Egiten duenarekin gustura egotea

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 18a, 11:04

Denis Lopez, galloway arrazako bere behiekin, Bidaniako lursail batzuetan.

Galloway arrazako behiak hezten ari da Denis Lopez, eta etorkizun hurbilean bere ogibidea izateko osatzen ari da Amalur ganadutegia.

Amalur izeneko ganadutegia martxan jartzen ari da Denis Lopez bidaniarra. Ez da edonolako ganadutegia. Galloway arrazako behiak hezten ari da, eta horrelako ganadutegi bakarra da Euskal Herrian eta Iberiar penintsulan. «Ustiaketa honetatik aterako den haragia, bazka naturala jaten duten behiena izango da», esan du Lopezek. «Ez dute pentsu kontzentraturik jaten, edota kanpotik ekarritako ezer. Bakarrik zelaietatik hartutako belarra udaberrian, udan eta udazkenean, eta neguan belar lehorra bertako zelaietatik jasotakoa edo bestela erositakoa».

Ahora zer eramaten dugun kontuan hartzea da Lopezentzat gakoa. «Behi arraza hau berez ondo gizentzen da belarra janez, koipe infiltratu asko sortzen du, omega 3 koipean aberatsagoa dena. Zaporez ona da, oso samurra. Hobby bezala ekarri nuen, etxerako haragia izateko eta nire ogibidea bihurtzeko bidean doa».

Eskoziako behi arraza da galloway izenekoa, ezagutzen den zaharrenetakoa. Motelagoa da gizentze prozesuan, eta 12-15 hilabaterekin hil beharrean, 18-22 hilabeterekin hiltzen dute. «Pentsuarekin asko azkartzen da gizentzea, baina ez da nik jorratu nahi dudan filosofia», esan du Lopezek.

ESTENTSIBORAKO ARRAZA ONA

Oso zabaldua dago Europa erdialdean arraza mota hori: Alemanian, Eskozian, Ingalaterran, Herbeheretan, Belgikan, Suitzan... «Bazka erraz bihurtzen du haragitan», esan du Lopezek. «Inbertsio handietan sartu gabe zerbait bilatu nahi nuen. Kanpoan oso ondo eusten duen behi arraza da. Orain pabiloi bat egiten ari naiz, belarra gordetzeko, eta neguan erditzeren bat badago. Baina estensiboan oso ondo doan arraza da, kanpoan oso ondo moldatzen da, erditzeak nahiko erraz joaten dira, txahalek ondo hartzen dute esnea… 15-17 urte irauten duten behiak dira, eta beste arrazak, intentsiboan daudenak, denbora gutxi irauten dute».

Horrelako haragi mota nahi duten kontsumitzaileak badaudela uste du Lopezek. «Kontsumitzaileak txipa aldatzen ari dira. Saskiarena, banaketa zuzenarena, mugitzen ari da, ekologikoan ere jendea sartzen da,… Nik nahi dut gustura egon produzitzen dudanarekin. Jendea etorri daiteke nahi badu ikustera nola egiten diren gauzak hemen. Proiektua hortik bideratu nahi dut: gero zer jango dudan pentsatzea. Nik badakit nola egiten dudan eta gero hortik zer janari aterako dudan, eta hori da garrantzitsua niretzat». Hobby bezala hasi zena pixkana lanbide bihurtu nahi du, eta etxerako haragia zena kontsumitzaileei eskaintzea. «Egun merkatuan dagoenetik ere bereizi nahi dut».

Lopezek agronomo teknikari ikasketak egin zituen Fraisoron. Ikaskide batekin ardiak jarri zituen hasieran. Gero hori utzi eta ordezkapenak egiten hasi zen untxi landetxetan. Ondoren, Bidaniako enpresa batean aritu zen zenbait urtez; enpresak itxi egin zuen krisiarengatik, eta ordudanik bere kontu jarri zen erreformak eta obrak egiten. «Horretan jarraitzen dut, eta jarraituko dut hasi naizen proiektuak bizitzeko nahikoa ematen didan arte», esan du Lopezek.

Gaztenek zerbitzuaren bitartez jarri du martxan ganadutegiaren proiektua. «Bideragarritasun planaren arabera, proiektua bideragarria da Europako laguntzak kontuan hartu gabe, gero horiek etortzen badira, hobeto». Halere, pixkana joango da. «Aurten bi txekor hilko ditut, zazpi hurrengo urtean, eta hurrengoan 20 inguru. Beraz, etekina pixkana etorriko da». Herrian bertan utzi dizkiote lursailak ganadua izateko, eta batetik bestera mugitzen ditu behiak.

Salmenta zuzena egiteko asmoa du, bost kiloko paketetan. «Horrelako paketeak hutsean ontziratuta banatu ohi dira, baina gero jendeak izozkailuetan sartu ohi ditu. Horregatik pentsatu dugu pakete horiek ultraizozturik banatzea». Horrez gain, beste produktu batzuk ere ekoiztu nahi ditu, haragiarekin batera ere saltzeko asmotan: Tolosako babarruna, eztia, baserriko arrautzak, eta zenbait barazki. «Asmoa haragia etxez etxe banatzea denez, aukera eman nahi dut ere bezeroak beste zenbait produktu jasotzeko».

Esan duen moduan, pixkana joan nahi du Lopezek. «Datorren urtean, zazpi txekor hiltzerakoan, bolumen handiago izango dut, eta asmoa da webgune bat zabaltzea. Oraingoz inguruan probatu dute haragia, eta probatu duten guztiek oso ona dagoela esan dute». Ideiak garbi ditu eta ilusioarekin jarri du martxan Lopez proiektu berri horretan. Galloway arrazako behien haragia bezala, ganadutegia pixkana gizentzen joatea da asmoa, eta azkenean ogibide bihurtzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!