kimikoki egitea erraza den bezala, naturalki emaitza horiek lortzea zaila izan da. Jendeak uste okerrak ere baditu gainera, eta horri buelta ematea zaila da.

Zein uste oker dituzte?

Jendeak uste du garbitzeko aparra ezinbestekoa dela, eta hori ez da horrela. Aranzadirekin ere hitz egin izan dut, garai bateko xaboien ezaugarriak zeintzuk ziren jakiteko, eta lehen errautsa erabiltzen omen zen maindireak eta garbitzeko eta horrek ez zuen aparrik sortzen. Uste okerra da aparrik ez badu produktuak ez duela garbituko.

Beharrak eta ohiturak ikusi ondoren, zein produktu atera dituzu, beraz?

Beharrak ikusita bi xanpu atera ditugu, ez gehiago, gehiago behar ez direlako. Ile lehorra dutenentzat egokia den xanpua atera dugu, neska gehienek behar dute horrelako zerbait, permanentea izan dutelako edo ilea tindatu dutelako. Ia kontrakoa den xanpua ere atera dugu. Garbitzeko ahalmen handia du eta limoia eta erromeroa ditu. Koipe asko duen jendearentzat edota burutik asko izerditzen dutenentzat da egokia. Ilea oso distiratsu uzten du, gainera, eta erabili dutenek esan didate buruan gorritasunak eta abar dituztenei mesede egiten diela. Bi xanpuak duela urtebete daude kalean eta orain sendagai hidratatzailea atera dugu. Ile-egokitzailea da, oso hidratatzailea.

Zein berezitasun dituzte 'Javier Jauregi' produktuek?

Osagai guztiak naturalak dira. Ontzietan, hala ere, dituen osagaiak baino, ez dituzten osagaiak nabarmendu nahi izan ditugu, hau da, gure xanpuek ez dute ez sulfatorik, ez gehitutako gatzik, ez parabenorik, ez koloreztatzailerik, ez parafinorik, ez perfumerik... Era berean, matrix sistemaderitzona dute. Hau da, produktuen osagai aktiboek ilea garbitu eta zortzi ordu arte egiten dute eragina, orduan hasten da desagertzen. 

Eta non erosi ahal dira?

Eibarko eta Azpeitiko ile apaindegietan saltzen ditugu eta nire lagun batzuek ere saltzen dituzte Ibizan, Arrasaten, Madrilen... Bitartekariak kentzeko asmoz, webgune bat jarriko dugu martxan nire izenarekin, Javier Jauregi, eta hor ere salduko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!