Legealdi honetan hasi nahi dute udaletxea berritzen

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 14a, 11:46

Bidania-Goiazko 2016ko udal aurrekontua 672.000 eurokoa da; inbertsioen artean kopuru nabarmenenak herri bideen konponketa eta Bidaniako hilerria eraberritzea dira

Bidania-Goaizko aurtengo udal aurrekontua 672.345 eurokoa da, udalbatzan aho batez onartua. Inbertsio errealetarako 209.000 euro bideratuko dira, eta horietan nabarmentzekoak dira herri bideetara, udaletxea eraberritzera eta Bidaniako hilerria eraberritzera bideratutako kopuruak.

Udaletxea eraberritzea da udalak mahai gainean duen proiektu garrantzitsuenetako bat. Proiektua 2007an egin zen, diru laguntza bat tarteko, eta 600.000 euro inguruko aurrekontua atera zen. Joxe Erramun Goikoetxea alkateak azaldu duenez, «proiektu horri aldaketa batzuk egitea eskatu zaio udal teknikariari. Igogailua jarri nahi da eta igogailuak zerbitzua ematea bai udaletxeari eta baita Kontseju taberna-jatetxeari». Irisgarritasunean pausoak emateaz gain, udaletxea osotasunean eraberritzea da asmoa.

Goikoetxeak gaineratu duenez, «gure asmoa da legealdi honen barruan behintzat hasiera ematea, eta izango duen martxa finantziazioak baldintzatuko du, eta horretarako harremanetan gaude aldundiarekin. Herri txiki honetan finantziaziorik ez badago, gauza gutxi egin ahal izango da». Horrela, udal aurrekontuetan diru kopuru bat bideratu dute. «Ez da kopuru handia, baina zerbait egiteko balioko du. Behar handia dagoela ikusten da. Ea beste alde batetik ere etortzen den zerbait», adierazi du alkateak.

Bestalde, Bidaniako hilerrian konponketa garrantzitsua egingo da. Hilerriko pareta kanpoaldetik eta zorua saneatuko dute. Herri bideei dagokionez, mapa bat egina dago, eta udalaren asmoa da bidez bide egoera zein den ikustea, eta ahal den heinean txukundu bat ematea. 

Txinkorta eskolako estalpea egina dago, eta hor udalak bere ekarpena egin du. «Hasiera batean estalpea jarri da, haurrak busti gabe jolasteko. Gero ikusi beharko da ea argiteria jarriko den edo pixka bat itxiko den, haizeak jotzen duenean korrontea sortzen delako», esan du alkateak.

DATUAK

SARRERAK 672.345
Zuzeneko zergak 124.800
Zeharkako zergak 12.000
Tasak eta bestelakoak 101.550
Transferentzia arruntak 391.902
Ondareen sarrerak 22.105
Kapital transferentziak 19.988

GASTUAK 672.345
Langileen ordainsariak 160.359
Ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketak 201.063
Finantza gastuak 1.186
Transferentzia arruntak 78.634
Inbertsio errealak 209.167
Finantza gastuak 21.934

INBERTSIO NABARMENENAK
Komun publikoak egokitzea 16.970
Txinkorta ikastetxeko aterpea 16.601
Ikastetxeko bulegoa egokitzea 4.000
Herri bideen konponketa 57.000
Hiriguneko gasifikazioa 2.401
Bidaniako hilerria eraberritzea 44.518
Webgunea migratzea 6.122
Udaletxea eraberritzea 56.132

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!