[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Ohitu beharra daukazu, eta zenbat eta lehenago hobe»

Imanol Garcia Landa 2017ko abu. 3a, 16:50

Moto istripu bat izan ondoren bizitza aldatu zitzaion Ion Galarragari (Bidania-Goiatz, 1985). Orduz geroztik gurpildun aulki baten gainean egin behar du bere bizimodua. Bere kabuz moldatzen da egunerokotasunean, eta horrez gain, kirolean aritzen da. Txirrindularitzan hainbat sari eskuratu ditu, tartean Behobia-Donostian bigarren postua, Euskadikoan txapeldun, Espainiakoan laugarren, Madrileko Maratoian lehen eta hirugarren postuak, eta Azkoitia-Azpeitian lehen postua.

2001ean bizitza aldatu zitzaizun, 16 urterekin moto istripua izan eta gero. Nola gogoratzen duzu gertaera hura?

Egia esateko ez da oroitzapen ona, baina gertatu zen eta listo, ez dago bueltak ematen aritu beharrik egun horri. Larunbata zen, eta goizean arrantzara joan nintzen eta handik itzultzerakoan, etxera nentorrela, motoarekin istripua izan nuen. Petril bat jo nuen; egun horretan haize handia zegoela esaten zuten, baina egia esateko ez dut gogoratzen zer gertatu zen. Paraplegiko geratu nintzen eta orduz geroztik gurpildun aulkian nago.

Eta hor prozesu bat hasiko zen, hau da, egoera berri horretara ohitu edota onartzearena. Nola joan zen hori?

Lehengusu txiki bat nuen gurpildun aulkian zegoena, eta banekien nola zen kontua gutxi gorabehera; eta lagun batzuk banituen eta banekien nola zen bizi hau, orain dudana. Orduan, ahal den eta azkarren eta ahal den eta hoberen saiatu nintzen eramaten egokitzapen hori. Azkenean, norberarentzat eta ingurukorentzat ere onena horixe da.

Errehabilitazio luze bat behar izan zenuen. Nola joan zen?

Aurrena Donostian egon nintzen ospitalean ia hilabetez ingresatuta eta gero Toledora joan nintzen. Gure egoeran dauden pertsona gehienak bertara eramaten dituzte, ospitale espezializatu bat dago-eta bertan. Han ia sei hilabetez izan nintzen. Bi hilabetez zainketa intentsiboetako unitatean egon nintzen eta gero gelara pasa ninduten. Erakusten dizute zure bizitza nolakoa izango den, kotxean sartzen, aldatzen, eta horrelako gauzetan bizitza errazago eramateko.

Zer izan zen zailena prozesu horretan?

Egia esan dena berria da, beraz, ohitu beharra daukazu, eta zenbat eta lehenago ohitu hobe, eta zenbat eta burua gutxiago jan, orduan eta hobeto. Ni beti pertsona irekia izan naiz horrelako gauzak ikasteko, eta ez nuen izan inongo arazorik horretarako.

Zurea bezalako kasuak ere ikusiko zenituen Toledon, edo agian okerragoak.

Azkenean gutxi batzuk ziren ni baino hobeto zeudenak. Ni han egon nintzenean, ospitaletik oinez ateratzen bat edo bi ezagutu nituen; eta beste guztiak okerrago zeuden, ezin eskurik mugituta adibidez, eta laguntza asko behar izaten zuten. Horrelako gauzak ikusita, azkenean pentsatu eta ikusten dut zortea izan dudala ni nagoen egoeran egonda.

Bizitza aldatu zitzaizun, bizitzari begiratzeko modua ere bai?

Pixka bat bai, egia esateko. Lehen ez nien erreparatzen orain ditudan arazoei, zer gauza egin ditzakedan eta zein ez. Orain, ohartzen zara gizarte honek zenbat gauza dituen hobetzeko.

Aipatuko zenuke hobetzeko dauden horietakoren bat?

Adibidez, hainbat lekutan dauden koskak. Arazo gehienak horiekin izaten ditut.

Toledotik bueltatzerakoan, ikasketekin jarraitu, gero lana aurkitu... Horiek aurrera eramateko oztopo berezirik topatu zenuen?

Egoera horretan ez nuen arazorik izan. Ikasketak bukatu nituenean herriko enpresa batean praktikak egitea eskatu nuen, ni joan nintzen gainera, eta beraiek ez zidaten inongo arazorik jarri. Orain beste enpresa batean nabil, eta ez dut arazorik lanean aritzeko. Administrazioko ikasketak bukatu nituen eta bulego batean administrazio kontuak egiten ditut.

Zure antzeko egoeran daudenek orokorrean arazoak izaten dituzte lanak topatzeko?

Nik ikasketak horri begira egin nituen. Zer aukera nituen ikusi nuen nire egoeran egonik, eta pentsatu nuen administrazioko ikasketak egitea, lana errazago aurkitzeko.

Eta nola moldatzen zara egunerokoan aulki baten gainean?

Ez dut inongo arazorik edo oztopo handirik behintzat. Zu egokitzen zara gauzak ahal duzun errazena egitera. Azken finean, moldatzen naiz.

Interesgarria izan daiteke jendeak ere gurpildun aulki batekin proba egitea, zure lekuan jartzeko eta ikusteko nola sentitzen zaren?

Jendea gero eta kontzientziatuagoa dago gure egoerarekin. Gauzak gero eta errazago jartzen ari zaizkigu, baina badaude gauzak hobetzeko ere. Horri begiratuta, ondo egongo litzateke agintariak behinik behin gurpildun aulkian jarri eta zer eragozpen dauden ikustea. Bide batez, guri ematen zaizkigun laguntzez aprobetxatzen direnak adibidez elbarritasun txartelaren kopia erabiliz aparkatzen dutenak jarriko nituzke gurpildun aulki batean zer den ikusteko. Tolosan, adibidez, askotan tokatzen zaigu aparkaleku normal batean aparkatzea, elbarrientzako aparkalekuak hartuta daudelako, eta beraz ez dugu izaten erraztasunik ateak behar bezainbeste ireki eta aulkia ondo ateratzeko.

Barne indar berezia behar da bizitzan horrelako aldaketa bati aurre egiteko?

Bakoitza den bezalakoa da, eta nire kasuan ez dut inolako eragozpenik izan egoera berrira egokitzeko. Beti aurrera begiratzeko ohitura daukat eta ez dut arazorik izan. Ikusten da egoera berrira egokitzea kostatzen zaion jendea; nik, behintzat, animatuko nituzke buruari ez hainbeste buelta ematera, eta egoera lehenbailehen onartzera, bestela zu eta zure ingurukoak ito eta erotu egin daitezke.

Bizitzaz eta norbere buruaz asko ikasteko balio izan dizu?

Agian bai. Gauza batzuetan bai. Ez naiz gauza horietan pentsatzen jartzen. Daukadana daukat, eta ahal dudana egiten dut.

Kirolean aritzen zara eskuekin mugitzen diren bizikletekin lasterketak eginez. Nolatan hasi zinen?

Lehenago beti ibili izan nintzen korrika, atletismoa egin nuen, eta istripua izan ondoren hamar bat urte egon nintzen ezer ere egin gabe. Zerbait probatzeagatik, bizikleta probatzea pentsatu nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Dagoeneko lau urte daramatzat bizikletarekin proba ezberdinak egiten, eta gero eta hobeto eta gero eta gusturago, eta hori ikusita segitzeko gogoz nago behintzat.

Sariak ere lortu dituzu. Zein dira garrantzitsuenak?

Niretzako behintzat, bizikleta ekarri nuenean beti nuen ideia Behobia on bat egiteko. Iaz lortu nuen bigarren egitea, eta hori daukat buruan. Euskadiko eta Espainiako txapelketetan parte hartu dut azkeneko hiru urteetan, baina garrantzia gehiago ematen diot Behobiako bigarren postuari.

Babeslea ere baduzu.

Azkenean gastu batzuk daude eta ate batzuk ere jotzen dituzu. Batzuk laguntza bat edo kolaborazio bat ematen dute, baina beste batzuk ez, eta ez da ezer pasatzen. Saiatuz gero lortu daitezke.

Kirola egitea ez dela dohainik ateratzen...

Azkenean bidaia pila bat daude, eta gastu asko. Gainera badakigu bizikletan ibiltzeak zenbateko gastua duen: bizikleta bera, gurpilak, kaskoa... Dena da gastua. Urtean zehar diru pila bat joaten da.

Nola aritzen zara entrenatzen?

Astean zehar sei egunetan entrenatzen dut, eta egun batean izaten dut atsedena normalean. Ordu eta erdi edo bi orduko entrenamenduak izaten dira, eta asteburuan pixka bat luzeagoak egiten ditut. Saiatzen naiz gehiena kanpoan egiten, eta ezin denean, eguraldiak ez duelako laguntzen, etxean arrabolean ibiltzen naiz.

Zein txapelketa duzu aurki?

Asteburu honetan Espainiako Txapelketa daukat. Zalantzak ditut, eta ikusiko dugu aurten nola ateratzen den. Iaz ia podiuma lortu nuen, baina ikusi beharko dut nola nagoen eta jende berria nola iristen den.

Nolakoak izaten dira probak?

Larunbatean izango dugu erlojupekoa, 17 kilometrokoa, eta igandean errepidekoa, 45 kilometro ingurukoa. Bakoitzak bere podiuma izango du.

Aipatu duzun moduan, azaroan Behobia-Donostia izango duzu jomugan. Aurten irabazteko asmoz joango zara?

Bai, ondo egongo litzateke. Zaila da, baina saiatu egingo naiz.

Lasterketak egiteaz gain, plater tiroketan ere aritu izan zara.

Aurreko urtean egin nuen lehenengo txapelketa. Aurten ere parte hartu dut, baina gero eta gutxiago, ez baita erraza bateratzen bizikleta eta tiroketa. Oraingoz behintzat txirrindularitzarekin jarraituko dut eta tiroketa aurrerago hartuko dut.

Beste kirolik egiten duzu?

Ez, saiatu nintzen atletismoko aulkiarekin, baina ikusi nuen ezin nuela eta orduz geroztik bizikleta eta tiroketa egin dut, baina besterik ez. Ez daukat ezta ere denborarik gehiago egiteko. Egunean zehar lana egin eta arratsaldean entrenatu; beraz, egunak ez dit gehiagorako ematen.

Zein ekarpen egiten dizu kirolak, bai fisikoki eta baita buruarekiko ere?

Nik beti egin izan dut kirola, eta beti nuen gogoa itzultzeko. Askatasuna ematen dit bizikletak nahi dudan tokira joateko, nahi dudana egiteko. Horregatik ibiltzen naiz kirol honetan.

Nondik ibiltzen zara entrenatzen?

Nire herri aldean segurtasunari begira ez daukagu batere ondo, eta, beraz, Alegia, Zaldibia eta Amezketa inguruan ibiltzen naiz. Errepideak zabalagoak dira, eta kotxe gutxiago daude ondoan autobidea pasatzen delako. Hori bai, beti izaten dira presaka dabiltzan kotxeak. Eta azkenaldian gertatzen ari diren istripuak ikusita, segurtasunari begiratu beharra daukagu. Kotxeek txirrindulariak ez badituzte ikusten, gu lurraren kontra etzanda goazenez, oraindik eta gutxiago ikusten gaituzte, eta hori dena ere kontuan hartu beharra dago.

Orain gutxi Errezilen izan zara. Azken urteetan hainbat gazte hil dira istripuz errepidean. Zu zure bizipena kontatzen egon zinen. Nola joan zen jardunaldi hori?

Interesgarria iruditu zitzaidan. Abiadura motoekin eta kotxeekin elkartuta, istripu pila bat gertatzen dira. Inguruko herri bat izanik bertara joan eta nire esperientzia kontatzea pentsatu nuen, ikusteko zer pasa daitekeen istripu bat izanez gero.

Zein garrantzia dute horrelako jardunaldiek?

Beti izaten dira arriskuak abiadura eta motorra nahastuz gero. Umeak edota gazteak zenbat eta lehenago kontzientziatu, hobeto da, ideia bat egiteko eta pixka bat kontzientziatzeko behintzat.

Erreferente bat izan zaitezke zure egoeran aurkitzen diren gazteentzat. Zer esango zenieke?

Ez dakit erreferente egokiena izango naizen. Mundua ez da bukatzen istripu bat izan eta gurpildun aulkia geratuz gero. Posible da aurrera ateratzea eta nik ez du arazorik izan, eta ez dut uste nire egoera berdinean dauden beste pertsonek ere arazorik izan dezaketenik bizitza normal bat bere erara aurrera eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!