Hilerriaren eta elizaren tamaina zehaztu nahi dute

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 21a, 08:55
Eremuko haitz batean indusketak egiten ari dira, gizakiak egindako egiturak topatzeko asmoz.

Iromendiko Sanpedroburuko indusketen seigarren kanpaina hasi dute aste honetan; guztira hiru aste egongo dira bertan.

Astelehenetik hasita daude Bidania-Goiazko Iromendiko Sanpedroburun indusketa lanak egiten, eta hiru astez izango dira bertan. Aurtengoa seigarren kanpaina da, eta, batetik, hilerriaren eremua zein den jakin nahi dute. Iosu Etxezarraga indusketen zuzendariak azaldu duenez, «hori jakinda, diseinatu ahalko dugu datorren urterako hilerri osoa industea geratzen zaigun».

Bestetik, elizaren inguruan geratzen zaien galderetako bat da, XIX. mendean bota zuten elizaren dimentsioak jakitea. «Iaz topatu genuen horma bat eta horma horrek ematen du XIV. mendean eraikitako elizaren horma dela. Baina ez dugu ikusi gehiago kanpoan. Dirudienez, XVI. mendean eraikitako elizak XIV. mendeko burualdea baliatu zuen eta pixka bat zabaldu zuten», azaldu du Etxezarragak. Hori frogatzeko, iaz topatu zuten horma eta orain bi urte topatu zutena elkartzen ote diren begiratuko dute. «Horrekin ikusiko dugu eraikuntza nolakoa izan zen». Bestalde, diagonalean beste koadro bat ireki nahi dute, ermita laukia izango zenez, luzera eta zabalera jakin ahal izateko.

Aurten beste eremu bat ere industen ari dira. «Eremuaren ondoan haitz bat dagoela ikusi izan dugu», esan du Etxezarragak. «Bertatik ikuspegi zabala du. Aralar osoa ikusten da, Auzagazteluko gaztelua, eta Mendikuteko gaztelua eta Zelatungo igarobidea ere bai. Pentsatu genuen Erdi Aroko testuinguruan leku egokia izan zitekeela begiraleku bat jartzeko». Iaz ikusi zuten XVIII. edo XIX. mendeko materiala dagoela, eta zaharragoak ere ateratzen direla ikusi dute. «Teila eta harri asko ateratzen da, baina jakin nahi dugu hondakin guzti horien azpian ba ote dagoen gizakiak egindako egiturarik».

Elizaren faseak eta hilobi motak

Aurreko bost kanpainetan Sanpedroburuko eliza zaharraren forma eta tamaina ezagutu dituzte. Lau eliza edo faseren aztarnak topatu dituzte. Lehenengoak zortzigarren mendekoak direnak, bigarrenak XI. mendearen hasierakoak, hirugarrenak 1300 urtearen ingurukoak, eta laugarrenak XVI. mendearen hasieran eraiki eta XIX. mendera arte iraun zuen elizarenak. Aurreko bost urte horietan jakin dute nola garatu zen eliza.

Duela bi urte, eta batez ere iaz, hilerriaren zati bat induskatu zuten. Hiru motatako hilobiak aurkitu dituzte bertan: batzuk haitzetan egindakoak, tapa batekin, bainuontzi formakoak esaten zaionak; besteak harlauzak erabiliz egindakoak; eta hirugarren mota hobi soil bat da, zulo bat eginez eta gero gainean lurra botaz.

Aurtengorako ez dute crowdfunding kanpainarik antolatu. «Aldunditik esan zidaten inoiz baino diru gehiago emango zigutela, ikusten dutelako proiektuak merezi duela», esan du Etxezarragak. «Baina oraindik ez da atera diru laguntza deialdirik, eta guk lanean hasi behar genuen. Fidatu egin beharko dugu gero dirua iritsiko dela».

Indusketako lanen ondoren bulego lanak etorriko direla esan du zuzendariak. Batetik, informazioa landu behar dute, txostenak eginez, eta topatutako material arkeologikoak garbitu eta identifikatu behar dituzte.

Sanpedroburun kanpaina gehiago egiteko asmoa dute. Iazko kanpainan, hilobi baten barruan erromatar garaiko zeramika bat topatu zuten. «Horrek ate berriak ireki dizkigu», esan du Etxezarragak. «Uste genuen zazpiehungarren urte inguruan hasi zela hemengo populaketa, eta zeramika horrek esaten digu inguruan izan zitekeela aurreko garai bateko bizilekuren bat. Hori ikustea izango da hurrengo urteetarako erronka».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!