Aurkikuntza garrantzitsuak aurten ere Sanpedroburun

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 22a, 12:00

IX. mendearen aurrekoak izan daitezkeen hilobiak topatu dituzte Bidania-Goiatzeko Sanpedroburun dagoen aztarnategian.

Oso gustura daude Bidania-Goiazko Sanpedroburu muinoan indusketa egiten ari den taldeko kideak. «Aurten ezusteko gehiago topatu ditugu. Urtero, egia esan, aztarnategiak itxura hobeagoa du», azaldu du Iosu Etxezarraga indusketen zuzendariak. Orain arte aztarnategiko datu zaharrena IX. mendeko harlauzazko hilobia zen. Orain, aurkikuntzen arabera, lehenagoko aztarnak topatu dituzte: bainuontzi formadun lau hilobi eta IX. mendearen aurrekoak izan daitezkeela uste dute.

Hilobi horiek garai horretakoak izan daitezkeela esateko, hainbat argudio eman ditu Etxezarragak. Batetik, hilobi horien gainean harlauzazko beste hilobi bat topatu dute. «Orain arte datatuta dugun beste harlauzazko hilobia IX. mendekoa denez, eta hauek horren mailaren azpian daudenez, pentsatzekoa da lehenagokoak izango direla». Bestalde, bainuontzi formako hilobiak beste aztarnategietan IX. eta X. mende aurrekoak direla zehaztu izan ohi da. «Badirudi VIII. mendetik atzera goazela», azaldu du Etxezarragak. «Hilobi horietan aurkitu ditugun hezurrak datatzean jakingo dugu zein garaietakoak diren». Horretarako urte bukaera arte gutxi gorabehera itxaron beharko da. Bi hilobitan topatu dituzte hezurrak. Horietako batean heldu baten aztarnak topatu dituzte eta bestean haur batenak.

Datazioak IX. mende aurrekoak direla azalduz gero, Gipuzkoan topatu den hilerri zaharrenetakoa izango zen. «Hori oso interesgarria izango litzateke», dio Etxezarragak. «Erromatarren garaitik Goi Erdi Arorako garaia ez da ezagutzen, V. mendetik VIII. mendera, aztarna arkeologikoak ez direlako topatu».

Beste aurkikuntzetako bat aztarnategian dauden elizetako baten horma garrantzitsu bat da. «Harri handiz egindako horma bat topatu dugu», azaldu du Etxezarragak. «Kontua da horma horren zati bat bestea baino altuxeago zegoela, gainontzekoa buztinez tapatuta zegoen, eta harri horien gainean kare kapa bat topatu dugu. Uste dugu prestatuta zegoela aldarearen oinarria izateko».

Beraz, XII. mende inguruko elizaren absidea izan daitekeena erabili ahal izan zuten XV. mende inguruko elizaren aldarearen oinarri moduan.

Bestalde, beste hilobi batzuk ere topatu dituzte, eta beraz, hainbat mailatako hilerriak daudela erakusten du horrek. Kanpoaldera topatutako hilobiak XII. mendeko elizarekin lotura izan dezakete. «Horma bat topatu dugu hilobien eremua mugatu egiten duena, hortik aurrera ez baitugu hilobirik topatu eta». Horma horren ondoan, nerabe baten hezurdura topatu dute. Zeramika puskak ere aurkitu dituzte, horietako bat ontzi baten ertza dena, eta uste dute gutxienez IX. mende ingurukoa izan daitekeela.

Uztailaren hasieran hasi ziren indusketa lanekin eta aste honetan bukatzeko asmoa dute. Ondoren etorriko da laborategiko lana, eta datazioek eman ditzaketen ezustekoak.

Etxezarragak garbi du: «Urtero aztarnategi honek gauza interesgarriak ematen dizkigu, eta oraindik urte askotarako lana dago hemen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!