Afariarekin bukatuko dute sukaldaritza ikastaroa

Imanol Garcia Landa 2014ko abenduaren 19a

Ikastaroan prestatutako plateretako bat.

Kukuri elkarteak antolatu du ikastaroa eta ikasleek eskainiko diete gaur afaria, besteak beste, irakasleei. Anita Uzkudun irakaslearekin eta Kukuri elkarteko Maixux Azkuerekin aritu gara solasean.

 

Azaroan zehar egin dute sukaldaritza ikastaroa Bidania-Goiatzen, baina bukaera gaur emango diote, afari batekin. «Afari sorpresa egingo diegu, Kukuri elkartekoei, Saiaz elkartekoei, sukaldea utzi digutelako, eta ikastaroko irakasleei», azaldu du Maixux Azkue Kukuri elkarteko kideak eta ikastaroan ikasle moduan parte hartu duenak.

Hirugarren urtea da Kukuri elkarteak antolatu duela ikastaroa eta aurten 11 ikasle izan dira. Anita Uzkudun eta Margari Lasa izan dira irakasleak, eta Uzkudunek azaldu duenez, ikasleak «oso ondo aritu dira, oso parte hartzaileak izan dira». Uzkudunek gaineratu du pixka bat faltan bota duela gizonezko gehiago izatea ikastaroan, eta jende gaztea ere bai. «Gonbidatuko nituzke, berriro ere egiten bada, parte hartzera bai gizonezkoak eta baita gazteak ere. Nik uste dut orokorrean gazteek ikasi egin behar dutela sukaldean gehiago aritzen».

Ikastaroan zehar irakasleek aukeran jarri zizkioten hainbat plater, eta ikasleek horietatik aukeratzen joan ziren. Lehenengo platera, bigarrengoa, eta postrea prestatu dute saio bakoitzean, eta gero bertan afaldu egiten zuten prestatutakoa. Guztira lau saio egin dituzte. «Niretzat oso polita izan da», zehaztu du Uzkudunek. Eta Azkuek ere berdin dio: «Oso gustura egon naiz».

Kukuri elkartea Goiatzen irailean egiten den azokatik sortu zen. Herritar talde bat animatu zen talo postu bat jartzera eta erantzun ona izan zuen. Lortutako dirua zertan erabiliko zuten pentsatzen hasi eta sukaldaritza ikastaroa antolatu zuten. Datorren urtera begira ere Azkuek uste du sukaldaritza ikastaroa egiten jarraitzeko asmoa izango dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!