San Bartolome Jaiak 2016

Zaldiak lasterka, gazteak desafioan

Andoni Uzkudun 2016ko abu. 28a, 19:35

Ikuskizunez beteriko arratsaldea izan da Bidanian. Lehenik, zaldi lasterketak izan dira eta ondoren, Bidania eta Errezilgo gazteen arteko desafioa. Gaur amaituko dira Bidaniako San Bartolome jaiak.

Zaldi eta zaldunak lehia bizian ikusi ahal izan dira Bidaniako belardietan. Jende ugari bildu da ikuskizun berezi honetaz gozatzera. Bi lasterketa izan dira lehenik finalerako txartela lortzeko bidean, 5 zaldi irten dira bi lasterketetan eta lehenengo hirurak sailkatu dira. Kontsolazio finala izan da lau zaldirekin eta final nagusia sei zaldirekin. Xanti Telleria izan da txapelketako garailea eta berarekin batera, Ander Iruretagoiena, Alex Aramendi, Imanol Mujika, Gillermo Santxez eta Ibon Etxabe izan dira. Kontsolazio finalean berriz, Bakene Erkiaga izan da nagusi, ondoren Egoitz Luisa, Gaizka Villanueva eta Eneko Urbieta izan dira.

Zaldi karrera amaitu eta gero, Bidaniko eta Errezilgo gazteen arteko desafioa izan da. Gazteekin batera, Ostolaza eta Aimar Galarraga harrijasotzaileak eta Irazu eta Zaldua aizkolariak ere aritu dira lanean. Bidanikoak izan dira nagusi Galarraga eta Irazuren laguntzaren.

Festei amaiera emateko, erromeria izango da Lidia eta Itzeder trikitilariekin gaueko 22:30etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!