EH Bilduk lau zinegotzi ditu Bidania-Goiatzen eta Garai Berriak plataformak hiru. Joxe Erramun Goikoetxea bigarren legealdiz da alkatea.
Zer irakurketa egiten duzu udal hauteskundeetan izandako emaitzen inguruan?
Nahiko gustura geratu gara. Zertxobait jaitsi gara, baina lehenengoak izan gara boto kopuruan. Eskerrak ematen dizkiegu gure alde apustu egin dutelako.
Zure bigarrengo legealdia hasi duzu alkate moduan. Nolatan aurkeztu zinen berriro zerrendaburu?
2011n sartu ginenean gauza berri bat izan zen guretzako. Urte zailak izan dira, eta legealdia aurrera doan moduan udalaren egoera eta funtzionamendua hartzen zoaz. Hauteskundeetarako zerrenda osatzen ari ginela, herri askotan gertatzen den moduan zerrendaburua falta zen, eta jarraitzera animatu nintzen, esan bezala, azken lau urteetako eskarmentuaren ondoren.
Udalaren ikuspuntutik zer balantze egiten duzu?
Gogoan dut zein egoeratan zegoen udala, eta zein inbertsio egin diren finantziazio gutxirekin. Aurrera jarraitu dugu eta gustura egoteko moduan gaude. Gaur egun egoera hobeto dago, laguntzak zertxobait gehiago dira eta herrian inbertsio txiki edo ertainak egiten dira.
Azken lau urte hauetako proiekturen bat nabarmenduko zenuke?
Bidaniako frontoia bi fasetan konpondu dugu, eta berritu bat eman diogu bai teilatuari eta baita margotzeari dagokionez ere. Beste inbertsioa Goiatzetik Bidaniara gas kanalizazioa egitea izan da. Elbarren bailarako industrigunean argiteria berritu dugu, kontsumoa gutxituz led argiak jarri ondoren. Bidania eta Goiatzeko argiteria aldatu dugu, eta erdia baino gutxiago ordaintzen dugu orain.
Pertsonalki nola bizitu izan dituzu azken lau urteak?
Garbi dago kargua hartzen duzun unetik dedikazio handi bat eta denbora eskatzen duela, eta zure kontu batzuk albo batera utzi behar dituzula. Esperientzia handia da norberarentzat, udala barrutik ikusten da, eta bere egunerokotasunean nola funtzionatzen duen. Jende asko ezagutzen duzu ere.
Nola dago gaur egun udalaren egoera ekonomikoa?
2011n sartu ginenean hiru mailegurekin topatu ginen. Zorra nahiko handia zen. Urte zailak izan dira, zama handiko motxila bat hartu genuela kontuan izanik, ahalegin handia egin dugu. Aurreko legealdian 600.000 eurotik 200.000 eurora pasa dugu zorra, hau da, bi heren jaitsi dugu. Hiru mailegu genituen, eta abenduan bigarrena kenduko dugu. Esfortzu handia egin dugu eta gustura egoteko moduan gaude.
Zein egitasmo dituzue aurrera begira?
Udaletxea berritzea. Irisgarritasunaren aldetik berrikuntzak egin beharrean gaude. Hurrengo apustua hori izango da. Bestetik, aurreko legealdian plan orokorra behin betiko onartu ondoren, horri jarraipena eman behar diogu. Herrian gazteak geratzeko zer aukera dauden aztertu behar da, eta, beraz, etxebizitzen gaiari heldu behar diogu. Plan orokorrean zehaztuta daude etxebizitzen tipologia. Ez dira orain arte bezala, etxe handiak eta asko kostatzen direnak. Udalaren apustua etxebizitza normalak egitea da, babes ofizialekoak edo tasatuak, eta salneurria ere bere proportzioan izatea. Ea horrela gazteak animatzen diren.
Nola ikusten duzu herritarren parte hartzea?
Aurreko legealdian batzordeak bultzatu genituen plan orokorraren inguruan. Baina, orokorrean, jende gutxi azaltzen da, eta ikusten dugu landu behar den gaia dela.