Cavaille-Coll organoa, protagonista

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 25a, 09:42

Jose Luis Frantzesena eta Mariatxen Urkia, aurreko astean Bidanian egindako entseguan.

Jose Luis Frantzesena organo jotzaileak eta Mariatxen Urkia sopranoak kontzertua eskainiko dute, bihar arratsaldean, Bidaniako San Bartolome elizan.

Bidaniako San Bartolome elizako organoa entzuteko aukera berezia izango da bihar, 19:00etan hasiko den kontzertuan, Jose Luis Frantzesena organo-jotzailearen bidez. Berarekin batera ariko da Mariatxen Urkia sopranoa. Hainbat obra entzuteko aukera izango dira, gehienetan Urkiaren parte hartzearekin.

Frantzesenak azaldu duenez, «urte bolada honetan aldundiak ematen digu organo jotzaileei, hamabost bat izango gara zerrendan gaudenak, kontzertuak emateko aukera. Eta guk herriak aukeratzen ditugu. Bestalde, kontzertua organoarekin bakarrik eman beharrean, askoz ere beteago geratzen da beste instrumentu batekin edo abeslari batekin aritzea». Kontzertua Bidaniako San Bartolome elizan egitearen aukera bertan organo «oso ona» dagoelako da, Frantzesenak azaldu duenez: «Cavaille-Coll organoa da, orain gutxi berritu dena, eta merezi du hona etortzeak». Urkiak bere aldetik azaldu duenez, «soprano batentzat ez da erraza bakarkako kontzertuak ematea. Nik Jose Luisekin askotan abesten dut, eta aukera duenean kontzertua emateko, normalean niri deitzen dit eta elkarrekin egiten dugu kontzertua».

Organoa bakarrik ariko den obretan bi klasiko joko ditu Frantsezenak, Bach eta Mozart. Bestetik, Sarasatek egindako Euskal Gutizia obraren organoarentzako moldaketa bat, Frantzesenak berak egina, entzun ahalko da. Abeslaria eta organoa batera ariko diren obretan, parte bat klasikoagoa izango da eta bestean euskal folkloreko abestiak entzun ahalko dira.

Pantailarekin hobe

Urtean zehar elkarrekin hainbat kontzertu egiten dituztela azaldu du Frantzesenak: «Batean eta bestean izaten dira aukerak, eta horiek aprobetxatzen ditugu. Urtean sei edo zazpi kontzertu inguru egiten ditugu elkarrekin».

Emanaldietara jendea joaten dela dio Urkiak: «Publiko aldetik ez dugu kexarik. Batzuetan kontzertuak pantailarekin izaten dira, eta horrekin jendea gusturago geratzen da, organo jotzailea eta abeslaria ikusten direlako». Bidanian bihar aukera hori izango da, eta Frantzesenak esan du hori «garrantzitsua» dela: «Ez duzu bakarrik musika entzuten, musikariak lanean nola ari diren ikusten duzu».

Orain urte gutxi berritu zen organoa, eta berritu ondorengo kontzertua Frantzesenak eta Urkiak eman zuten. Parisen egindako organoa da Bidaniakoa. «Gipuzkoan horrelako organo erromantiko asko daude», dio Frantzesenak. «Parisen bertan ez dira egongo Gipuzkoan bezainbeste, biztanleak kontuan hartuta».

Kontzertuak ematea erraza dela dio Frantzesenak. «Zailagoa da dirua izatea kontzertuak antolatzeko», azaldu du. Bestalde, liturgia aldetik oso laguntzaile ona dela dio, eta asko erabiltzen dela: «Gero eta herri handiagoa orduan eta gehiago erabiltzen da, noski».

Sonoritate aldetik, leku guztiak ez direla berdinak diote bi musikariek. «Normalean guk kontzertuak ematen ditugun elizak nahiko aproposak dira horretarako, tartean Bidaniakoa», esan du Urkiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!