Argazki lehiaketak emango dio hasiera kultur asteari

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 15a, 11:21
Iaz egindako afari-merienda Goiazko frontoian.

Larunbat arratsaldean izango da argazkiak ateratzeko saioa; beste hainbat ekitaldi izango dira datorren astean.

Argazkilarien jardunak emango dio hasiera Bidania-Goiazko XXVII. Kultur Asteari. Etzi izango da, arratsaldean, Bidaniako frontoian hitzordua, eta parte hartu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan.

Asteartean izango du jarraipena ekimenak, eta datorren astea ekitaldiz beteko du. Agurtzane Zelaia Kultura zinegotziak azaldu duenez, «garrantzia du herrian kultur asteak, bizia ematen baitio. Herri giroa pizteko ere balio du. 27. aldia du eta zerbaitengatik izango da hori».

Herriko hainbat eragile antolakuntza lanetan aritzen direla nabarmendu du Zelaiak: udala, Ernio Guraso Elkartea, Kukuri Kultur Taldea eta lokaleko gazteak. «Bakoitzak du bere esparrua ekitaldiak aurrea ateratzeko», gaineratu du zinegotziak.

Hiru hitzaldi-solasaldi izango dira kultur astean, eta horietako lehenengoan barazki ekologikoen kooperatiba bat sortzeko asmoaren berri emango da. Beizamako baserri batean dauden neska talde batek proposamena aurkeztuko du.

Beste solasaldiak 1936ko gerra izango du hizpide. Karlos Almorzak emango du hitzaldia, eta Bidania-Goiazko udal artxiboan zein inguruko herrietan jasotako informazioaren berri emango du. Hirugarren hitzaldi-solasaldian bi albizturtarren abentura solidarioaren berri izateko aukera izango da: Ander Malbadik eta Ander Dorronsorok Oasis Raidean parte hartu zuten eta bertan igarotako esperientziak partekatuko dituzte.

Solasaldiak astearte, asteazken eta ostegunean izango dira, 21:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Ostiralerako bestelako ekitaldia antolatu dute, Goiazko frontoian: argazki lehiaketaren sari banaketa. Hiru maila zehaztu dituzte lehiaketan eta bakoitzak bere saria jasoko du: 12 urte eta beheragokoak, 13 eta 17 urte bitartekoak, eta 18 urte eta goragokoak. Sari banaketaren ondoren, afari-merienda egiten dute. Edaria udalak jarriko du eta pintxoak eta postreak herritarrek emango dituzte. «Deialdia egiten dugu jendeak etxetik janaria ekartzeko eta oso ondo erantzuten du. Giro polita sortzen da», nabarmendu du Zelaiak.

Kultur asteko bigarren larunbatean haurrentzako ekintzak izango dira nagusi. «Sei urtetik gorakoek ibilaldia egingo dute herrian zehar, mapa bat osatuz», esan du Zelaiak. «Konturatu gara egungo haurrek ez dakizkitela herri bideen izenak-eta, galtzen ari dela ezagutza hori, eta horregatik pentsatu dugu jarduera hori antolatzea».

Ohi bezala, kultur asteari bukaera emango zaio Goiazko plazan egingo den azokarekin. Hainbat produktu ikusteko eta erosteko aukera izango da. Kukuri elkartekoak taloak egiten ariko dira, eta sardinak dastatzeko aukera izango da, sagardoa eta txakolinarekin batera, edalontzia ordainduta.

EGITARAUA

Irailak 17, larunbata

16:00. Argazki lehiaketarako argazkiak ateratzeko saioa, Bidaniako frontoian. Bertan gaia eman eta ordu eta erdiko denbora utziko da argazkiak ateratzeko.

Irailak 20, asteartea

21:00. Barazki ekologikoen kooperatibaren aurkezpena, udaletxeko pleno aretoan.

Irailak 21, asteazkena

21:00. 1936ko gerraren dokumentuen azalpena. Azken asteetan Bidania-Goiazko eta inguruko udal artxiboak aztertzen aritu den Karlos Almorzaren eskutik, udaletxeko pleno aretoan.

Irailak 22, osteguna

21:00. Oasis Raid proba solidarioan parte hartu zuten Ander Malbadi eta Ander Dorronsoro albizturtarren hitzaldia bertako esperientzi eta abenturak kontatuz, udaletxeko pleno aretoan.

Irailak 23, ostirala

19:00. Aurreko larunbatean ateratako argazkien erakusketa eta sariak banatzea, Goiazko frontoian. Ondoren, edari, pintxo eta postreak egongo dira.

Irailak 24, larunbata

15:30. Haurrentzako ekintzak, Bidaniako frontoian. Sei urtetik gorakoek mapa osatu beharko dute. Bidea aldapatsua izango da eta guraso bakoitzak ikusi beharko du bere seme-alaben gaitasuna. Motxila eta kantinplora ekarri beharko dira. Gurasoek ere parte hartzeko aukera daukate. 6 urtetik beherakoak kale bueltan ibiliko dira jolas ezberdinak egiten. Ondoren, txokolatea egongo da. Eguraldi txarra bada, film bat ikusteko aukera izango da erabilera anitzeko gelan.

Irailak 25, igandea

Goiz guztian zehar azoka Goiazko plazan: produktu ezberdinen erakusketa eta salmenta; argazki lehiaketako argazkien erakusketa; talogileak, sagardoa dolarearekin egiten, trikitilariak... Ekitaldi horiek guztiak, sardina dastatzearekin, sagardo eta txakolinaz lagundurik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!