[Familia eredu berriak] «Gutxiengo dena garesti pagatzen jarraitzen da»

Maier Ugartemendia 2016ko api. 15a, 13:30

Javi Jauregi bidaniarrak barne hausnarketa baten ondoren, argi ikusi zuen bizitza honetan egin gabe utzi nahi ez zuen gauzetako bat aita izatearena zela. Hogeita hamasei urte zituen orduan, eta hiru ile apaindegiren jabea zen, Azpeitian, Eibarren eta Donostian. Lan egoerak «gainezka» egin zion eta aholkulari batengana jotzea erabaki zuen.

Hasiera batean lan egoera landu zuten, «hiru negozioak lasaiago nola eraman» erakutsi zion. Lanketa horren barruan, coach-ak erakutsi zion «bizitza pertsonala landu egin behar zela, negozioa ondo eramateko».

Gauzak honela, «egin gabeko gauzak ez uzten» eta egiten saiatzen saiatu behar zuela ikusi, eta gauza horien artean kokatu zuen aita izatearena. Gauza guztien «abantailak eta desabantailak» aztertu zituen, eta aita izatearenean ikusten zuen desabantaila «jendearen zer esana» izango zela ikusten zuen.

Hala ere, saio batzuetan gaia landu ondoren, zurrumurruak albo batera utzi eta «inori kalterik egin gabeko gauza» bat zela ondorioztatu zuen.

Prozesua bakardadean

Erabakia hartuta, aita izateko aukerak aztertzeari ekin zion. Adopzioaren aukera izan zen aztertu zuen lehen aukeretako bat, baina guraso bakarren kasuan, eta gainera, gizona izanda «herrialde gehienetan» ez zioten aukerarik eman. Orduan, Thyssen baronesarenaren abokatu izan zenarekin kontaktuan jarri zen internet bidez, eta «ezkutuan» Bartzelonara ere bidaiatu zuen berarengana. Berak «seme biologiko» bat izatea gomendatu zion.

Prozesua «gaizki» bizi izan zuela dio Jauregik, zeren abokatuaren gomendioa zen haurra jaio arte «ezer ez» esatea ingurukoei. Haurra jaio baino hilabete lehenago arte ez zuen etxean ezer esan eta hori izan zen zailena: «Bakarrik jan behar izan nuen eta oso gogorra izan zen; ondo irtengo zen jakin gabe eta gainera, inori ezin esanda».

Inguruko gehienek berria «ondo» jaso zutela du gogoan, nahiz eta hasieratik kontatu ez izana askok «modu pertsonalean» hartu zuten kontu bat izan zen. Etxean ere berria ematean, amak honakoa esan zion: «Nik zer esango dizut bada, bizitzako pertsonarik zoriontsuenak izango zarete biok eta!». Horrekin «hunkituta» sentitu zen Jauregi. Hurrengo egunetan, ordea, zeresanek kezka sortu zioten eta orduan «okerrena» pasa zutenak izan zirela du gogoan, eta Jauregiri berari ere egonezina sortzen zion horrek, nahiz eta «ulertzen» zituen.

Hutsune eta beharrak

Jada Ikerrek 6 urte ditu, eta Azpeitian «naturaltasun osoz» bizi dira aita bakarreko familia bezala. Ikastolan ere beti «laguntzeko» prestutasuna izan dutela dio. Oraingo ez du «kezkarik» Jauregik, baina, agian, aurrerago «familia mota tradizionalekoa ez dela sentitzen hasten denean» Ikerrek izan ditzakeen kezkak baditu: «Gutxiengo den guztia hemen oso garesti pagatzen jarraitzen da, berdin da zertan den». Izan ere, aita bakarreko kasuak inguruan asko ez dituztela dio, nahiz eta bere ikastetxean badagoen aita bakarreko beste mutiko bat.

Familiaren ereduak aldatzen ari diren arren, egun oraindik zenbait hutsune sumatzen ditu Jauregik. Esaterako, gertatu izan zaio semeak ikastolatik ekarritako paperetan aita eta amarentzat hutsuneak egotea, eta aldatzeko eskatu arren ez da horrela izan. Bestalde, haurra jaiotzen denean ere zenbait erabaki amak hartzen dituela dio. Esaterako, diru laguntza batzuk lortzerakoan eskaera amak egin behar du, eta hori aldatzeko «borroka» ere egin zuen, Arartekoarengana joanda eta guzti, baina «horrela diseinatuta dago» izan zen eman zioten erantzuna. Hortaz, lege aldetik bai bota ditu gauza batzuk «faltan».

«Ez etsi!»

Bere egoera berean aurki daitekeen pertsona bati «ez etsitzeko» esango lioke Jauregik. Bere esperientziaren berri ematen duenean, jendeari konplexua iruditzen zaio. Bestalde, prozesu honetan haurrak ez dituen pertsona asko eta «haurrak gustatzen ez zaizkiela» diotenak, batzuetan «eduki ezin dituztelako» diotela hori konturatu dela dio.

Horregatik, berak guraso izan nahi duten pertsona guztiei eta «benetan gogoa edukiz gero kartutxo guztiak» husten saiatzeko gomendatzen die.

Halaber, gaiarekin ez «obsesionatzeko» ere gomendatzen du, berak horrela egin baitzuen. Bere buruari berrogei urtetako «muga» jarri zion, eta hain zuzen ere, abuztuan jaio zen Iker eta irailean bete zituen berrogei urte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!