«Euriak baino haizeak sortzen digu kalte gehien guri»

Asier Imaz 2016ko aza. 10a, 14:36

Behobia-Donostia lasterketa herrikoia igandean izango da, eta bertan parte hartuko du Ion Galarraga txirrindulariak. Tolosaldean bada podiumari begira joango denik.

Korrikalariak baino ordu erdi lehenago irtengo da Ion Galarraga (Bidania-Goiatz, 1985) igandean, hau da, 09:30ean. Hand Bike modalitatean parte hartzen du bidaniarrak. Aurten, 27 txirrindularik eman dute izena.

Urteko hitzordu garrantzitsuenaren aurrean zaudela esatea, ez da gehiegi esatea, ezta?

Nire kasuan ez, behintzat. Horrela da.

Zer moduz joan da prestakuntza?

Azken aste honetan eguraldiak ez du asko lagundu entrenamenduetarako, baina lana aurretik egina dago. Egunean ikusi beharko da zer ateratzen den.

Igandean horrelako eguraldia egiten baldin badu, ohitzen joateko ez da eguraldi txarra. 

Alde horretatik begiratuta ona da, bai, baina guri ez zaigu gehiegi gustatzen horrelako giro bustia. Lasterketan zehar niri berdin zait bustita joatea, baina hasi aurretik hotzez egotea ez da batere gustagarria.

Fisikoki nola iritsiko zara irteera puntura?

Sentsazio arraroak dauzkat. Beti berdina pasatzen zait lasterketa honekin. Aurretik ez dut horrelako sentsazio onik izaten. Aurreko urtean antzera nengoen, eta gero ondo atera zen. Espero dut aurten ere antzeko zer edo zer pasatzea. Bestela, desilusioa hartuko nuen. 

Sentsazio horiek ez dira izango egin ez den lanagatik.  

Ez. Ez da horregatik. Saiatzen gara aurretik ondo prestatzen. Behobiari garrantzi handia ematen diot. Espainiako Txapelketak eta hor daude, baina ez da hori bakarrik izaten. Niretzat Behobiak horrek adinako garrantzia edo gehiago dauka. Txikitatik ezagutu dut lasterketa hau, eta beti izan dut parte hartzeko gogoa. Orain hor nabilela, ahalik eta hobekien egin nahi dut. 

Ez da presio gehiago jartzeko, baina ez dakit konturatu zaren, irabazteko aukerak dituen bakarrenetakoa zarela eskualde honetan, bakarra ez esatearren. 

Egia esateko horren jakitun naiz, baina irabaztea ezinezkoa da nire kasuan. Aurrekoari zerbait gertatzen ez baldin bazaio behintzat. Aurreko urtean irabazi zuena dator, munduko txapeldun gelditua dena, Joel Jeannot frantziarra. Horri pasatzea ezinezkoa da. Hortik atzera dauden postuen lehian ibiltzeko esperantza badut. Badakit nortzuk datozen, eta horien aurretik ibili izan naiz. Baina ez dakit, lasterketa batean faktore asko hartu behar dira kontuan, eta batek daki zer aterako den igandean.  

Zein da buruan daukazun lasterketa?

Egia esan ez dakit. Hasiera batean beste ideia bat nuen, baina gero madrildar bat etorriko dela ikusi nuen. Hori ere gure gainetik dago. Lesio baxuagoa dauka, eta ondorioz, indar gehiago. Lasterketa egiteko beste era bat pentsatu beharko da. Iazko lasterketa errepikatuko dela uste dut, hau da, frantziarra aurretik eta atzean hiru edo lauko multzo bat. Ahal bada hor egon beharko da, eta multzoa txikiagoa baldin bada hobeto. Baina ez dut uste horrelakorik pasako denik.

Zein zen hasiera batean buruan zenuen plana? 

Hasieratik pixka bat lasterketa nahasten saiatzea, batez ere, aldapak aprobetxatuz. Baina orain jende gehiago egongo gara aurre horretan, eta nahasteko beste bat gehiago egotea gehiegi izan daiteke. Hobe izango da indarrak gorde eta bukaera aldean saiatzea. Momentuan ikusiko beharko da.

Euria zuentzat kaltegarria izango da, baina batez ere, haizea, ezta?

Niri kezka gehien horrek sortzen dit. Bakarrik gelditzen baldin bazara, kalte gehien haizeak egiten dizu. Kontra egin behar horrek, inongo haize babesik eta ezer gabe... indarrak ahitu egiten dira; eta aldapetan oraindik eta gehiago.

Ikusle ugari, etxetik gertu... gozatzeko lasterketa izango da zuretzat igandekoa. 

Gozatu behin lasterketa bukatu eta gero. (Barreak) Iaz eguraldiak asko lagundu zuen, eta hori nabaritu zen. Ikusle asko elkartu ziren errepide alboetan. Bertakoa izanda hori asko estimatzen da. Aurten zoritxarrez ez da horrelako eguraldirik izango, eta ziurrenik jende bat ez da lasterketara gerturatuko. Hala eta guztiz ere, bertakoa den jendea joango delakoan nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!