Inbertsioetara 130.000 euro bideratuko ditu udalak aurten

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 12a, 11:30
Eskola zaharreko teilatua konpontzea izango da aurten egingo den inbertsioetako bat.

660.000 euroko aurrekontua onartu du Bidania-Goiazko Udalak 2017rako.

Bidania-Goiatzek badu aurtengorako udal aurrekontua, otsailaren bukaeran osoko bilkurak onartu, eta hilabetez agerraldi publikoan egon ondoren. 660.000 eurokoa da onartutako aurrekontua, baina, Joxe Erramun Goikoetxea alkateak azaldu duenez, «urtero aldaketak izan ohi dira, egin ahal diren inbertsioen arabera».


Udal aurrekontutik inbertsioetara 130.000 euro bideratuko ditu udalak. Proiektuetako bat eskola zaharreko teilatuaren konponketa izango da. «Urte askoan ez da ezer egin teilatu horretan, eta ikusita zein den egoera, berritzea erabaki da», esan du Goikoetxeak, eta obrak maiatza aldera egitea aurreikusten dutela gaineratu du. Egun biltegi moduan erabiltzen du udalak eraikin hori.

Aurreko urteetan egin den moduan, herri bideak konpontzeko ere dirua bideratuko da. Gehienbat baserri bideak izango dira, eta Bidanian zein Goiatzen egingo dira konponketak. Lan hauek ere maiatza aldera egitea aurreikusten du udalak.

Txinkorta eskolako barruko argiteria aldatzeko asmoa du ere udalak. «Gaur egun dagoen argiteriak kontsumo altua du eta horri konponbide bat eman nahi diogu, kontsumo baxukoa jarriz», esan du Goikoetxeak.

Aurten egingo den beste inbertsioetako bat Goiazko Agerre eta Auztegi baserrietara ur sare berria eramatea izango da.

Udaletxea eraberritzearen proiektura bideratuko da inbertsioetako kopuru handiena, 70.000 euro, hain justu. Udal teknikariarekin proiektua martxan jarri du udalak, eta horretarako kopuru bat utzi dute. «Aurretik memoria bat egin zen eta urte batzuk pasa ondoren berriro ere heldu behar diogu gaiari», esan du Goikoetxeak. Besteak beste, irisgarritasuna bermatzeko azterketa bat egin behar dela azaldu du, igogailua non joango den zehazteko.

Aurreko urtean kopuru bat bideratu zen proiektu horretara, ez zen erabili eta aurten ere beste kopuru bat jarri da. «Proiekturako jarritako kopurua handitzen doa. Obra handia denez, zatika joan beharko dugu gauzatzen», zehaztu du Goikoetxeak. Legealdi honetan proiektua bideratzea espero dute, besteak beste, beharrezkoa den finantziazioa lortuz.

BIDANIAKO SANEAMENDUA

Herriko azpiegiturei dagokionez, gasa herrigunean izatearen lana bukatuta dago. «Aurrera begira ikusi behar da herrigunetik kanpo gasaren azpiegitura eraman behar den», esan du alkateak. Bestalde, Bidania-Goiazko argiteria ere berrituta dago bere osotasunean.

Egun, Bidaniaren herrigunean dagoen saneamendua aztertzen ari da udala. «Saneamendua konpondu beharra dago, eta orain zenbakiak ateratzen ari gara», azaldu du Goikoetxeak. «Orain arte ez da berrikuntzarik egin eta behar handian aurkitzen da gaur egun. Finantziazio bila ari gara, inbertsio nahiko handia delako».

Egungo sisteman orain dela 30 urtetik gora jarritako tutuak daude, hodien ordez. Bestalde, ur zikinak eta garbiak denak batera doaz, eta bakoitza bere hoditik eraman nahi dira. «Ikusten da gaur egungo tutuetatik ez dela ur zikina bere lekura iristen, bidean galtzen baita egoera txarrean daudelako», gaineratu du Goikoetxeak.

2017KO AURREKONTUA: 660.984 euro

GASTUAK (EUROTAN)

  • Pertsonal gastuak             163.186
  • Ondasun arrunt. eta zerb. 242.623
  • Finantza gastuak                    699
  • Transferentzia arruntak     101.500
  • Inbertsio errealak             130.759
  • Finantza pasiboak               22.214


SARRERAK (EUROTAN)

  • Zuzeneko zergak             117.850
  • Zeharkako zergak             20.000
  • Tasak eta bestel. zergak    95.440
  • Transferentzia arruntak    400.105
  • Ondare sarrerak                20.000
  • Kapital transferentziak        7.589


INBERTSIOAK (EUROTAN)

  • Ur hornidura                       18.000
  • Herri bideen konponketa      27.303
  • Liburutegiko teknol. berriak   1.203
  • Udaletxea eraberritzea         70.000
  • Eskola etxeko erretila lanak  11.252
  • Ostatuetako tresneriak           3.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!