«Badaukat urteren batean Quebrantahuesos egiteko itxaropena»

Asier Imaz 2016ko eka. 22a, 12:49

Urtero bezala, Tolosaldeko zikloturista ugari Huescara joan ziren larunbatean. Quebrantahuesos eta Treparriscos martxak zeuden bertan. Lehena 200 kilometrokoa, eta bigarrena 85ekoa. Guztira 10.000 txirrindulari elkartu ziren, eta horien artean zen Ion Galarraga (Bidania-Goiatz, 1985).

Egokitutako bizikleta hartu, eta laugarren urtez, Treparriscos egiteko prest. Bere kategorian zortzi lagunek hartu zuten parte, eta proba lehiakorra ez izan arren, helmugara aurrena iritsi zela aipatzea ez da gezurra esatea.

Berriro ere, eta jada hirugarren aldia da, lehen postuan helmugan.
Inoiz ez da jakiten lehen postuan bukatuko duzun edo ez, baina nortzuk gindoazen ikusita, aurrean ibiltzeko aukerak izango nituela pentsatzen nuen.


Treparriscosi proba laburra edo ertaina deitzen zaio, baina 85 kilometroko ibilbidea izaten jarraitzen du.
Eta guretzat nahikoa, gainera. Txirrindularientzat tamaina egokikoa izan daiteke, baina guretzat azkenean nahiko luzea egiten da.


Goizez hasi eta buka.
08:15ean hartu genuen irteera, beste txirrindulari guztiekin batera. Helmugara iritsitakoan 12:30ak izango ziren.


Barrutik nolako ibilbidea da.
Gora eta beherako maldak kontuan hartuta, erdi eta erdi dela esango nuke. Zelai guneak badaude, baina oso gutxi. Bi mendate ditu ibilbideak. Lehena 10 kilometro ingurukoa, eta bigarrena, 7koa. Azken horrek aldapa dezentekoa dauka.


Lasterketa nolakoa izan zen?
Proba lehiakorra ez dela esaten da hasieran, zikloturista martxa bat dela. Baina, azkenean, gehienak bere marka hobetzeko intentzioarekin ateratzen dira. Ni ere horrela joan nintzen. Aurreko urteetako denborak ondo ezagutzen nituen, eta hobetzen saiatu nintzen. Azkenean ez nuen lortu, baina aurrena amaitu nuen, eta gustura.


Zein izan zen zure denbora?
Lau ordu eta 28 minutukoa. Iazkoa lau ordu eta hemeretzikoa.


Hasieratik egin al zenuen ihes?
Hasieratik joan nintzen aurrera, nire martxan. Ibilbide osoan zehar beste txirrindulariekin batera ibili nintzen. Aldapan, goraka, aurrera joaten zitzaizkidan, eta beheraka harrapatzen nituen. Itzuli osoan euren tartean joan nintzen. Ez nuen atzekoen erreferentziarik, ondorioz, nire erritmoan joan nintzen.


Eta zer moduz sentitu zinen zure erritmo horretan?
Ondo. Lehen 40 kilometroetan gustura sentitu nintzen. Gero haizea atera zen, eta pixka bat sufritzea tokatu zitzaidan. Okerrena bigarren zati hori izan zela uste dut. Azkenerako pixka bat luzea egin zitzaidan. Entrenamendu berezirik egin gabe joan nintzen, eta kilometro askoko entrenamenduak egiten ez baldin badituzu, azkenean nabaritu egiten da.


Saririk jasotzen al duzue bukaeran?
Egoten dira, bai. Maila desberdinetakoei sariak ematen dizkiete, baina gurera oraindik ez dira iritsi. Agian ez daukate ohiturarik, edo oraindik inor ez da kexatu. Baina, egia esan, zerbait emango balute, eskertzekoa izango litzateke.


Tolosaldeko jende ugari ikusiko zenuen bertan.
Bai, asko. Eta baita herritik joandakoak ere; Quebrantahuesosen dortsalik gabe geratu eta Treparriscos egitera joandakoak.


Burutik pasa al zaizu zuri Quebrantahuesos egitea?
Burutik pasa bai. Baina horretarako eguna baino lehen proba bat egin beharko nuke. Lasterketatik aparte ezagutu, eta gero prestatu. Probatu egingo dudala uste dut, oraindik, behintzat, badaukat itxaropen hori.

Izena behintzat badauka probak.
Egia esaten baldin badizut, ez dakit zergatik. Giro oso ona eta festa egoten da, baina beste proba askotan bezala. Egia da antolakuntza oso ondo prestaturik daukatela, eta errepidea itxita egoten dela. Pentsatzen dut urteen poderioz izena hartzen joan dela, eta horregatik izango dela. Nik behintzat ahal dudan guztietan hartuko dut parte.


Behin Treparriscos eginda, orain zer geratzen zaio zure denboraldiari?
Datorren hilean, uztailean, Munduko Kopako proba jokatzen da Bizkaian. Hor ateratzeko asmoa daukat, nahiz eta Espainiako selekzioaren oniritziaren zain nagoen. Gero, abuztuan, Obisqueko kronoigoera dago. Hara joateko asmoa daukat. Mendi lasterketa bat egiten dute bertan, eta guri parte hartzen uzten digute. Mendia asko gustatzen zait, eta polita izango da. Denboraldia bukatzeko, niretzat lasterketarik garrantzitsuena etorriko da: Behobia-Donostia. Ondoren, agian, beste probaren bat egingo dut, baina hor bukatuko da denboraldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!