«Dena da hizkuntza, dena da politika, dena da bertsoa, dena da konpromisoa...»

Amets Arzallus 2017ko urt. 15a, 09:57

Amets Arzallus eta Jexux Arzallus, Goiatzen, aitaren jaiotetxean elkarrizketa amaitu ostean.

Hain izen dibinoarekin destinuz kontra egin zen hain razionala. Hain abizen jeltzalearekin destinuz kontra egin zen hain errebeldea. Izen abizenak errimatuak zekartzala ikusirik, horretan behintzat, destinuaren deiari segitu zion.

Aita, zure jaiotetxean gaude, Goiazko baserrian, orain obratan dago eta hezurrak bistan ditu. Elkarrizketa egiten ari garen leku hau baserriko zein parte zen?

Gu gauden leku hau oilategia zen. Etxeko sarrerako atea hortxe zegoen, eta sartu eta aurrez aurre karrea. Eskuineko aldera sukaldea, eta ezkerreko aldera oilategia. Eta leiho horren ezkerreko aldera ganbelaurrea, behiak-eta egoten ziren askak.

Zure aita eta ama hemen baleude, non legoke ama, eta non aita?

Aita goizean jaiki eta segidan behiak jeiztera jaisten zen. Eta ama handik ordu erdira jaikitzen baldin bazen, eltzea jarri sutan eta kafea egiten hasten zen. Beraz, jaiki berritan aita ukuiluan eta ama sukaldean. Hortik aurrera baserriak sortzen zituen lanak bien artean egiten zituzten. Baratzera eta artajorrara ama eta aitak belarra moztu, udazkeneko iñaurkinak bildu, garoak, ximaurrak zabaldu...

Eta zuek, haurrak, non?

Gu beti bueltaka, laguntzen. Goizeko bostetarako jaiki eta behiak jeizten hamaika urterako. Gero artajorran ere bai. Edo aita belarra mozten ari baldin bazen gu zabaltzen. Eta hamabost urterako segan belarra moztu eta bildu, metabelarrak egin, baserrira edo etxera sartu, egurra moztu...

Zure aita, aitona Bitoriano, ni sortu aurretik hil zen. Nolako gizona zen?

Baserritar guztiak bezala goizetik gauera arteko langilea, eta oso elizkoia. Zintzo xamarra ere bai, gehien haserretzen zelarik ere, mekauen la puñeta eta koño esaten zituen. Dios hitza behin ere ez zuen aipatzen, eta ostia ere ez.

Nik amona ezagutu nuen, baina harremana ezberdina da amona delarik edo ama delarik. Zuk ama nola ikusten zenuen?

Ama indartsua zen oso. Gai zen lan guztietarako. Berdin baserriko lanetarako, etxekoetarako, behiak jeizteko, belarra mozteko. Gorputza ere azkarra eta zabala zuen, hezur handitakoa. Eta nik uste etorkizuna aitak adina ikusten zuela amak ere. Norabideak bien artean trazatzen zituzten beti.

Zure oroitzapenak non hasten dira? Zein duzu lehen irudia?

Ni oroitzen naiz aitak berrogeita hiru urte bete zituela. Hark berrogeita hiru urte bete baldin bazituen 1960a zen, nik sei bat urte izango nituen, eta hortxe daukat memorian lehendabiziko argazkia.

Zer ikusten duzu argazki horretan?

Aita arrautza prejitu oso bat jaten. Eguerdian, edo gosaltzen seguru asko, arrautza prejitu osoa jaten ikusten dut aita. Hori baino lehenago nik uste dut platerean bi edo hiru arrautza ikusten genituela eta etxeko denak handik ogiarekin busti eta jaten aritzen ginela. Eta gogoan dut, berrogeita hiru urterekin, aitak arrautza prejitu osoa jan zuela.

Hain xumea zen zuen baserria?

Guk goserik ez genuen ezagutu baina mixeria eta juxtu-juxtuko bizitza bai. Nik beti jartzen dut adibide bezala hamar ume eta sei behi zeuden etxean mixeriak egon behar zuela nahi eta nahi ez.

Eta xume edo pobre izatearen kontzientziarik bazenuten?

Ez dakit hitza pobrea den, nik mixeria esango nuke, dena juxtu-juxtuan; sei behi, esnea, patata, babarruna, eta txerria hildakoan haren puskak. Baina ez dakit horren kontzientzia bagenuen, nik uste denak ginela berdintsuak hemen. Batez ere bideagatik. Baserri honetarako bidea oso bihurria baitzen, basoko bidetxur bat besterik ez zuen, ia-ia biderik ere ez. Goiaztik Urrakirako bidea kilometro batera zegoen goian, eta kalera ere kilometro eta erdi. Beraz nahiko kondenatua zegoen. Gero baserrirako bidea egin zen, eta bide horrekin dena aldatu zen. Lehen sei behi zeuden lekuan igual zeuden hamar, eta hortik aurrera jan zitezkeen arrautzak binaka eta hirunaka ere.

Gosea juxtu-juxtu ezagutu zenuen, hotza berriz konfiantza egiteko adina bai...

Hotza pasatu genuen ikaragarria. Orain baino hotzago egiten zuelako, eta ez genituelako orain ditugun jantziak. Gu arbitara joaten ginenean neguan, elurraren azpitik arbia ateratzen ibili, eskuak izoztu, ekonomikaren txaparen gainean berotzen jarri, eta berriz hotzetik berora pasatzeko momentu hartan saltoka ibiltzen ginen minez. Sumindu esaten genion. Hotz handia egiten zuen eta gu galtzontzillorik gabe ibiltzen ginen. Ez dakit noiz hasiko ginen galtzontzilloak janzten.

Eta lehenengo galtzontzilloak egunetarako izango ziren ez?

Guk behin galtzontzilloak jantziz gero kendu gabe ibiliko ginen urte pare batean igual!

Zure haurtzarotik gaur egunera gure behar materialak asko aldatu dira, zuk bi garaiak ezagutu dituzu; zure ustez zenbat behar da bizitzeko?

Orduan dena falta zen bezala orain dena sobran dago. Nire ustez bi galtza parerekin bizi liteke pertsona. Eta bi jertserekin ere bai. Eta naturalki egunean zehar jaten dugunarekin, horrekin bizi liteke pertsona bat zoriontsu. Hortik aurrera sobratzen zaigun guztia, etxean sobran, eta burua ere garbitu baino gehiago zikindu.

Eskolan zer ikasi zenuen?

Guretzako ez zen irakaslea, maestra zen, eta hamabietan atera aurretik kalkulu mentala jartzen zigun; otxo mas otxo dieziseis, por kuatro... kalkulu mental hori egunero eragiten zigun maestrak, eta hala, matematika nahiko errex ikasi genuen. Gramatika berriz guretzako barregura bat zen, guk ez baikenuen ezer ulertzen, ez preteritorik eta ez pluskuanperfektorik. Eta Historia de España ere irakurtzen genuen baina ezer ulertu gabe, eta ikasi ere, halabeharrez, dena memoriz.

Ez da erraza ulertu gabekoa ikasten.

Ez, baina orain pentsatzen dut horrek bentaja bat ere izan zuela, memoria lantzea. Agian politagoa izango zen dena irakurri hala, ikasi hala, ulertzea, baina ulertu ezinak memoriaren muskulua indartzen lagundu zigula uste dut. Ulertzen ez duzuna ikasteko bide bakarra horixe baita.

Eta erlijioaren mundua?

Mundurik ilunena zen erlijioa. Horrekin beldurrez bizi ginen beti. Basoko Sakamantekasekin baino beldur gehiago genuen hil eta segituan infernura joatearekin. Gainera nahikoa zen amak gordetako txokolate tableta jatea, segituan irekita zegoen infernura joateko atea. Horientzat dena pekatua zen, eta gu beti pekatuan geunden. Eta konfesatzera joanda ere gezurrak kontatzen genizkion apaizari, orduan lehen baino pekatu handiagoa.

Eta nola marrazten zizueten infernua?

Behin ere bukatuko ez zen sua. «Ikusten duzue Hernio mendia? esaten zuen apaizak txori batek urtean behin puska txiki-txiki bat kenduko balio, azken-azkenean Hernio bukatuko litzateke, bada Hernio bukatuko litzateke baina infernua ez da behin ere bukatzen! Herniori urtero puska txiki bat kenduz kenduz mendia desagertarazi arte baino gehiago iraungo du!».

Jainkoa zalantzan jartzen noiz hasi zinen?

Hamasei urterekin hasi nintzen lanera, eta hemezortzi bat urte nituela edo, Patxi Astibia aizkolariaren lehengusua, Martin Astibia, etorri zen gure lantokira. Lehendabizi tornu programatu hori erabiltzen ikasi behar zuen eta goiz eta arratsalde lauzpabost hilabeteko ikastaroa egin zuen tornu horren ondoan nirekin. Nik hari tornua nola zebilen erakutsi nion, eta hark niri gainontzeko guztia; zer zen esplotazioa, kapitalismoa, Euskal Herria, independentzia... Nonbait preso egon berri xamarra zen, eta hark esan zidan niri non zeuden gure hizkuntza, gure frankismoa, gure erlijioa, gure kultura... Bekatu guztiak orduantxe ikasi nituen, eta zerua orduantxe ireki. Lopategi eta Azpillaga zein onak ziren bertsotan ere hark esan zidan. Eta orduan dena batera etorri zen, bertsotan hasi, jainkoa haizea hartzera bidali...

Sinisle itsu umetan, gero jainkoa haizatu, egun nola asetzen dituzu zure behar espiritualak?

Mundua lehen gaizki ikusten baldin bagenuen oraindik ere nahiko bihurria eta esplotatua ikusten dut, eta nire fede guztia horretxen transformazioan eta horretxen ahaleginean bizi da, pertsonaren garapenean.

Eta bizitzaren eta heriotzaren muga horiek nola ikusten dituzu?

Oraindik ez dut uste gure eskura dagoenik baina nik beti pentsatzen dut patrikan azeituna bat eduki behar genukeela. Bizitzan arrastaka ibiltzen hasiz gero azeituna hori jan eta beste aldera joateko. Heriotzaren mugari hola begiratzen diot nik.

Bertsoak zer leku zuen zuen haurtzaroan?

Gure auzoko baserrian, Auztegin, bazen osaba bat, osaba Martzelino, leihoan bertsoak kantatzen egoten zena. Txirritaren bertsoak-eta. Bestalde, gu mutil koxkorrak ginela, Radio Loiolak igandero egiten zituen lehiaketak entzuten genituen. Igandero-igandero bi bertsolari egoten ziren irratian, horiek entzun eta gero botoak bidaltzea posible zen etxetik, eta hurrengo astean esaten zuten zeinek atera zituen botorik gehiena. Eta gogoan dut Loiola irratiko bi bertsolariak entzun eta gero, igande bazkalondoan edo, Auztegiko nire lagun Xantirekin elkartu sagar baten azpian eta hura nola hasten zen: «Bertsotan hasiko naiz jator eta ondo, ni ere hasiko naiz zu bezain ondo...». Hori zen gure bertsoa.

Eta txapelketa nagusiak eta?

1965eko txapelketa nagusian Lazkao Txikik jokatu zuen buruz burukoa Uztapiderekin. Eta akordatzen naiz gure aita eta ama nola zeuden mahaiaren gainean eserita, hankak sillan jarrita. Ondo-ondoan irrati handi bat, gutxienez sesenta por otxentako bat, eta gu han ixil-ixilikan, beharko egon. Bertsoa entzuten zuten arretaz.

Eta zu bertsotan noiz eta nola hasi zinen?

Lantokian hasi eta gero. Hala ere, guretzako bertsolari gazterik ez zuen existitzen garai hartan. Guk bertsolariak ikusten genituen azpeitiarrak, Mitxelena, Lazkao Txiki, baina ez genuen pentsatzen bertsolariek bizitza aldatzeko ezer askorik balio zutenik. Lopategirekin eta Azpillagarekin aurkitu genuen bidea. Baina hasi batere uste gabe hasi nintzen. Gure Villabonako lantokiko greban nahiko aktibo ibilitako lau soldaduskara zihoazen, eta agurtzeko afari bat egin genuen Zizurkilgo Pantxikanean. Ni ordura arte ez nintzen behin ere aritu bertsotan, eta saiatu ere ez. Mozkortu egingo nintzen dexente, eta Inaxio Iguaranekin puntuka hasi nintzen afalondorenean. Hark bertsoa hasi eta bukatu egiten zuen ordurako. Nik ez. Eta horixe da nire memorian bertsotan lehenbiziko aldiz egin nuen eguna, Inaxio Iguaranekin puntuka.

Entzun izan dizut bertsotan hasteko hiru errezeta zeudela...

Bai, bat talentua edukitzea, bi ausardia handia izatea, eta hiru mozkortzea. Hiru horietako bat behar zuen behintzat, eta nik uste hirugarren horretatik hasi nintzela.

Eta lehenengo plaza noiz egin zenuen?

Pantxikanen kantatu, eta Bidaniako kuadrilla afarietan pixka bat saiatu eta gero, laster enkargua iritsi zen gazte batzuk Oñatira bertsotara joateko. Andoni Zelaia bidaniatarrak, «ez, ez, ni ez nauk joango», «ba ni ere ez» nik. Baina udazkena edo negua izango zen, eta arbi soroan ari nintzen, arbia atera, arbia zuritu, eta gurdia kargatzen. Etxera nindoala, gure auzoko Migel Mari etorri zitzaidan, eta hark esan zidan, «nola ez hoala bertsotara? Nahikoa dek! Kuatro L-an sartu eta goazen Oñatira!». Eta hala joan nintzen. Uste dut Mikel Mendizabal zela gaiak jartzen, Matxinendiarenak kantatu zuela uste dut, Iñaki Muruak... ez dakit, eta gero gu baino zaharragoak Oñati ingurukoak edo, Kortabarri bat... Hantxe egin nuen jende aurrean lehenbiziko saioa, Oñatin.

Zein ziren zure bertsolari erreferenteak orduan?

Hasiera-hasieran Lasarte. Hain txintxo, hain zuzen eta hain garbi, gainera memoriz jasotzeko ere oso errexa. Beraz bertsoaren formaz beti Lasarte. Gero, bertsotan esaten zenari begiratuta, Lopategik eta Azpillagak egiten zutenak erakutsi zigun guri bidea.

Politikara pasako gara. Nerabezaroan zein zen zuen kontzientzia politikoa?

Ez genekien kontzientzia zer zen ere. Guk, ume aroan, ikusten genuen gora begiratu eta ilargia, eguzkia, lainoak, eta behera begiratuta lurra. Hainbeste kontatu ziguten mundua sei egunetan egin zuela jainkoak, eta zazpigarrenean deskantsua. Guk mundua mugitzen eta mugituko ez zen zerbait bezala ikusten genuen. Gainera gure gurasoek ere gerra egin zuten, gerrara joan ziren edo eraman egin zituzten, eta politikari buruz eta kontzientziari buruz ez zuten ezer esaten. Gerra ondorengo isiltasunean bizi ginen. Galderarik ez zen egin behar. Ez zegoen erantzunik.

Eta Euskal Herria zer zen zuretzat?

Guretzat Euskal Herririk ez zuen existitzen. Guri Historia de España erakutsi ziguten, Andaluzian zortzi probintzia, Castilla la Viejan bost, bestean sei, eta Provincias Vascongadas ikasi edo irakurri genuen, baina guretzako berdin-berdin zen Soria izan edo Oiartzun izan.

Eta Vietnamen gerra.

Hori bai, hori egunero kontatzen ziguten. Vietnamen eta Kongon beti gerra, mundu guztian gerra, eta gu bakean, veintizinko años de paz, zer suertea guk! Pixka bat esnatzen hasi ginen arte dena suerte bat bezala ikusten genuen, mundu guztian gerra eta gu krixtoren pakean. Eta Franco ere han ikusten genuen geldi-geldi.

Hala ere hamahiru urte zeneuzkala hil zuten Txabi Etxebarrieta, hemendik ez oso aparte, iritsiko zitzaizuen zerbait...

Bai, baina hori guretzako periodikoko suzesos ataleko zerbait bezala zen. Badakit gure ama goiz hartan Tolosara joan zela korreoan, eta etxera bueltan iluntzeko zazpi t'erdietan edo etorriko zen. Hark ekarri zuen etxera informazioa Bentaundi alde horretan guardia zibilek pertsona bat hil zutela, eta beste batek alde egin zuela. Gu beldurtuta egon ginen notizi hura entzuten. Uste dut guardia zibilak hemengo baso leku guztietan ibili zirela. Hurrengo egunean harrapatu zuten bestea, Iñaki Sarasketa, Errezilgo elizan. Baina guretzat bi eguneko lurrikara bat bezala izan zen, zer zen ere ez genekiena.

Nola gogoratzen duzu zure formazio politikoko garaia?

Frankismoaren bukaera zen, Franco hil eta ondorengo urteak, eta kalea eztabaidan bizi zen. Herri guztietan bazeuden taldeak, lantoki guztietan. Artean politika instituzionala ez zegoen martxan, eta hauteskunderik ez zegoen neurrian erabat laboratorioko eztabaida zen, baina eztabaida aberatsa. Jende asko jantzi zen politikaz. Gainera bazeuden formatutakoak, Herri Gaztedi eta halako taldeetan, ezkerraldekoak, praile izan eta utzitakoak, eta horiek seminarioak montatzen hasi ziren. Herri bakoitzetik bat edo beste begiz jo, elkartu eta asteburuko seminarioak egiten zizkiguten. Gai guztietaz eztabaidatzen zen, nazionalismoaz, klaseez, gizartea transformatzeko bitartekoez... Eta nik ez dakit formatu egin ginen edo deformatu, baina nola edo hala pixka bat jantzi ginen.

Hori izan zen zure irizpidea garatzeko abiapuntua?

Eskola horretatik pasa gabe mundua beste modu batera ulertu edo analizatu beharko genukeen, instintoz eta lehengoek kontatzen zizkiguten esaera zaharretatik. Beraz eskola hori munduak ondo edo gaizki nola funtzionatzen zuen ezagutzeko bide bat izan zen guretzat.

Eta orduan hartutako irizpideak gaur egungo mundua aztertzeko balio dizu?

Bai, izan ere, pixka bat aldatuta, baina lehen ikasitako sistema berarekin segitzen dugu. Eta gaur egun ere gisa horretako eskola ez litzateke gaizki etorriko. Esango nuke beharrezkoa dela. Gaurko gazteek gizartea nola dagoen ezagutzeko. Izan ere orain komunikabideetatik, partidu politiko batzuetatik, eta oso goiko burokrazietatik formatzen dira, hartu teknologia eta goitik denentzako zerbait eginez, eta nik uste orduko aurrez aurreko eskola hori, herri bakoitza auzoko herriarekin elkartu eta eztabaidatze hori, ona dela.

Zein ziren orduan zuen irakurgaiak?

Lehenik, patrikatik patrikara pasatzen ziren paper klandestinoak. Gero beste aldetik etortzen ziren eta ETAk bidaltzen omen zituen paperak eta liburu txikiak, koaderno txiki gorri bat eta. Bestalde, LAIA sortu zutenean bazegoen Sugarra edo halako liburuxka bat, eta gero Trotskiren liburuak, Leninenak...

Orduko seminario horietan eta tailer politiko horietan zenbaterainokoa zen bakoitzaren libertate kritikoa?

Tira... Gure herrira bi aldetatik etortzen ziren; Azpeitia alde horretatik etortzen ziren LAIA aldekoak, eta Tolosaldetik berriz ETA pm, edo LAB sindikatuaren sorrera hartakoak. Gure herrian bi horien txokea edukitzen genuen, igandero, bazkalondoan. Bi aldetakoak gu fitxatzera etortzen baitziren. Hala ere gero denak bost edo sei kotxe bete eta edozein lekutara joaten ginen festara, batera.

Eta batetik edo bestetik, erreka gehienak borroka armatuan itsasoratzen ziren, ala?

Borroka armatua hor zegoen, eta nik uste aspiradorak bezala egiten zuela, mugitzen ziren guztiak bere sarera bildu. Bat enkargu bat egiteko, bestea informazioa pasatzeko, eta bestea ez dakit zertan laguntzeko. Mugimendu hori nola edo hala ETAren barruan, zerbitzuan, edo inguruan zegoen. Noski ez jende dena, hor zeuden beste bideak, langileen klaseko alderdi, ezkerreko, baina ETAk asko biltzen zuen eta eragiten zuen inguru guztian.

Eta zenbateko onarpena zuen garai hartan?

Orduan ETAgatik esaten zen «hoik dizkie hoik potrok!». Hori edozein baserritarrek esaten zuen.

Emakumezkorik ez zen ETAn edo?

Ez dakit ba, baina hori esaten zen. Eta hauteskundeak etorrita ere batere politikari kasurik egiten ez zion jendeari ere entzun izan nion, «horiek? Nik presidente horiek jarriko nizkikek! Ez beste hemen dabiltzan txotxolo horiek!». Edozeinek esaten zuen hori, eta guk iparraldean ere sumatu genuen, ETAk egiten zuena eginda ere ez ikusiarena asko egiten zen, utzi egiten zitzaion funtzionatzen, bai mugaz beste aldean eta bai beste leku askotan.

Zu nola bizi izan zinen arriskuaren kontzientziarekin?

Beti alde guztietara begira. Zirenak eta ez zirenak, denak ziren sospetxosoak. Baina arriskuarekin bizitzen ohitu egiten zara.

Gero soldaduskara joan beharra etorri zen. Ihesbide bezala balio izan zizun?

Nola edo hala eten bat behintzat. Soldaduskara joan eta beste hamalau hilabeteko deskantsu bat, eten bat, edo alfertze bat. Alfer-alferrikako denbora galtzen bat baita.

Eta noiz ohartzen zara iparraldera alde egiteko momentua dela?

Kontziente zarenean polizia atzetik duzula. Hala moduzko txoke bat izan genuen, eta pentsatu nuen, «goazen, bestela gure bila datoz». Beraz, alde egin, hor ibili egun batzuetan mendian bueltaka, eta halako batean beste aldera pasa.

Iparraldera pasatutakoan, pixka batean bertsoa utzi, eta gero bertso eskolak sortzen hasi zineten. Nondik intuizio hori?

Guk bertso eskola zer zen ez genekien, baina mugaz bestaldera pasa eta Xanti Iparragirre ezagutu genuen. Hark beti esaten zuen, «Jon Sarasua-eta bertso eskolan hasi eta 1986ko finalera iritsi badira hemen ere lana eginez gero zergatik ez?». Eta hola pixkana-pixkana, hari entzun eta probatzen hasi ginen, eta denborarekin konturatu ginen baietz. Bestela ere beharbada gertatuko zen, beharrak beti bilatzen du bere bidea, baina gu Xanti Iparragirreri entzunda hasi ginen. Aurrena Inaxito Aierbek lagunduta bertso eskola bat Urruñan, gero Hendaian. Eta bidea holaxe agertzen da batzuetan, uste gabe.

Zein ziren zuen lanerako metodoak eta pedagogiak?

Ni zerotik abiatu nintzen. Uste dut beti hala hasten dela, inozentziatik, eta probatuz. Bazeuden bertso eskolara sartzeko prest zeudenak; Bixente Perurena GALek hildakoaren bi alabak, Argi eta Ester, Ihintza eta Haitz Ostolaza, Urko Atxotegi, eta beste Urruñako Ostiz bat... Inozentzia guztiarekin hasi ginen Inaxito eta biak, aurrena lau oinak jarrita, bestela bi oin emanda, ea egiten zuten... Gu ez baikinen irakasle, ez genuen ez metodo eta ez ezer, baina azkenean ikasleek berek erakusten ziguten gehiena. Akordatzen naiz bi Perurena ahizpetako gazteenak, Esterrek, nola esaten zidan, «probatzen hasi behar degu, berdin da trabatzen baldin bagera eta ezin baldin badegu ere, jarri niri lau oinak! Ni hasi egingo naiz!». Hola ikasi genuen.

Zuretzat hari kultural batetik konpromiso politikoari segida bat emateko modu bat izan zen?

Bai, baina uste gabe. Nik garai batean zalantzan jartzen bainuen, «bertsolaritzak zer emango dio ba politikari?», hasiera bateko inozentzia zen hori. Orain ikusten dut dena dela hizkuntza, dena dela politika, dena dela bertsoa, dena dela konpromisoa... Herrigintzarako bide bat azken batean.

Eta orain bertso eskolako hasi berri bati esplikatu beharko bazenio zein den bertsoaren zentzua edo funtsa, zer esango zenioke?

Gauza bat da bertsotan ikastea bera, bestea lagunartea aberastea, eta hirugarrena bertso eskolak gizarteak eta munduak dauzkan materia guztiak lantzeko, ezagutzeko, eta aztertzeko aukera ematen duela. Bertsotan egin behar duenari gaia jarri behar zaio beti. Berdin da aitona batenak, teknologia batenak, lagunarte batenak, preso batenak... Gairik gabe ari baldin bada bila ibili behar izaten du, eta azkenean bertso eskolan dabilen gazte bat formatzen da soziologian, kulturan, gizartean, gauza askotan. Eta ausartze horretan ere bai, bere iritzia emateko atrebimentuan... Nori ematen zaio bizitza honetan lan hori?

1996an Goizuetan Nafarroako txapelketa irabazi, eta handik gutxira utzi zenion bertsotan egiteari. Txapel harekin helmuga batera iritsi zinela ikusi zenuen?

Agian bai. Umetako gure kultura herri kiroleko lehia kultura zen, eta bertsotan elkarrekiko oso harreman onarekin, baina herri kiroleko lehiaren izpirituan bizi genuen txapelketa. Uste dut handik urte batzuetara, Egañaren garaitik-eta, jendea asko hezi dela lehiaketa horretara eta hein batean ezberdin bizi dela. Baina gure kultura herri kiroleko lehia hori zen. Eta alde horretatik, behin Nafarroako Txapelketa irabaztera iritsita, nik bertsotan egin nezakeena egin xamarra neukala ikusi nuen. Gainera gero zuek ere, Amets eta Sustrai, atzetik zentozten, zuen lekua hartzen hasi zineten, eta uzteko garai egokia horixe zela pentsatu nuen.

Lasai utzi zenuen?

Bai, batere prentsaurrekorik eman gabe noski.

Zure buruak bertsotan segitzen du geroztik?

Ez, orain ez. Eta bertsoa utzi izana baino gehiago da, gerora, nik bertsotarako gaitasuna galdu nuela. Orduan utzi nuen erabat, ez kantatzeari utzi niolako, ezin nuelako baizik. Orain hasiko nintzateke berriz ere gaitasun hori edukitzeagatik, baina hori galdu zenean galdu zen.

Orain bertsotan egiteari utzirik, bertso entzule zara. Etxekoak, ni edo arreba, lasai entzuten gaituzu?

Ohitu egin naiz. Hasiera batean ez zen erraza, zeren eta hamabi urteko semea jende aurrean ari denean, hor ikusten duzu edozein momentutan bertsoaren erdian gelditzeko arriskuan, eta umea hola ikustea ez da erraza, nahiz gelditzea normala izan. Jende askori entzun izan diot, «buf, ni ez nauk sartuko entzutera!», baita Amurizari ere alabagatik, eta ez naiz harritzen, niri ere gertatzen zitzaidan garai batean, baina azkenerako ohitu egin naiz. Azken iparraldeko finala entzun dudanean adibidez, nik badakit hor gertatuko dela gertatuko dena, baina ez naiz larritzen nire semea edo alaba bertso baten erdi parean geldituko dela pentsatuz.

Gaur baserrian aitak eta amak entzungo balute zure istorio hau, zure bizitzaren buelta, zer uste duzu, kargu asko hartuko lizuketela, edo lasai geldituko lirakeela zure bizitza nola joan den ikusita?

Kargu hartu? Ezta batere, nik uste gustura egongo liratekeela. Zeren eta guk iparraldera ihes egin, eta aitak eta amak lehenbizikoz bisita egin zigutenean, auskalo zer pentsatuko zuten. Buruhuaste batzuk eman genizkien... Beraz orain gure bizitzaren bideak ikusita, «bueno, bueno, hor ikusi giñun hiltzeko arriskuan eta bizitza guztia preso pasatzeko arrisku guztiarekin» pentsatuko lukete, eta esango lukete suerte dexentea izan dugula bizitzan.

Zuk ere hala pentsatzen duzu, suertea izan duzula?

Bai, nik ere hala pentsatzen dut.

 

Nongoa Naizen

 

Ez dakit batere. Nik pentsatzen dut Euskal Herrikoa naizela, eta kasualitatez, zoritxarrez, edo zortez, Lapurdin bizi naizela. Eta Bizkaian bizi behar banu ere berdin-berdin esango nuke Euskal Herrikoa naizela, Xuberoan bizi banintz ere berdin. Nagoen lekukoa naiz. Ez dut nik iparraldeko eta hegoaldeko bereizketarik egiten, bizitzaren erdia pasatu dut mugaz alde batetik eta beste erdia beste aldetik, baina nik ez dut alderik egiten.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!