Txinkorta eskolaren jolastokiko aterpea inauguratu dute

Ataria 2016ko eka. 7a, 11:07

Txinkorta eskolaren jolastokiko aterpearen inaugurazioaren unea.

Txinkorta eskolako jaia ospatu zuten ikasle, irakasle, guraso eta familiarteko guztiek larunbatean. Aurtengo jaia berezia izan da, eskolako jolastokiaren aterpearen inaugurazioa ere izan baita.

Aterpe hori, 2014ko Bidania-Goiazko Eskola Txikietako Festaren fruitua da, bertan atera zen irabaziarekin ordaindu baita zatirik handiena eta gainontzekoa udalak ordaindu du.

Inaugurazioa xumea izan zen, Amets Arzallusek festa egunerako bidali zuen bertsoa gogoratu zuten  lehenbizi, ondoren herriko gaztetxo eta gurasoek agurra dantzatu zuten eta bukaeran zinta moztu eta plaka agerrarazi zuten.  Tartean eskerrak eman zituzten Joxe Erramun Goikoetxea alkateak, Garikoitz Lasa Ernio Guraso Elkarteko lehendakariak eta Onhintza Gartziarena Txinkorta Eskolako zuzendariak.

Garikoitz Lasak gaur egun aitona-amonak diren eta orain 30 urte guraso ziren haiek ekarri zituen gogora, "haiek egin zuten lanari esker dugu gaur egun eskola eta bertan daukagun guztia". Goikoetxea alkateak gaineratu zuenez, "gauza askotan herri txikietako baliabideak urriak izaten dira, baina zerbaitetan sinesten denean, guztiok elkar laguntzen badugu posible izaten da helburu bezala jarritako hori gauzatzea. Eta aterpearekin hori garbi geratzen da, Eskola Txikietan egin zen lanari esker, eskolarentzat eta herriarentzat geratzen den aterpe berria baitugu".

Arratsaldean hasi ziren jaiarekin eta abesti, dantza zein antzerkiz betetako emanaldi ederra eskaini zuten. Ikasturtea errepasatu eta nahikoa barre egiteko astia ere izan zuten. Egunari bukaera emateko, eskolak, guraso elkarteak eta udalak jarritako pintxoak dastatu zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!