Ion Galarraga: «Lehen bosten artean sartuz gero: txapeldun!»

Asier Imaz 2015eko azaroaren 5a

Zaila izango duen arren podiumean amaitu nahi du igandeko Behobia-Donostia lasterketan Ion Galarraga bidania-goiaztarrak.

Laugarren Behobia-Donostia izango da igandekoa Ion Galarragarentzat (Bidania-Goiatz, 1985). Bigarren multzoan puntan ibiltzea gustatuko litzaioke eskualdeko atletari. Aurkarien maila ikusita, ordea, badaki ez dela erraza izango.

Zain egonagatik iristen ez den eguna da igandekoa.
Oso berezia. Txikitatik entzuten duzu jendea Behobia-Donostiaz hitz egiten. Probatzen duzunean, aldiz, barnean zerbait pizten zaizu, eta berriro itzuli nahi izaten duzu; marka hobetzera edo besterik gabe ahalik eta hobekien egitera.

Zure kasuan, marka hobetzera eta postuaren bila joango zara.
Hobetzea espero dut, eta podium-ean sartzea ere polita izango zen. Baina nortzuk datozen ikusita, ia ezinezkoa izango dela iruditzen zait. Lehen bosten artean sartuz gero: txapeldun!

Zein da zure marka?
Ibilbidea aldatu egin zuten iaz, eta pentsatzen nuen hoberako izango zela, baina ez nuen espero horrenbesterainokoa izango zenik. Ia bost minututan jaitsi nuen nire aurreko denbora. Errenteriatik pasatzen da orain ibilbidea, eta horrek errazago egiten du. Haizea ere alde izan genuen, eta 45 minutuan iritsi nintzen.

Zuek emango diozue hasiera lasterketari.
Gurpildun aulkian modalitate desberdinak daude, eta gurea handbike da. 09:30ean aterako gara. Ondoren irristalari edo patinatzaileak, eta segidan korrikalariak.

Helmugan ere lehenak, orduan.
Aurrena amaitzen dutenak bai, baina besteok irristalariekin borrokan ibiltzen gara. Parean izango gara, ea aurretik sartzea lortzen dugun.

Aurkari gogorrak aipatu dituzu. Nortzuk etorriko dira?
Joel Jeannot munduko txapelduna, adibidez, hemen izango da. Atletismo aulkian marka berak dauka, eta iaz ez zen etorri. 35 minuturen azpitik ibiliko da bera. Haize asko egingo duela esaten ari dira, eta horrek ere eragina izango du. Frantziatik beste hainbat atleta ere etorriko dira, horien artean iazko txapelduna. Bestalde, Zaragoza, Madril... horiekin ibiliko naiz ni, gerra pixka bat eman nahian. Lehenengoek ziurrenik hasieratik alde egingo dute. Ondoren bigarren multzo bat egongo da, eta hor egoten saiatuko naiz. Hori eginez gero, helmugan aukerak izango ditudala uste dut.

Materialarentzat laguntzarik izaten al duzu?
Ez. Babesleren bat edukitzea ondo egongo litzateke materialaz gain bidaiak, medikuak... behar izaten baitira. Une honetan ez daukat babeslerik, baina 2016rako ideia horrekin nabil. Ea norbaitek urrats hori eman nahi duen edo interesatzen zaion.

Herritarrak izango al dituzu ondoan igandean?
Batzuk hor izango dira. Herrian ez gara asko, baina hor ibiliko gara; batzuk ikusten eta besteak lasterketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!