Sanpedroburu muinoa aztertzera, bosgarrenez

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 18a, 11:39

Indusketak egingo dituzte uztailean aztarnategian, eta crowdfunding kanpaina abiatu dute finantzatzeko.

Uztailean zehar indusketa lanak egiten ariko dira Bidania-Goiatzeko Sanpedroburu muinoan. Bosgarren aldia izango da bertan lanean ariko direla. Lehenengo urtean aurkikuntza egin zuten eta beste hiru alditan indusketa lanak egin dituzte. «Aurreko urteetan topatutakoari segika, topatu genuen elizaren aztarnen inguruan gehiago sakondu eta dauden mailak ondo zehaztu nahi ditugu», azaldu du proiektuaren koordinatzailea den Iosu Etxezarragak. «Lehenengo urteetan elizaren aztarnak eta inguruan dauden hildakoen hilobiak, hau da, nekropolia, topatu genituen. Elizaren inguruan bizi zirenen aztarnak topatu ditugu eta gehiago topatu nahi ditugu. Eliza zaharrenaren, IX-XI. mendekoa, azalera osoa ateratzea da aurtengo helburua».

Orain arteko indusketa lanekin aztarnategiaren erdigunea nahiko ondo ezagutzen dutela dio Etxezarragak: «Hasieran topatu genituen hilobiak, horien artean topatu genituen egitura batzuk, eta urte hauetako lanei esker jakin dugu Sanpedroburun IX. mende inguruan eliza bat zegoela eta inguruan hildako batzuk hilobiratu zirela, zehazki bi haur». Gerora ikusi dute eliza horrek eraldaketak izan zituela: «XI-XII. mendean egurrezko eliza berri bat sortu zuten. Hori XIII. mendean erre egin zen, baina horrela utzi beharrean beste eliza bat eraiki zuten eta ondoren XV. mendearen bukaeran egin zuten beste eliza berri bat eta horren aztarnak bilatu ditugu. Beraz, lau eliza ezberdinen aztarnak topatu ditugu, eta horrek erakusten diguna da bertan bizi zirenak eliza hori mantentzen zutela, eta kaltetzen zenean konpontzen zutela».

Etxezarraga eta bere taldearen hipotesien arabera, «iritsiko zen une bat XIII-XIV. mende inguruan, eliza horren inguruan bizi zen jendeak bertan bizitzeari utziko ziola. Hala ere, Elola baserrikoek-eta bertan mantendu zuten eliza hori. Ondoren, desegin, eta Elola baserriaren ondoan dago egun». Arkeologoei eliza horrek adierazten die, bertan jendea hilobiratzen zenez, herrixka bat zegoela. «Indusketekin jarraitzen dugun heinean, aztarna gehiago lortuko ditugu, beren etxeak eta beren eguneroko bizitzaren adierazgarriak», esan du Etxezarragak. Hilobiak, ontzi puskak, haragia kenduta zeukaten animalien hezurrak eta inguruko lurretan nekazaritzarako terrazak topatu dituzte. «Gure susmoa da etxeak topatuko ditugula», gaineratu du Etxezarragak.

Aurrez egin moduan, indusketa lanak finantzatzeko, crowdfunding kanpaina jarri dute abian. Karena.eu plataforman dute proiektua zintzilikatuta, eta bertan jasotzen dira parte hartzeko modu ezberdinak. 10 eurotik 200 euro bitarteko ekarpena egin daiteke.

Kopuruaren arabera aukera ezberdinak daude, hasi indusketa lanen azterketa jasotzetik, arkeologo moduan egun batez lan egiteraino. Etxezarragak azaldu duenez, gizarteratzeari garrantzia eman nahi diote aurten, eta hainbat egunetan bisita gidatuak egiteko asmoa dute. «Bi helburu ditu crowdfunding kanpainak: dirua lortzea eta baita aztarnategia ezagutzera ematea ere, eta jendea bertara joatean Gipuzkoaren historiaren parte bat ezagutzea», dio Etxezarragak. Bestalde, haurrentzako tailerrak antolatu nahi dituzte udalarekin elkarlanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!