«Bihotz-birika gelditzean, hil ala bizikoa da lekukoaren lana»

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 28a, 12:30

Bihotz-biriketako bizkortze tekniketan trebatzeko ikastaroa egin dute Berrobin. ERLANTZ ALLUR

Bihotz-biriketako bizkortze tekniketan trebatzeko ikastaroa antolatzen ari dira herrian udala eta guraso elkartea; izena emateko epea otsailaren 3a arte da.

Bihotz-biriketako bizkortze tekniketan trebatzeko ikastaroa antolatzen ari dira Bidania-Goiazko Udala eta Ernio guraso elkartea. Bost erizainek ematen dituzte ikastaroak eta horietako bat da Asier Zamakola: «Ikusten genuen hutsune bat zegoela. Badakigu eta demostratuta dago norbaitek bihotz-birika gelditze bat duenean, lekukoak egin behar duen lana hil ala bizikoa dela. Anbulantziak iristen dira, baina horrek ez du kitatzen lekukoak egin behar duela zerbait pertsona hori onik ateratzeko».

Zamakolak gaineratu duenez, «ikusten genuen kaleko jendeak prestakuntza gutxi edo behar bezalakoa ez zuela, eta horrela elkartu ginen hutsune hori ikusten genuen bost erizain, urtetan larrialdi zerbitzuetan-eta mugitu garenak». Proiektu bat jarri dute martxan, ikastaroak musu-truk emanez, jendea trebatzeko. Pixkana mugatzen joan dira eremua auzo eta herri txikietara, hau da, osasun profesionalengandik urrutiago dauden lekuetara.

Ikastaroa heldu guztiei zuzenduta dago, bi orduko bi saio izango dira eta bertan bihotz-biriken bizkortzeaz gain beste larrialdiei buruz ere hitz egingo dute. Ikastaroa doan izango da eta izena emateko azken eguna otsailak 3 izango da, Bidania-Goiazko Udaleko 943 68 11 09 telefono zenbakira deituz. Izen abizenak emateko garaian ikastaroa noiz egin nahiko den adierazi beharko da: aste egunetan arratsaldez zer ordutan edo larunbat goizean.

Tolosaldean aurretik Berrobin eman dute ikastaroa, eta Albizturrekin ere harremanetan daude ikastaroa antolatzeko. «Gure ustetan Berrobiko ikastaroa ondo joan zen», esan du Zamakolak. «Parte hartu zutenek esan ziguten gustura aritu zirela, eta behintzat lortu zutela beldurra kentzea, hau da, zerbait gertatzen bada jakitea zer egin behar den, eta lehenengo uneko neurri horiek hartzen jakitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!