Adinekoen bizi kalitatea hobetu asmoz

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 26a, 11:23

Eguneko zentroan elkartzen dira adinekoen dinamizazio programako partaideak.

Bi ostegunez behin biltzen dira adinekoen dinamizazio programakoak.

Martxan jarri da Bidania-Goiatzen adinekoentzako dinamizazio programa, Saiaz Mankomunitateak antolatuta. Lahar Elkargoko Maria Herencia psikologoak gidatzen du bi ostegunez behin eguneko zentroan elkartzen den taldea, 15:00etatik 17:00etara. «Oso ondo hasi da taldea; parte hartzaileak oso jatorrak dira», esan du Herenciak. Hamabi pertsona inguru elkartzen dira eta hurrengo saioa bihar bertan izango da.

Programaren bitartez bi helburu nagusi lortu nahi dira, Herenciak azaldu duenez: «Batetik adinekoen bizi kalitatea hobetzea, adibidez, harreman sozialak eta aisiarekiko gozamena sustatuz, eta bestetik, menpekotasuna sortu dezaketen gaixotasunak, dementziak adibidez, saihestu edo behintzat haien agerpena atzeratzea».

Saio bakoitzean Herenciak edota parte hartzaileek proposatutako jarduerak egiten dituzte: memoria, arreta eta mintzaira lantzen da, euskal abestiak kantatu, gimnastika egin, albisteak komentatu...

Menpekotasun fisiko eta psikikorik ez izan edo gradu txikian duten 65 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago programa. «Gehienak autonomoak dira oraindik», esan du Herenciak. «Landa eremuko adinekoek arrisku talde bat osatzen dute, aisiarako aukerak mugatuagoak baitituzte, eta topagune gutxiago dituztenez, harreman sozialak sortzeko ere aukera gutxiago dituzte. Hauen autonomia bultzatzea eta sentitu dezaketen bakardadea saihestea oso garrantzitsua da». Programa abendura arte luzatuko da. Parte hartu nahi duenak gizarte langilearekin jarri daiteke kontaktuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!