Begoña Senperenak hartu du Kontsejuren ardura

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 6a, 11:16

Goiazko Dendalen izan da azken bederatzi urteetan; orain Bidaniako ostatua hartu du

Bidaniako Kontseju ostatuak ateak zabaldu ditu berriro ere. Begoña Senperena herritarrak hartu du bere ardura, orain arte bederatzi urtez Goiazko Dendale ostatuaren ardura izan ondoren. Ez da lehenengo aldia Kontsejuko sukaldean aritzen dela. «25 urtez egon nintzen bertan. Orain dela hamabost urte alde egin nuen, eta berriro itzuli naiz. Urte haietan osabarekin egon nintzen». Ez da berria, beraz, ostalaritzan, dagoeneko 40 urtez ari baita mundu horretan Senperena.

Kontseju berriro irekita, hasierako egunak martxa onean doazela dio: «Lan pixka bat egiten dugu, gehiago asteburuan astegunetan baino. Gustura ari gara». Bost pertsona aritzen dira lanean, eta Senperena bera denetarik egiten aritzen da: sukaldean, zerbitzua emanez, barran...

Udalak Kontseju ostatuaren zerbitzua lehiaketara atera zuenean, aurkeztea pentsatu zuen, eta Dendaletik Kontsejura aldatu da. «Bizi gehiago ere badu, ekintza gehiago egiten baitira Bidanian. Hemen hazitakoa naiz, eta horrek ere lagunduko zuen». Bost urteko hitzarmena sinatu du udalarekin, bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Astearte arratsaldean bakarrik ixten dute Kontseju. Goizean bederatziak inguru irekitzen dute eta ixteko ordua ez da finkoa izaten; «lana bukatu arte», azaldu du Senperenak. «Ostalaritzako lana gogorra izaten da. Hamahiru urterekin hasi ginen eta lan horretara ohitu gara».

Asteburuan izaten da jende gehien, hasi ostiraletik eta igandera arte. Kanpotik ere joaten dira bazkaltzera-eta. Orain gutxi Herniora ibilaldia egindako talde jendetsu bat izan zen, esaterako. «Mendi ibilaldiak-eta egiten dituztenak etortzen dira, zerbait jan edo edatera», azaldu du Senperenak. Izan ere, Bidania-Goiatzek inguruan baditu paraje ederrak mendiaz eta naturaz gozatzeko.

Eskaintza zabaldu du ostatuak: plater konbinatuak, menua, asteburuko menua, karta eta ogitartekoak ere bai. Ahaztu gabe pintxoen aukera. Aurrera begira parrilla jartzeko asmoa du, eta bertan arraina, haragia eta arkumea burruntzian prestatu. Baserriko oilaskoa, arrainak, entsaladak eta onddoak dira Kontsejun nabarmendu daitezkeen jakietako batzuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!