163.000 euro aurreikusi ditu Bidania-Goiazko Udalak inbertsioetarako

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 18a, 10:16

Bidania-Goiazko Udalak 2015 urterako 670.000 euroko aurrekontua izango du.

Bidania-Goiazko Udalak 670.000 euroko aurrekontua onartu du 2015 urterako. Horietatik 163.000 euro dira inbertsioetarako aurreikusita daudenak. Halere, kopuru hori handituko dela uste dute udaletik. Batetik, 2014ko aurrekontutik 26.000 euroko gerakina dago, eta horietatik kopuru bat, kreditu aldaketa bat eginez, inbertsioetara joango da. Bestetik, diru laguntzak jasoko direla espero dute, eta horiek ere inbertsioetara bideratuko dira.

Hain justu, komun publikoa eraberritzeko proiekturako ez dago kopururik zehaztuta aurrekontuetan, baina udalak aurreikusten du 15.000 euro bideratuko direla lan horretara. Beraz, aurrekontuan zehaztuta dagoen 163.000 euroez gain, ziurtzat jo dute beste 15.000 euro horiek ere inbertsioen atalean izango direla.

Izan ere, inbertsioetarako aurrekontuetan zehaztuta dagoen kopurua aldatu ohi da urtean zehar. Esaterako, iaz aurreikusita zeuden 140.000 euro inguru inbertsioetarako, eta azkenean 228.000 euro inguru izan ziren horretara bideratutakoak.

Zazpi proiektu

Inbertsioetara bideratutako diruarekin zazpi proiektu finantzatuko dira. Horietako bat Bidaniako frontoiaren eraberritzeari jarraipena ematea izango da. Joxe Erramun Goikoetxea alkateak azaldu duenez, «beharra bazuen barrutik eta kanpotik margotzearena, eta gero, material aldaketa egitea, zehazki metakrilatozko xaflak. Nahiko horituta daude, eta aldatuz gero, frontoiak argitasun handiagoa izango duela pentsatu genuen». Eraberritzearen bigarren fasea izango da lana, eta obrak laster hasiko direla azaldu dute. Lehenengo fasean teilatua berritu dute.

Beste proiektuetako bat hirigunean gas azpiegitura jartzearen bosgarren fasea izango da. Kontsejutik Toki Alai ingurura jarriko da. 250 metro inguru izango ditu kanalizazioak, parean daude etxeei adarrak utziz. «Gasifikazioan zati batzuk lotzeko geratzen dira, baina nagusiena lotuta geratuko litzateke hori bukatzerakoan», azaldu du alkateak.

Komun publikoen berritzea izango da beste inbertsioetako bat. Bidaniako plazan daude, elizaren albo batean, Segoretxe etxearen ondoan. Bi komun daude, gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat, eta eskailera batzuk jaitsi behar dira egun bertara joateko. Asmoa da irisgarritasunaren aldetik obrak egitea, eta beraz, eskailerak kenduz arranpa bat jarriko da, aulki gurpildunetan jaitsi ahal izateko. Bestetik, egokitzapenaren ondoren komun bakarra izango da, mistoa, eta aulki gurpildunak dituztenek erabiltzeko modukoa.

Elomendi baserrira ura eramateko azpiegitura berritzea da beste proiektuetako bat. «Konturatu ginen bere garaian jarritako hodia diametro txikikoa zela, eta gainera oso azalean jarrita dagoenez, zuhaitzen zainekin harrapatuta geratzen da. Presiorik ez dagoela diote bizilagunek, eta udaletik erabaki da hori konpontzea», azaldu du alkateak.

Argiteria publikoaren aldaketarekin jarraitzea da beste lanetako bat. «Aldaketa egina dago bai Goiatzen eta baita Bidanian ere, eta orain industrialdekoa falta da», zehaztu du alkateak.

Industriagunean dauden farolak aldatuko dira; 32 daude, 250 watt-ekoak, eta orain 26 berri jarriko dira, led motatakoak eta 53 watt-ekoak. «Aldaketak laurdena ordaintzea ekarriko du. Orain arte enpresen kontura joan da argiteriaren kontsumoa eta orain udalak hartuko du bere gain», esan du Goikoetxeak. «Bestalde, kanalizazioa egin behar da. Industrigunea hainbat fasetan egina dago, eta beraz, neurgailu bat baino gehiago dago. Beraz, neurgailu bakarra jarriko da».

Txinkorta eskolaren patioa estaltzea da beste proiektuetako bat. Kasu horretan, guraso elkartetik 60.000 euro inguru jarriko dira, eta udalak proiektua osatzeko behar den beste 9.000 euro inguru jarriko ditu. Eskola Txikien Festa egin zen 2014ean Bidania-Goaitzen eta guraso elkarteak lortu zuen diru bat aurreztea eta hori eskolan inbertitu nahi izan du.

Gainera, posible da ere Eusko Jaurlaritzatik diru laguntzaren bat ematea proiektuarentzako. Estalkiak 450 metro karratu inguruko azalera hartuko du, alboetan 4,73 metroko altuerarekin eta 8,12 metrokoa erdian. Udako oporraldian egin nahi dira obrak, uztailean eta abuztuan, eskolaren eguneroko martxari gutxien eragiteko.

Azkenik, inbertsioetan ere sartuta dago ostatuetako tresnerientzako bideratzen den kopurua. Bi ostatu daude herrian, Bidanian Kontseju eta Goiatzen Dendale.

AURREKONTUA

2015eko aurrekontua 668.225 eurokoa da. Ondorengo datuak eurotan daude.

SARRERAK
Zuzeneko zergak 123.300
Zeharkako zergak 8.000
Tasak eta bestelako zergak 91.260
Transferentziak 372.662
Ondare sarrerak 22.210
Kapital transferentziak 50.793

GASTUAK
Pertsonal gastuak 167.880
Ondasun arruntak eta zerbitzuak 218.312
Finantza gastuak 1.729
Transferentzia arruntak 75.520
Inbertsio errealak 163.361
Finantza pasiboak 41.420

INBERTSIO ERREALAK

Komun publikoak egokitzea* 0
Lomendi aldeko ur kanalizazioa berritzea 18.000
Txinkorta eskolaren jolaslekuaren aterpea 9.168
Hiriguneko gasifikazioaren V. fasea 45.368
Bidaniako frontoiaren eraberritzearen II. fasea 52.039
Elbarren bailarako argiteri publikoaren aldaketa 33.784
Ostatuetako tresneriak 5.000

*Aurrekontuan atal horrek ez du kopururik, baina kreditu aldaketen bidez 15.000 euroko kopurua bideratuko zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!