Bidania-Goiatz kultur astean murgilduta dago, eta ekitaldi nagusietako bat bihar izango da: Bidania-Goiatz, iraganari hautsa kenduz izeneko dokumentalaren emanaldia. Herriko hamalau adineko dira protagonistak eta beraien bizipenak jaso dituzte ikus-entzunezkoan. Saiaz Mankomunitatea eta Bidania-Goiazko Udalaren arteko lankidetzan eman da aurrera proiektua.
Elena Rikondo gizarte langileak eta dokumentaleko zuzendarietako batek azaldu duenez, «helburu nagusia adinekoen bizipenak zuzenean jasotzea izan da. Herriko historia, pasadizoak, euskara, beraiek erabiltzen dituzten espresioak jasotzea». Josu Eskibel da beste zuzendaria eta grabaketaren arduraduna; bideo eta argazki postprodukzioan Sendoa Lusarreta aritu da eta produkzioan Iban Urdapilletak lagundu du.
Grabaketak leku ezberdinetan egin dira: etxeko sukaldeetan, udaleko osoko bilkura gelan, elkarte batean... «Hasieran pixka bat lotsatuta zeuden, tramankulu guztiak ikusita, baina gero oso eroso egon dira. Beraientzat iraganari buruz hitz egitea erosoa izan da», azaldu du Rikondok. Atal ezberdinak azaltzen dira dokumentalean. Negua, herriko festak, gerra, eskola eta emakumea, kooperatiba... «Bukaera oso polita eman zaio pasadizoekin. Guretzat garrantzitsua zen modu positibo batean bukatzea. Garaiak gogorrak ziren, eta gerrari buruz ere hitz egin dute. Nahi genuen ondorio positiboak ateratzea, hau da, nola bizi ziren eta nola egin zuten aurre bizitzari», esan du Rikondok. Milagros Larrarte da dokumentalean parte hartu duen adinetako bat. Oso gogoan ditu iraganeko zenbait pasarte: «Andereñoak esaten zidan azkarra nintzela, baina nagia». Eskolan gaztelaniaz ikasten zuten eta andereñoen izenak buruz dakizki.
Dokumentalaren aurrestreinaldia egin berri dute, protagonistentzat eta herriko beste adinekoentzat. Pilar Mendizabal Oiarzabal da dokumentaleko beste protagonista bat. Gustura egon zen aurrestreinaldian: «Arratsalde polita pasa genuen. Bestela ez nituen ikusiko beste adinekoak. Barre ere egin genuen gure burua ikusita pantailan». Mendizabali ondo iruditu zaio horrelako dokumental batean adinekoen bizipenak jasotzea. Senitartekoek ere gustura hartu dute proiektua, Rikondok azaldu duenez: «Beraientzako oso pozgarria izan da, ikusita bere ama edo aita pozik horrelako proiektu batean parte hartzen... Senitartekoentzat lekukotza hori ere hor geratzen da. Hori ondo gordeta geratuko da».
Rikondok gaineratu duenez, «dokumentala oso txukuna da, oso ondo egina dago; argazki zaharrak ere sartu dira. Oroimen historikoari begira garrantzia duela nabarmendu du: «Hurrengo belaunaldientzat oso interesgarria da entzutea jende horrek zer bizipen izan zituen, zer balore zituzten, beraien bizi baldintzak. Nik uste dut balore izugarria duela».
Biharko emanaldia irekia da nahi duenarentzat. Ezin duenak bertaratu, aukera izango du DVD edo USB formatuan eskuratzeko. «Grabazioan parte hartu dutenei eman egingo zaie, eta bestela erosteko aukera izango da, DVDa 10 eurotan eta USBa 12 eurotan. Diru horrekin dokumentala egiteak eragin dituen gastuei aurre egiteko erabiliko da», zehaztu du Rikondok. Ostegunetik aurrera herriko ostatuetan, Goiazkoan eta Bidanikoan, jarriko dira salgai.
Kultur astea, igandera arte
Biharko dokumentalaren ondoren, kultur asteak bere bideari jarraituko dio igandera arte. Ostiralean argazki lehiaketako sari banaketa eta erakusketa izango dira, larunbatean haurrei zuzendutako jolasak eta jarduerak, eta igandean, ohi bezala, Goiazko plazan egiten den azoka bereziarekin amaituko da.
Egitaraua
IRAILAK 24, BIHAR
21:00. Bidania-Goiatz, iraganari hautsa kenduz herriko adinekoen dokumentalaren emanaldia, Txinkorta ikastetxean.
IRAILAK 25, OSTIRALA
19:00. Goiazko frontoian argazkien erakusketa eta sariak banatzea. Bi sari 12 urte artekoentzat eta beste bi, 12 urtetik gorakoentzat. Ondoren, pintxo, edaria eta postreak.
IRAILAK 26, LARUNBATA
15:30. Bidaniako frontoian haurrentzat ekintzak: pista bilaketak eta jolasak (eguraldi txarra bada karaokea); panelen margoketa eta txokolate jatea.
IRAILAK 27, IGANDEA
Goiz guzttian zehar Goiazko plazan azoka izango da. Sagardo eta talo egileak, sardin jatea, eta hainbat postu egongo dira.