25. urteurrena ospatuko du Sayaz elkarteak igandean

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 17a, 12:38

Bazkarian 35 bazkide bilduko dira, eta aurretik meza izango da hildako bazkideen omenez

Esfortzu handiz martxan jarri zuten orain 25 urte Bidanian, zehazki uztailaren 14ean, Sayaz elkartea. Hori ospatzeko igandean bazkaria egingo dutre elkartean bertan bazkideek. 35 inguru elkartuko dira bertan, 13:45ean hasteko. Aurretik, 12:00etan, meza izango da Bidaniako elizan, urte hauetan hil diren lau bazkideen omenez.

Luis Galarraga da elkartearen sorreran egon zen bazkideetako bat. Gogoan du lagun batzuen arteko elkarrizketa batetik nola sortu zen elkartea martxan jartzearena: «Ikusten genuen herrian taberna-ostatua bakarrik zegoela, eta pentsatu genuen elkarte bat irekitzea. Bilera deitu genuen herrian eta jende asko etorri zen, eta horrela hasi ginen».

Gotzaina bizi izan zen Paris etxearen behe solairua erosi zuten, gero bazkide izango zen bati, eta lekua egokitzeko lanak hasi zituzten. «Ilusio ikaragarriarekin ekin genion. Lurra 70 zentimetro inguru jaitsi genuen, dena eskuz, eta gero lokala jartzeko lanak guztien artean egin genituen, gremio guztietako jendea baitzegoen», azaldu du Galarragak. «Ordu asko sartu genituen, esan bezala, ilusio handia genuen-eta».

Hasierako urte haietan Saiaz pilota elkartea ortu zuten eta bat egin Tolosako Aurrera elkarteareakin. 2000. urtearen inguruan, Euskal Herriko pilota elkarte handiena zen, ehundik gora pilotariekin.

Kulturarekin lotutako hainbat ekimen ere egin dituzte Sayaz elkartetik, irteerak eta sukaldaritza ikastaroak, adibidez. Bestetik, Bidaniako festetan ere parte hartu dute, bola joko eta toka txapelketak antolatuz. Ostatua itxita egon zenean ere, hamaiketakoa ematen zieten adinekoei igandeko mezaren ondoren.

Gaur egun 48 bazkide ditu elkarteak eta zazpi ibiltari. Gazteak elkartean sartzeko erabiltzen dute ibiltari formula. 18 urte egitean sartzeko aukera dute elkartean, eta behin lanean hasten direnean, gazte horiek erabaki behar dute bazkide egiten diren ala ez, eta orduan besteen kuota berdina ordaindu. «Garrantzitsua da, elkarteak iraun dezan, gazte jendea etortzea», nabarmendu du Galarragak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!