Bosgarren kanpaina abian, Sanpedroburuko aztarnategian

Imanol Garcia Landa 2016ko eka. 16a, 11:19
Sanpedroburu muinoko aztarnategian lanean, iazko kanpainan.

Hilerriaren parte handiena industea da aurtengo helburua; lanen aurrekontua osatzeko 'crowdfunding' kanpaina jarri dute abian Verkami plataforman.

Bosgarren denboraldia hasi du aste honetan Iromendiko Sanpedroburu muinoan egiten ari diren indusketak. Iosu Etxezarraga indusketen koordinatzaileak azaldu duenez, aurtengo asmoa «hilerriaren parte handiena industea da. Aurreko urteetan induskatu ditugu zenbait hilobi, baina aurten uste dugu zabalduko dugun eremuan hilobi dezente topatuko ditugula. Hilerriaren gune garrantzitsuan egongo gara aurten». Hilerrian garai ezberdinetako hilobiak topatzea espero dute, eta jasotako informazioarekin «jakin ahal izango dugu zenbat giza gorpuzki dauden, zenbat hilobi dauden, eta, besteak beste, estatistika aldetik informazio garrantzitsua izango da». Aurrera begira DNA analisiak egin daitezkeela esan du Etxezarragak, «beraien artean familia harremanak ote zeuden jakiteko. Hemen bizi zen komunitate horren informazio gehiago emango digu».

2011n hasi ziren Sanpedroburuko muinoan indusketak egiten. Baseliza zahar baten bila zebiltzan, eta bazekiten Iromendiko San Pedro baseliza Sanpedroburu muinoaren inguru horietan egon zela. Inguruko baserrietan galdetu ondoren, kokatu zuten baseliza non egon zen gutxi gorabehera, eta lehenengo lagin arkeologikoa egiterakoan bete-betean asmatu zuten. «Gure asmoa baseliza industea zen ea bere garaian, Erdi Aroaren hasieran-edo, parrokia bat izan zen jakiteko. Hau da, inguruan jendea bizi ote zen, eta jende hori bertan bataiatu eta ehorzten zen. Herrixka baten erdigunea ote zen jakin nahi genuen», azaldu du Etxezarragak.

Lehenengo lagin hartan hilobi bat aurkitu zuten, IX. mendekoa. Hurrengo kanpainetan hainbat elizen aztarnak topatu dituzte, bata bestearen gainean eraiki zirenak. Lehenengoaren aztarnak VIII. mendekoak izan daitezkeela deritzote. Azkenekoa XIX. mendean bota zuten. «Eliza horien inguruan hilerri bat dagoela badakigu, eta geruza ezberdinetan, antzinakoetatik hasita berrienetaraino, giza hondarrak daude: ontziak, tresnak... Garai hartan bizi zirenen aztarnak», esan du Etxezarragak. «Hori da jakin nahi duguna: jendea nola bizi zen bertan, eta nola aldatu zen bere bizitza mendeak pasa ahala».

Aztarnategi berezia

Astelehenean bertan hasi ziren indusketaren lan nagusiarekin. Aurretik Bidania-Goiazko herritar batzuek lagundu diete aztarnategia dagoen lekua sasiz-eta garbitzen, «eta hori benetan eskertu behar diegu beraiei», esan du Etxezarragak. Asmoa da hilabete inguru aritzea indusketa lanetan.

Sanpedroburu muinoko aztarnategia berezia dela dio Etxezarragak: «Batetik, ez dago eraikinik egun bertan. Pinudi bat dago inguruan, eta horren erdian dagoen soilgune batean dago aztarnategia. Horrek guztiak errazten du bertan lan egiteak. Lurraren jabeak animaliak izaten ditu bertan, baina ez du lurrazpiko egiturak hondatuko dituen eraikuntzarik».

Beste berezitasuna antzinatasuna da: «Topatzen ari garen hilobi zaharrenak VIII. mendekoak dira, eta horrelako oso gutxi topatu dira Gipuzkoan. Hilerriak hiru maila ezberdin ditu, azkenekoa XII-XIII. mendekoa. Egia esan landa eremuko kokaleku bat izateko ikusten dugu ezaugarri interesgarriak dituela aztarnategiak, hilobi maila ezberdinak dituelako, eta gutxienez lau elizen aztarnak dituelako. Eta hori ez da batere ohikoa». Etxezarragak, topatutako egiturez gain, garrantzi berezia ematen dio bertan bizi ziren jendearen eguneroko bizitzako hondakinak topatu izana: «Animalia hezurrak eta beraiek jaten zituzten janariaren aztarnak, ontzi eta lapiko, eta horrelakoen zatiak, eta noizbehinka tresna batzuk ere topatu ditugu, laiotz baten pusketa, adibidez. Esan daiteke elizaren aztarnak garrantzitsuak izan arren, garrantzitsuena egitura horiekin batera bertan bizi zen jendearen eguneroko bizitzaren aztarnak topatu izana da. Aipatzen ari garen garaiko, X-XII. mendeak, tresnak-eta oso gutxi topatzen dira Gipuzkoako aztarnategietan. Beraz, esan dezakegu aztarnategi hau oso aberatsa dela alde horretatik».

Kanpainaren aurrekontua osatzeko aurten ere crowdfunding kanpaina jarri dute martxan. Urtero jasotzen ari dira aldundiaren partetik diru laguntza bat eta horrek aurrekontuaren parte baterako balio die. Crowdfunding kanpainaren bitartez garraioaren eta dieten kostua osatu nahi dute. 1.500 euro lortu nahi dituzte eta Verkami plataforman dute martxan kanpaina (www.verkami.com). Uztailaren 1ean bukatzen da ekarpenak egiteko aukera.

Horrelako kanpainetan izan ohi den moduan, hainbat ekarpen mota egin daitezke. Xumeena 10 euroko da, eta ekarpena egiten duenak aurtengo indusketari buruzko txostena jasoko luke. 20 euro ekarpenarekin, txostenaz gain, bisita gidatua izango luke. 50 eurorekin, aurrekoez gain, kamiseta bat. 100 euroko ekarpena egiterakoan bi aukera daude. Horietako bat elkarteei begirakoa da, eta bertako bazkideentzako bisita gidatua antolatuko lukete. Bestea norbanakoei zuzenduta dago, eta ekarpen horrekin aukera izango luke indusketa lanetan parte hartzeko, eta agian aurkikuntza batean parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!