Egoteko leku bat baino gehiago

Imanol Garcia 2014ko abe. 4a, 19:55

23 nerabe elkartzen dira Bidaniako frontoi ondoan egokituta duten gazte lokalean.

 

Hamabi eta hemezortzi urte arteko Bidania-Goiatzeko gazteek lokala dute herrian, Bidaniako frontoiaren ondoan, hain justu. Orain dela bi urte daude bertan, aurretik Goiatzen izan baitzuten, han ere frontoiaren ondoan dagoen eraikin batean. Hamabi urte inguru izango dira herriko nerabeek elkartzeko leku bat dutela.

Arratsaldetan eta ostiral eta larunbat gauetan elkartu ohi dira, baita norbaiten urtebetetzea ospatzeko denean ere. «Telebistan pilota partidak-eta ikusten ditugu elkarrekin», diote. Halere, nahi denean joan daiteke bertara, eta bilerak ere izaten dituzte tarteka. Guztira 23 dira lokaleko kideak, baina ohiko erabiltzailek 14 bat izaten direla zehaztu dute, eta besteak tarteka joaten direla.

Lokaleko parte izateko muga oso garbi dago zehaztuta: «DBHn hasten zarenean egin zaitezke lokaleko kide. Ilusioz izaten gara une hori iristeko». Goiko muga ere zehaztuta dago, adin nagusiko egiterakoan lokala utzi egin behar baita. Hori bai, udalarekin hitzartuta dagoenez, 18 urtetik gora dituen norbait egon behar da arduradun moduan lokalean, eta egun bi ahizpa dira betekizun hori dutenak.

Garrantzia ematen diote horrelako leku bat izateari Bidania-Goiatz bezalako herri batean. «Gazteak elkartzeko eta ekimenak egiteko balio du. Elkar gehiago ezagutzeko ondo etortzen da».

Lagunak barruan eta kanpoan

Adin tarte horretako gazteek kuadrilla osatzen dute herrian, hau da, lokalean ez daudenean ere elkarrekin egoten dira, baina horrelako leku batek beraien arteko harremanak estutzeko ere balio du. Lokala ez da batera egoten diren gune bakarra. Orixe institutura joaten dira denak, beraz, autobusean ere elkartzen dira.

Hemezortzi urtetik gorakoek, aurretik lokalaren kide izandakoek ere kuadrilla osatzen dute herrian. Herri handiagoetan normalean urte berekoen artean osatzen bada lagun taldea, herri txiki batean adin tarte zabal bateko lagunek osatzen dute kuadrilla, eta hori ere Bidania-Goiatzen gertatzen da. «Horrelako herri txiki batean ez dago adin berekoen artean kuadrilla osatzeko lain, eta horregatik adin ezberdinetakoak elkartu eta ibiltzen gara batera».

Antolakuntza aldetik, esaterako, garbiketaren alorrerako bikoteak osatuta dituzte. «Astero bikote batek du ardura, eta zikina dagoela ikusten bada, esan egiten zaie, eta ahal badute garbitzera etortzen dira». Halere, normalean kasu gehiago egiten diote unean bertan lokalak duen itxurari, eta behar izanez gero garbitu egiten dute.

Beraientzat etxe moduko bat da lokala: «Gure espazioa da, gure erara egoten gara, eta, esaterako, gurasoek ez digute esaten nola egin behar ditugun gauzak edo nola egon behar dugun». Hori bai, arauak badituztela nabarmentzen dute: «Alkoholik eta drogarik ezin da kontsumitu, adibidez. Bestalde, astegunean 21:00etatik aurrera ezin da musika altu jarri eta asteburuetan 23:30ak arte dago jarrita muga; bestela, aldameneko bizilagunak molestatu egingo genituzke».

Gazte lokaleko zenbait kide, Eskola Txikien Festaren bezperan prestakuntza lanetan.

Herrian eragile

Gazteek herrian antolatzen diren ekimenetan ere parte hartzen dute. Horietako bat iraileko aste kulturala izan zen. «Pentsatu genuen diru pixka bat lortzeko zozketa bat egitea. Etxetik emandako produktuekin saski bat egin genuen, eta diru dezente lortu ahal izan genuen. Horrez gain, kalabaza batekin porra bat egin genuen: jendeak asmatu egin behar zuen kalabazaren pisua». Beste ekimenetako bat Emakumearen Egunean elkarren artean egindako jolasak izan ziren.

Berdintasuna ere jorratu dute Lahia Nahia elkarteak dinamizatuta, eta besteak beste, Beldur Barik egitasmoan parte hartu dute. Ekimenetako bat mural bat margotzea izan zen. «Orain mural hori lokalaren barruan dugu, baina atera ere egingo dugu kanpora, ikusteko jendeak ez garela bakarrik lokalean egonean egoten, lana eta ekimenak ere egiten ditugula».

Udalak uzten die lokala, eta ura eta argia ordaintzen die. «Eskertzen diogu udalari ematen diguna eta horrela jarraitu dezala eskatzen dugu. Gure aldetik, herrian egiten diren egitasmoetan udaletik parte hartzeko eskatzen digutenean, horretan saiatuko gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!