Txaroles ganadu onena

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 24a, 10:00

Belen Galarraga Toledo ganadutegikoak, 1.100 kiloko ‘Acadie’ behiarekin, txapelketan.

Osiondo baserriko txaroles arrazako ganadutegiak laugarren aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa.

Belen Galarraga Toledo ganadutegiak irabazi berri du arraza garbiko txaroles ganadutegi onenaren saria Euskadiko Txapelketan. Aurreko igandean egin zen txapelketa Urduñan (Bizkaia), hamahirugarrena. Ez da lehenengo aldia saria irabazten duela Bidania-Goiazko Osiondo baserriko ganadutegiak. Azken hiru urteetan irabazi du sari hori eta aurretik ere beste behin jaso du. Hori da sari preziatuena, baina txapelketan izan diren maila guztiak kontuan hartuta, sei lehenengo eta bi bigarrengo sari eskuratu dituzte.

Familiaren artean egiten dute ganadutegia aurrera ateratzeko lana. Horietako bat da Gari Galarraga: «Osaba, aita eta anaiarekin batera aritzen gara lanean, ordu asko sartzen, ogibideak uzten digun denbora librean». Sariarekin «oso gustura» daudela dio Galarragak, eta egiten duten lanaren ondorio dela.

Animalia bakoitzak bere karta genealogikoa du, erakusteko arraza garbikoa dela, eta horrek bere garrantzia du. Izan ere, txaroles arrazako behiak izan aurretik, esne behiak izan zituzten, eta orain 20 urte inguru aldatu zuten ganaduz. «Pixkana ganadutegian arraza lantzen joan ginen, genetika hobetzen», dio Galarragak. «Espainiara eta Frantziara buelta batzuk eman ditugu animaliak ekartzeko, beti ere etxean genuen maila hobetzen joateko». Txapelketara lehen aldiz orain dela hamabi urte inguru joan ziren, baina orduan ez zuten saririk lortu. «Maila baxuarekin joan ginen. Orain, egunerokotasunean pixkana lanean aritu gara, genetika zainduz, eta emaitza onak lortzera iritsi gara».

Ganadutegiaren nahia animaliak beste ganaduzaleei saltzea da, bai idiskoak eta bai urritxak ere. «Orain krisiarekin bizitzarako salmenta asko jaitsi da eta horretarako saltzen ez diren urritxak haragitarako saltzen ditugu labela duen harategi bati», azaldu du Galarragak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!